Abestia

Aritz Gorrotxategi
ARITZ GORROTXATEGI

Basque Country, 12 points' entzun uste izan nuen joan den astean Eurovision ikusi bitartean. Une batez, Euskal Herriak lehiaketan parte hartzen zuela irudikatu nuen. Baina berehala atera zitzaizkion sasiak eta arantzak nire ideiari. Hasteko, zer musika mota bidaliko genuke horrelako lehiaketa batera? Euskararen inguruko ehunka ekitaldietan (Kilometroak, Korrika...) kantatzen diren abesti jostalari tipiko horietakoa? Trikitia? Bertso-hopa? Txalapartarekin jotako zerbait? 'Eperra' bezalako iparraldeko doinu klasikoren bat? (begira zer ondo joan zitzaion Portugalgo ordezkariari orain bi urte abesti xume harekin...). Benito Lertxundiren itsas-balada bat? Itoizen revival bat? 'Bagoaz' lehiaketako abeslari hasiberri baten kanta melenga horietako bat? Zerbait gogorragoa, akaso? Adibidez, Lisabö edo Gatibu? Edo horda infantilizatu baten gozamena eragingo lukeen Pirritx eta Porrotxen tankerako kanta 'beti-alai' horietako bat, sukaldari kapelu eta guzti? Edo zerbait apurtzaileagoa: demagun, Sonakayrena bezalako nahasketa bitxi bat: flamenkoa eta euskara... Tira, azken aukera horri ezetz esan nion berehala. Begira zer gertatu zitzaion Remedios Amayari... Oraindik lemazain bila dabilela.

Zerbait herrikoiagoa beharko genuke, poperoagoa. Izaro bururatu zitzaidan, baina abeslari bizkaitarra eramanez gero, zer hizkuntzatan abestuko luke: euskaraz, gazteleraz ala ingelesez? Eta zergatik ez La Oreja de Van Gogh? Tira, kantaren hizkuntza erabakitzeko, bi hauteskunde eta lau zentsura-mozio beharko genituzke gutxienez. Eta zeri emango genioke lehentasuna, ikuskizunari, kalitateari, hizkuntza-politikari ala aldarrikapen politikoari? Bidegurutze latza. Gainera, imajinatu inork ez digula puntu bakar bat ere ematen. Gai izango al ginateke geure buruaz barre egiteko?

Temas

Euskera