58. Durangoko Azoka abenduaren 6tik 10era izango da
Euskal kulturaren plazak jada 2023ko topaketarako datak aurreratu ditu
DV
Astelehena, 26 abendua 2022, 16:12
Bi urte berezi, arraro eta zailen ostean eztanda egin zuen Durangoko Azokaren 57. edizioak pasa den abenduaren 7tik 11ra eta enbata oraindik lasaitu ez denean euskal kulturaren plazak jada badu jomuga berria, ziurrenik sortzaile zein parte-hartzaileek guneetan barrena erositako egutegi berri horietan gorriz markatzeko datak. Durangoko Azokak sare sozialen bitartez jakinarazi duenez 2023ko abenduaren 6tik 10era itzuliko dira Landako gunera stand-ak, bertan sortzaile zein kulturzaleak udazkenean zehar aurkeztuko diren liburu, disko eta bestelakoez goza dezaten berriro.
Azken edizioaren aurkezpenean aurreratu bezala, eta leloan eta ekimenaren muinean zegoen «eztanda» egiteko asmo horri jarraipena emateko pandemia garaian bultzatutako hainbat ekimenekin ere jarraitu zuen «Zu non, han DA!» proiektuari esker. Hala, pasa den abenduaren 23a arte aurkezpen mordoa egin dira Euskal Herri osoko 150 saltokiren laguntzarekin.
2023an Durangoko Azoka abenduaren 6tik 10era izango da. #58DA pic.twitter.com/sfokiNQstG
Durangoko Azoka (@durangokoazoka) December 23, 2022
2022ko edizioaren balorazioan «aurreikuspenak beteta eta pozik» azaldu ziren antolatzaileak, bi urte zailen ostean «bost egunak oso jendetsuak eta giro onekoak» izan zirelako. Ezarritako erronka nagusietako bat gazteei espazio gehiago eta programazioa anitzagoa eskaintzea zen eta Ikasle Goizak eta Gazte EztanDA!-k helburuak bete dituztela iritzi zuten agerraldian. Salmenta aldetik ere oso onak izan ziren, hainbat parte-hartzailek nabarmendu zutenez. «Kulturzaleek aurrez aurreko Azoka lehenetsi dute erosketak egiteko», azaldu zuten.