35.000 ikasle inguruk ekingo diote Euskadiko 103 euskaltegietan

35.000 ikasle inguruk ekingo diote Euskadiko 103 euskaltegietan
Jose Mari López / DV

Eusko Jaurlaritzaren helburua da 2020-2021 ikasturterako doakoa izatea euskararen irakaskuntza B2 mailara arte, erakunde guztien dirulaguntzak baliatuz

Elisa Belauntzaran
ELISA BELAUNTZARAN

Donostiako Urrats euskaltegian ezagutzera eman da euskaltegien matrikulazio kanpaina berria. 'Euskararekin gehiago ahalko duzu' lelopean,luzatuko da aurtengo matrikulazio kanpaina, Euskal Autonomia Erkidegoan 103 euskaltegietara milaka herritar erakartzeko asmoz. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak 2019-2020 ikasturterako euskaltegien matrikulazio kanpaina berria aurkeztu du eta bertan azaldu duenez aurreko urteetako matrikulazio datuak berritzen badira, 35.000 ikasle inguruk ekingo diote euskara ikasteko edo bere gaitasuna hobetzeko erronkari.

Iragan 2018-2019 ikasturtean, 35.524 ikaslek eman zuten izena Euskal Autonomia Erkidegoko euskaltegietan, aurreko ikasturtean baino 856 ikasle gehiago (% 2,4 gehiago). Iazko ikasturtean matrikulatutako ikasleen % 66,6 emakumezkoak ziren, eta % 33,34 gizonezkoak. Ikasleen bataz besteko adina 38,61 izan zen. Ikasleen % 80ak euskaltegi pribatuetan eman zuen izena, eta gainontzekoek udal euskaltegietan. Ikasleen erditik gorak B2 (% 25,67ak maila hori gainditzeko eman zuen izena) eta C1 (% 27,99k maila hori gainditzeko erronkari ekin zion) mailetan eman zuen izena. «Kasuistika oso zabala bada ere, ikasleen ezaugarriak aldatzen ari dira. Gizartea euskaldundu den heinean, ikasleen maila altuagoa da eta askok euskara badakite, baina maila hobetu nahi izaten dute», azaldu du.

Bestalde, kanpainaren aurkezpenean aditzera eman dutenez 2019-2020 ikasturtean inoiz baino dirulaguntza gehiago izango dituzte ikasleek: Eusko Jaurlaritzak ikasleentzako dirulaguntzetara bideratutako aurrekontua % 37 igo du aurten (iaz % 44 igo zen). Helburua da erakunde guztien dirulaguntzak baliatuz 2020-2021 ikasturterako doakoa izatea euskararen irakaskuntza B2 mailara arte.

Zupiria sailburuarekin batera, gaurko ekitaldian izan dira Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea, Jokin Azkue HABEko zuzendaria eta Isidro Yoldi Urrats euskaltegiko zuzendaria, bai eta aldundietako, Donostiako Udaleko, EUDEL, UEMA eta euskaltegien munduko ordezkariak eta ikasleak ere. Nabarmendu dutenez, euskarari atea irekiz, herritarrek aukera berriak aurkituko dituzte: «lagun berriak, bizipen eta emozio berriak, kultur adierazpen berriak, aukera profesional berriak…». Erakunde eta euskaltegien ordezkariekin batera, prentsaurrekoan hitza hartu du Joyse Vitorino de Medeiros ikasleak.

Zupiria sailburuak azpimarratu du euskara ikastea dela herritar moduan «ahalduntzeko» beste modu bat: «'Euskararekin gehiago ahalko duzu' da aurtengo leloa, uste dugulako euskaraz hitz egiteko gai izatea herritar bezala ahalduntzeko beste modu bat dela. Eta hori euskara ikasteko bidea egin dutenek nabarmentzen dute. Euskara ikasiz, ikusezina zen mundu bat ikusgai bilakatzen da. Aisialdirako aukera berriak, komunikatzeko aukera berriak, gauzak ikusteko era ezberdin bat, musika gehiago, literatura gehiago, kultura gehiago, lagun berriak edota aukera profesional berriak agertzen dira. Euskara ikasteko urratsa ematea ahalmen berri bat betiko eskuratzea da: euskara bizitza guztirako inbertsioa da».

Era berean, Zupiria sailburuak eskertu nahi izan du euskara ikasteko urratsa ematen duten herritarren ahalegina. «1986tik 470.000 herritarrek eman dute izena EAEko euskaltegiren batean. Haien ezaugarriak, euskarekiko harremana, motibazioak eta esperientziak oso ezberdinak izan dira, baina guzti-guztiei eskertu behar diegu egindako ahalegina. Euskara ikasiz beste hainbat herritarrengana hurbiltzeko ahalegina egin dute eta gure gizartearen elkarbizitza sendotzen lagundu dute».

Gaurko aurkezpenean azpimarratu dutenez, EAEko euskaltegien sarea osatzen duten 103 euskaltegiek erraztasun guztiak eskainiko dizkiete ikasleei euskara ikasteko bidea ahalik eta erosoen egin dezaten. Hartara, euskaltegiek geroz eta erraztasun handiagoak eskaintzen dituzte ordutegien malgutasunari, teknologia berrien erabilerari eta ikaskuntza-epearen bateragarritasunari dagokienez. Horrez gain, erraztasun ekonomikoak inoiz baino nabarmenagoak dira. Azken urteotako bideari jarraituz, Eusko Jaurlaritzak ikasleentzako dirulaguntzetara bideratutako aurrekontua % 37 igo du aurten (guztira, 2.475.000 euro bideratuko ditu dirulaguntzetara), datorren ikasturterako doakotasuna lortzeko bidean.

Eusko Jaurlaritzak, halaber, % 2,2 areagotu du EAEko euskaltegien sareko zentroentzako dirulaguntzak (HABEk kudeatzen duen euskaltegien sarean EAEko 103 euskaltegiak daude). Guztira, 32.910.000 euro bideratuko ditu HABEk euskaltegiak laguntzera (20.760.000 euskaltegi pribatuentzat eta 12.150.000 euro udal euskaltegientzat), iaz baino 707.500 euro gehiago.