540.000 euro kultura eta sorkuntza industriak bultzatzeko

Moda ere sartzen da KSI berritzaile programan kontuan hartzen zituen sektoreen artean. Argazkian, aurtengo Gipuzkoa de Moda-ko desfile bat./LUSA
Moda ere sartzen da KSI berritzaile programan kontuan hartzen zituen sektoreen artean. Argazkian, aurtengo Gipuzkoa de Moda-ko desfile bat. / LUSA

Eusko Jaurlaritzak zuzeneko hiru diru laguntza onartu ditu aste honetako Gobernu Kontseiluan, KSI Berritzaile programaren bitartez

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak zuzeneko hiru diru laguntza onartu ditu aste honetako saioan, eta guztira 540.000 euro banatuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) kultura eta sorkuntza industriak bultzatzeko, KSI Berritzaile 2018 programaren bitartez, Jaurlaritzako arduradunek iragarri dutenez.

Zehazki, laguntzetako bat 120.000 eurokoa da, eta Euskalit Bikaintasunerako Euskal Fundazioarentzat izango da, antolamendu-eredua eta enpresa-egituraren berritzea sustatzeko. Halaber, kultura eta sorkuntza industrien munduan teknologia berrikuntza bultzatzeko asmoz, Tecnalia korporazio teknologikoak 260.000 euro jasoko ditu, eta Vicomtech ikerketa zentroak 160.000 euro.

KSI Berritzaile 2018 programaren helburua da euskal kultura eta sorkuntza industrien arloko enpresekin lankidetzan aritzea, proiektu berrietarako aukera espazioak sortu eta garatzeko, jarduteko hiru ardatzetan: teknologia berrikuntza, antolamendu ereduaren berrikuntza eta enpresen finantza trebakuntza.

Programa sailen arteko lankidetzari esker egin daiteke (Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Lehendakaritza eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila). Ekimena Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Planaren ingurunean kokatzen da (Euskadi 2020 ZTBP), eta Tecnalia, Vicomtech eta Euskalit enpresek, besteak beste, haren hiru jarduketa ardatzen garapenean parte hartzen dute. Beraz, enpresa horiek euskal kultura eta sorkuntza industrietan kokatutako sektoreetako proiektu berriak garatzeko helburuaz eta ekimenaz lan egiten dute.

Jaurlaritzaren arabera, kultura eta sorkuntza industrien ikuspegi berritzailearen bidez, normalean kulturaren bazterrera egon diren sormenari lotutako diziplinak kultur arlora gehitzen dira, hala nola diseinua, arkitektura, moda, ikus-entzunezkoak, hizkuntzaren industriak edo bideo jokoak. Eremu horiek artearen eta industriaren arteko erdibidean daude.

RIS3 espezializazio adimentsuko euskal estrategiak EAEko hazkunde eta enplegurako balio erantsi handiko eremuak identifikatzen ditu, eta kultura eta sorkuntza industriak bertako lau aukera eremuetako bat dira.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos