2018ak kulturaren arlo guztietan eman duenari erreparatu dio Jakinek

Sustrai Colinak eta Izaro Ieregik idatzi dituzte testu nagusiak, begirada orokor bana ekarri dute Nora Alberbidek eta Alberto Barandiaranek, eta diziplinaka ere aztertu da urtea

Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira, Bilboko Arte Ederren Museoaren etapa berria, literaturgintzara iritsi diren ahots berriak, Berri Txarrak taldearen agurra... 2018. urtea oparoa izan da, gehientsuenak bezala, euskal kulturgintzaren arloan eta, ohi duenez, horri erreparatu dio Jakin aldizkariak, 2019.arekin batera iritsi den 229. zenbakian.

Ale berezi honek ikuspegi orokorra eta arlokakoa txertatu ditu, hamar lagunek osatu dutelarik kultur kronika: Sustrai Colina eta Izaro Ieregi sortzaileek idatzi dituzte testu nagusiak, eta laburrago jardun dute Alberto Barandiaran eta Nora Alberbide kazetariek. Diziplinaka, berriz: Maite Berriozabal bertsolaritzaz, Xabier Gantzarain arte plastikoez, Ines Arrue Unanue zinemaz, Oier Guillan antzerkiaz, Peru Iparragirre literaturaz eta Gorka Erostarbe musikaz aritu dira. Guztiak Txakur Gorria, Adur, Axpi, Dani Fano, Diego Pallés, Eider Eibar eta Paula Estevezen irudi-balantzeekin osatuta. Kultur kronikaz gain, Garazi Arrula Ruizek ere itzulpengintzari eta identitatearen auziari heldu dio Gaiak atalean.

Bi testu nagusiei dagokienez, Izaro Ieregi artistak, 'Gorpuzkera anormalak, behartuak eta groteskoak' izenburuko artikuluan, gorputza abiapuntu hartuta osatu du kultur kronika. Zenbaki bereziaren berri emateko Jakinek zabaldu duen oharrean irakur daitekeenez, «gorputza da ikuslearengana beste subjektibotasun posibilitate batzuk daramatzan bidea. Eta subjektibotasun hori kritikoagoa da, erlazionalagoa, arriskugarriagoa eta gorpuzdunagoa, makurtuagoa eta zaurgarriagoa». Hartara, kronika osatzeko 90eko hamarkadatik hona «gorputzetik pentsatu eta jardun duten» artisten lan batzuk hautatu ditu Ieregik: Itziar Okariz, Ana Laura Alaez, Maria Muriedas, Dani Llaría...

Kultura eta identitatea nola eraikitzen den hausnartu du Sustrai Colina kazetari eta bertsolariak 'Kultura eguneroko bizitza delako' testuak. «Botere harremanetan nola korapilatzen garen aztertu du urteko gertakariei lotuta», dio oharrak. Izan ere, «inor ez dago gizarte-konbentzioetatik salbu, ispiluan islatzen dugun irudiaren morroi» garelako. «2018an ere kontakizun ofizialek ez dituzte ñabardurak maite, biribildutako istorioari ertzak topatzea boterea kolokan jartzea da». Horregatik, «egunero autodeterminatzeko borrokatu ahal izatea eskutan dugun altxorra» dela dio Colinak.

Begirada orokor bi ere ba dira, Nora Arbelbide eta Alberto Barandiaran kazetarienak. Alberbidek euskal eta frantziar kulturaren arteko talkez eta zapalketez jardun du bere artikuluan, euskal kulturak jasotzen duen gutxiespena salatzeko. Barandiaranek, aldiz, urtean zehar irakurritako liburuetara jo du 'Oreina' filmaz, Euskaraldiaz, Euskararen historia liburuaz zein bestelako proposamenez aritzeko.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos