Espainiako Zinematekak 'Kalebegiak' proiektatuko du ostegun honetan, Madrilen

Julio Medemek zuzendutako atalari dagokion irudia./
Julio Medemek zuzendutako atalari dagokion irudia.

Donostiaren «erretratu bat» egiten du, «bizikidetzaren ispiluaren bidez erakutsia»

EL DIARIO VASCO

Espainiako Zinematekak 'Kalebegiak' filma proiektatuko du ostegun honetan, maiatzaren 4an, Madrilgo Doré zinema aretoan. Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren eta Moriarti Produkzioak ekoiztetxearen produkzioa da 'Kalebegiak', eta Donostiaren "erretratu bat" egiten du, "bizikidetzaren ispiluaren bidez erakutsia". Zinemako profesional ezagunek eta tokiko promesa gazteek hartu zuten parte proiektuan.

Donostia 2016k gogoratu duenez, apirilean Nanteseko Zinema Espainiarreko jaialdiari "amaiera bikaina" eman zion 'Kalebegiak' filmak, eta ostegun honetan, 21:30etik aurrera, "Espainiako zinemagintzaren tenpluetako batean" proiektatuko da. Gainera, filman parte hartu duten zenbait profesional ospetsu zinematekara gerturatuko dira, besteak beste, Imanol Uribe eta Borja Cobeaga.

'Kalebegiak' nazioarteko hainbat zinema jaialditan izan da ikusgai, hala nola AEBetako Key West Film Festival, Herbeheretako Nijmegen Film Festival edo Erresuma Batuko ¡Viva! Spanish & Latin American Festival jaiadietan.

'Kalebegiak' proiektu kolektiboa da, Donostian kokatutako edo inspiratutako 12 istorioz osatua. Zinemagile hauek hartu dute parte: Koldo Almandoz, Asier Altuna, Luiso Berdejo, Daniel Calparsoro, Iñaki Camacho, Las chicas de Pasaik (María Elorza eta Maider Fernández Iriarte), Borja Cobeaga, Telmo Esnal, Isabel Herguera, Ekain Irigoien, Julio Medem, Izibene Oñederra, Gracia Querejeta eta Imanol Uribe.

"Aipatutako zinemagileen eskutik hirian barrena ibiliko gara, donostiarren alboan. Hamabi zatiokin osatu da pantailan hain ondo ematen duen Donostiaren erretratua", adierazi dute Donostia 2016tik.

Gainera, belaunaldi desberdinetako profesionalak bildu dira, eta grabaketa bakoitzeko parte hartzaileen erdia gutxienez proiektuaren ideia sortu zen Larrotxene Kultur Etxeko ikasleak dira. Donostia 2016 eta Moriarti Produkzioak talentu berriari balioa ematen ahalegindu dira, eta zinemagile gazteei aukera eman diete Imanol Uribe, Julio Medem, Gracia Querejeta eta Daniel Calparsoro eskarmentu handikoekin batera proiektu berean aritzeko. Dokumentala, animaziozko zinema eta fikzioa baliatu dira proiektuan. Hala, estilo aniztasuna nahita bilatu da, bai eta proiektu aberasgarriagoa lortu ere.