Euskara sustatzea helburu duten proiektuei laguntzeko dirua

Iaz euskararen aldeko proposamenetarako diru kopuru bera onartu zen, 979.200 euro, 134 egitasmora bideratu zutena

EL DIARIO VASCO

Iaz diru kopuru bera onartu zen eta, guztira, 134 egitasmo diruz lagundu ziren deialdiaren bitartez. Proiektu gehienak (%75 baino gehiago) esparru ez formaletan euskararen erabilera areagotu eta sendotzeko egitasmoak izan ziren, bereziki aisialdian garatzen direnak, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi duenez.

Deialdiak zazpi multzo ezberdinetan kokatzen diren proiektuak laguntzen ditu. A multzoan esparru ez formaletan euskararen erabilera areagotu eta sendotzeko egitasmoak daude, bereziki aisialdian garatzen direnak. Haur eta gazteei zuzendutakoak lehenetsiko dira. B multzoan sartzen dira euskaraz ez dakiten euskal herritarrak eta etorkinak euskarara hurbiltzeko helburua duten jarduerak eta egitasmoak, eta C multzoan euskararen familia bidezko transmisioa sendotzea helburu dutenak.

Halaber, D multzoak euskararen ondareari buruzko informazioa jaso, gorde edota digitalizatu eta hedatzea helburu duten egitasmoak biltzen ditu. Gehienez hiru lagunduko dira, puntuazio altuena lortzen dutenak. E multzoan euskarari zuzenean lotutako alderdiak aztertzea helburu duten jardunaldiak jaso dira. Gehienez zazpi egitasmo lagunduko dira, puntuazio altuena lortzen dutenak.

Gainera, euskalgintzan ibilbide oparoa izateagatik nabarmendutako pertsonak edo elkarteak omentzeko egitasmoak (gehienez bi egitasmo lagunduko dira), eta euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea helburu duten egitasmoak, irakurketa eta idazketa trebetasunak garatze aldera buruturiko jardunak, sariak, lehiaketak, idazleen eta irakurleen arteko topaketak eta literatura gidak (gehienez zazpi) ere lagunduko dira.

Euskarazko hedabideak bultzatzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritzak euskararen erabilera soziala bultzatzeko diru laguntzen aurtengo deialdia argitaratu du. Guztira, 2.580.570 euro bideratuko dira hizkuntza sustatzera, prestakuntza eta tokiko planak sostengatzera eta euskarazko hedabideak bultzatzera.

Bestalde, hizkuntzaren erabilera indartzeko lanean diharduten elkarte, erakunde eta norbanakoek jaso ahalko dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hizkuntza Berdintasuneko laguntzak, Imanol Lasa foru erakundearen bozeramaileak astearte honetan jakinarazi duenez, guztira 2.580.570 euro izango direnak.

Azaldu du Gipuzkoa "ezberdintasun ahalik eta txikienak" dituen lurraldea izateko lanean ari dela Aldundia, eta, bide horretan, ekonomia, gizarte eta genero alorretan egiten ari den ahaleginaren ildotik, hizkuntzaren esparruan ere "apustu sendoa" egin du.

"Berdintasun hori modu praktikoan gauzatu ahal izateko, ezinbestekoa da euskararen erabilera bultzatzea, hau da, euskararen arnasgune bezala ezagutzen diren horiek indartu eta zabaltzea, herritarrek euskara erabili ahal izan dezaten informatzeko, aisialdirako, eguneroko lanerako eta bizitzarako", azaldu du.

Deialdi honetara eskabideak egiteko aukera izango dute euskara sustatzeko proiektu eta jarduerek, lantokietan prestakuntza aldiak euskaraz egitea, euskararen erabilera soziala normalizatzeko tokiko planak, itzulpen praktikak egiteko bekak, Gipuzkoan euskaraz emititzen duten toki telebistak, informazio eta komunikazio teknologiak erabiliaz edukiak euskaraz hedatzeko proiektuak, Gipuzkoan euskaraz emititzen duten irratiak, euskarazko aldizkako argitalpenak eta euskarazko toki hedabideen esparruko lankidetza proiektuak.