Borrar
Bertsolariak, larunbatean bertsozaleak egongo diren tokian.
Zortzi finalistak, Anaitasunan

Zortzi finalistak, Anaitasunan

Larunbatean Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finala jokatuko duten bertsolariak Iruñeko kiroldegian elkartu dira

El Diario Vasco

Martes, 4 de abril 2017, 11:06

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Iruñeko Anaitasuna kiroldegira itzuliko da datorren larunbatean, apirilak 8, 43. ediziora heldu den Nafarraroako Bertsolari Txapelketa, finala bertan jokatzera. Han jokatu zen azkena 2013koa izan zen, 2015ekoa, erakundeen aldetiko babes nahikoaren faltan, Elizondon egin zelarik. 2017 honetan, baina, behar bezainbesteko babesa eta bultzada jaso du Nafarroako Bertsozale Elkarteak nafar erakundeen aldetik Anaitasunara itzultzeko.

Nafarroan egiten den euskarazko kultur ekitaldirik esanguratsuenetako bat izan ohi da Bertsolari Txapelketako finala, eta hala izango da aurtengoan ere, noiz eta 20. Korrika Iruñean amaitu bezperan... Giro horretan ariko dira, 17:00etatik aurrera, zortzi finalistak: Julio Soto Ezkurdia (Gorriti, 1987); Xabi Maia Etxeberria (Elizondo, 1981); Eneko Fernandez Maritxalar (Lesaka, 1977); Eneko Lazkoz Martinez (Etxarri Aranatz, 1983); Aimar Karrika Iribarren (Auritz, 1988); Ander Fuentes Itturri (Zubieta, 1979); Xabier Terreros Gartzia Terre (Lesaka, 1981) eta Julen Zelaieta Iriarte (Bera, 1980).

Aurten, orain bi urteko finalean bezala, ez dago emakumerik azken saioan, baina txapelketa honetan zein historian zehar Nafarroan bertsotan aritu den emakumeek izango dute ohorezko tokia oholtzan, Luzia Goñi 89 urteko Aizarozko bertsolariak jarriko baitio txapela irabazleari.

Txapela ez da ordea jokoan izango den sari bakarra. Udazkenean abiatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusian ariko diren bost nafar ordezkariak nortzuk diren zehazteko ere balioko du finalak: lehen bost sailkatuek Txapelketa Nagusian parte hartzeko eskubidea izango dute.

Nafarroako 43. Bertsolari Txapelketa otsailaren 18an abiatu zen, Tafallan. Ordutik, zortzi plazatan gelditu da (Tafalla, Auritz, Lakuntza, Irurita, Uharte, Bera, Antsoain eta Agoitz), 1.500 entzule inguru bilduz. Ipar, hego, mendebalde eta ekialde, bertsolaritza Nafarroako bazter ugaritara eramateko apustua egin du aurten Nafarroako Bertsozale Elkarteak, arrakastaz. Hori guztia ez litzateke posible bertsolaritzaren inguruan lanean ari diren gai-jartzaile, epaile, eta hamarnaka bolondresen ekarpenarik gabe, adierazi dute.

35 bertsolarik eman dute aurten txapelketan izena, inoizko kopuru handiena. Lehen aldiz parte hartzen zuten bederatziek kanporaketa jokatu zuten iazko abenduan Iruñean, eta lauk egin zuten han aurrera. Ondorioz, 30 izan dira azkenean txapelketan parte hartu dutenak. Behin final-laurdenak eta finalaurrekoak jokatuta, aipatu zortziak dira finalean izango diren bertsolariak, txapelaren lehian.

18 euroko prezioa dute sarrera arruntek, eta 12 eurokoa 16 urtetik beherakoen eta Bertsozale Elkarteko bazkideen sarrerek. Nafarroako zenbait zuzeneko salmenta puntutan ez ezik, ondorengo bideetatik eskuratu daitezke: www.bertsosarrerak.eus atarian, larunbat goizera arte eta larunbatean bertan, Anaitasunako leihatiletan, 11:00etatik 13:30ak arte, eta 15:00etatik 17:00etara.

Anaitasuna Kiroldegiko ateak 16:00etan irekiko dira. Nafarroako Bertsozale Elkarteak denborarekin joateko gomendioa egin nahi du, jende asko batuko garelako, eta azken orduan trabarik egon ez dadin.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios