Eta etorkizuna ziurtaturik ez duen hizkuntza batean idatziko bazenu?

Amaia Apalauza, Xabier Paya, Anjel Lertxundi eta Harkaitz Cano aurkezpenean./
Amaia Apalauza, Xabier Paya, Anjel Lertxundi eta Harkaitz Cano aurkezpenean.

Donostia 2016k eman zion 'karta zuria' baliatuz, hizkuntza ez-hegemonikoetan ari direnen larruan jartzeko eskatu zien Lertxundik hainbat idazle eta itzultzaileri. 'Demagun ehun urte barru' liburua da gogoeta haren emaitza

EL DIARIO VASCO

Karta zuria jarri zuen Anjel Lertxundiren esku Donostia 2016k, Europako Kultur Hiriburutzari nahi zuen ekarpen kulturala egin ziezaion. Berak karta zuri hori baliatu zuen zenbait idazle eta itzultzaileri galdetzeko ea zer gertatuko litzatekeen hizkuntza ez-hegemonikoetan, etorkizuna ziurtatuta ez duten hizkuntzetan, alegia, lan egin beharko balute. Ariketaren emaitza EIZIEk eta Donostia 2016k argitaratu duten 'Demagun ehun urte barru liburua da, astearte honetan Donostian aurkeztu dena. Aurkezpenean parte hartu dute EIZIEko Amaia Apalauzak; DSS2016ko Xabier Payak, Anjel Lertxundi eta Harkaitz Canok. Ostegunean, maiatzak 11, Tabakaleran egingo da jendaurreko aurkezpena, 18:30ean.

Lertxundik sei idazle eta itzultzaile gonbidatu zituen iragan abenduan hizkuntza ez-hegemonikoetako literaturaren eta haren etorkizunaren inguruan gogoeta egitera, globalizazioaren eraginpean dagoen testuinguru kulturalean. Asteazken honetan aurkeztu den liburuan, Witold Gombrowicz idazle poloniarrak 'Hemendik ehun urtera, artean gure hizkuntza existitzen bada' esaldian laburbildu zuen kezkatik abiatuta gauzatu zen esperientzia haren emaitza jaso dute.

Aurkezpenean, Lertxundik onartu du bere lanabes duen euskararen inguruko ziurgabetasuna dela duen kezka nagusietako bat. Kezka hori konpartitzeko gonbidatu zituen hain zuzen Donostiara tradizio literario handia duten hizkuntzetako hiru idazle eta beste horrenbeste itzultzaile. Idazleak izan ziren gaztelaniaz lan egiten duen Javier Cercas; frantsesez idazten duen Marie Darrieussecq eta alemanez aritzen den Raul Zelik. Itzultzaileak, berriz, idazle austriar eta hungariarren lanak itzuli ohi dituen Adan Kovacsics; alemanezko literaturaren klasikoen itzultzailea den Miguel Sáenz eta Karlos Cid, txekiera-euskara itzultzailea, izan ziren.

Imajina ezazue

Honakoa esan zien Lertxundik: «Imajina ezazue zeuen burua tradizio literario urriko hizkuntza bateko idazle edo itzultzaile gisa. Oso eskergarria genuke zuen ikuspuntua, interesgarria zaigu jakitea nola kokatuko zenuketen zeuen lana gure gaurko munduan -gure tokian jartzeari inolako zentzurik ikusiko zenioketen kasuan, jakina-, eta, batez ere, guretzat perspektiba interesgarri asko zabaltzen dituen talaia litzateke honakoa: zuen ustetan halako egoera batek zer eragin izango luke zuen idazkuntzan? Lanbide zenuketen hizkuntzaren destino lausoa zer-nolako zama izango litzateke zuen literaturarentzat?».

2016ko abenduaren 12an eta 13an egindako topaketetako iritzi-trukearen ondoren, bakoitzak bere inpresio eta bizipenak jaso zituen liburua osatzen duten testu banatan. Idatzi guztiak euskaraz eta gaztelaniaz jaso dira; jatorrizko frantsesez eta alemanez ere bai Darrieussecq eta Zelikenak. Javier Cercasek ¡Katalanezko idazlea banintz' (jatorrizko izenburua: 'Si yo fuera un escritor en catalán'; Gerardo Markuletaren itzulpena euskarara) idatzi zuen; Karlos Cidek 'Azken mamu gorri zoriontsua' (Cidek berak itzuli du bere testua gaztelaniara); Marie Darrieussecqek 'Euskara, Mekong, zuluak eta ni' (jatorrizko izenburua: 'La langue basque, le Mékong, les Zoulous, et moi'; Joxan Elosegiren itzulpena euskarara eta Jon Muñozena gaztelaniara); Adan Kovacsicsek 'Zertzelada apokaliptikoak' (jatorrizko izenburua: 'Pinceladas apocalípticas'; Bego Montorioren itzulpena euskarara); Miguel Sáenzek 'Ghost in Translation. Itzulpenaren mamua' (jatorrizko izenburua: 'Ghost in Translation. El fantasma de la traducción'; Koro Navarroren itzulpena euskarara) eta Raul Zelikek, berriz, 'Mamu izoztua-Bidaia izotzerantz' (jatorrizko izenburua: 'Mamu izoztua-Reise ins Eis'; Petra Elser eta Edorta Mataukoren itzulpena euskarara eta gaztelaniara)

Sei testu horiez gain, Anjel Lertxundiren eta Harkaitz Canoren saio bana biltzen ditu liburuak. Liburuari izena ematen dion 'Demagun ehun urte barru' da, hain zuzen, Lertxundiren lanaren izenburua eta 'Agente bikoitz baten aitorpenak' Canorena (Gerardo Markuletak gaztelaniaratua: Confesiones de un agente doble).

Jendaurreko aurkezpena

Maiatzaren 11n, osteguna, liburuaren aurkezpen-ekitaldia egingo da Kutxa Fundazioaren Ruiz Balerdi Aretoan (Tabakalera, 4. solairua), arratsaldeko 18:30ean. Liburuan jorratzen diren gaiei buruz arituko dira Anjel Lertxundi eta Harkaitz Cano, Xabier Olarra eta Koro Navarro itzultzaileekin batera. Itzultzaile biek dute ibilbide luze eta oparoa literatur itzulpengintzan, eta bien lanek izan dute itzulpengintzako Euskadi Sariaren aitortza. Navarrok liburuan jasotako testuetako bat itzuli du, Miguel Sáenzena hain zuzen ere, eta Olarrak jardun du argitalpenaren edizio lanetan. Mahai-ingurua, euskara hutsean, Goizalde Landabaso kazetariak moderatuko du. Sarrera dohakoa izango da.