100. zenbakiarekin batera, erreleboa 'Uztaro' aldizkariaren zuzendaritzan

Gidor Bilbao eta Jokin Apalategi, asteartean Bilbon egin zen ekitaldian./
Gidor Bilbao eta Jokin Apalategi, asteartean Bilbon egin zen ekitaldian.

1990 urteaz geroztik euskal produkzio zientifikoaren bilgune izan den aldizkariaren arduraren lekukoa Gidor Bilbaori pasatu dio Jokin Apalategik

EL DIARIO VASCO

100. zenbakira heltzearekin batera, zuzendari aldaketa izan du 'Uztaro' giza eta gizarte-zientzietako aldizkariak, eta Gidor Bilbao Telletxeari pasatu dio lekukoa , sorreratik bertatik aldizkariaren zuzendari izan den Jokin Apalategi Begiristainek.

1990 urteaz geroztik euskal produkzio zientifikoaren bilgune izan den aldizkaria zenbaki biribilera heldu dela ospatzeko ekitaldia egin zuen asterte iluntzean UEUk Bilboko Kafe Antzokian, eta ekitaldi horren baitan gauzatu zen erreleboa.

Aldizkaria giza eta gizarte-zientziei buruzko artikuluak euskaraz argitaratzeko helburuarekin sortu zen, eta helburu horri eusten dio, garaiak dezente aldatu badira ere. «Giza eta gizarte-jakintzetan geroz eta uzta gehiago sortzen da artikuluen neurriko, eta nahiz eta euskal letren munduan aldizkaririk egon horietariko batzuri tokirik eskaintzeko, anitz, inolako argitalpen ahalik gabe, zokoraturik gelditzen da. Eta egoera honi tamala deritzogu gure letran argitalpen-kopurua murritza baino murritzagoa denean. 'Uztaro', bada, lehen-lehenik, UEUren karietara beroren partaide desberdinek giza eta gizarte-jakintzen alorrean aurkeztutako entsesioetatik (nola ikerketa hala dibulgazioa) abiatuko da». Halaxe zioen Jokin Apalategi Begiristain zuzendariak 0. alean.

27 urte geroago 100. zenbakia kaleratuko du 'Uztaro'-k. Denbora tarte horretan 500 artikulu baino gehiago argitaratu dira (ekonomia, zuzenbidea, psikologia, pedagogia, filosofia, kazetaritza, soziologia, soziolinguistika, linguistika, glotodidaktika, literatura, itzulpengintza, ikasketa klasikoak, artea, musika, historia zein geografia arlokoak) eta 773 lagunek parte hartu dute proiektuan.

Egindako bideaz gustura, baina era berean momentu egokia iruditu zaio bere zuzendari ardurari agur esateko. Bere esanetan, «bizitzaren arlo guztietan bezala honetan ere lekukoa pasatzen asmatzea garrantzitsua da. Gauzak ongi doazenean, ongi agertzen direnean, ordezkatzea egin behar da» eta, beraz, belaunaldi berrien esku utzi du aldizkaria. «Gu geu ez bezala prestaturik daude. Jakitun dira jokoan dauzkagun helburuak zeintzuk diren eta bat-batean eman daitezkeen ezusteak agertzen bazaizkie ere, gainditzeko kemena izango dutelakoan nago. Baldintza guztiak betetzen dira erreleborako. Aurrera bada!». UEUk ekitaldia baliatu zuen halaber Jokin Apalategiri omenaldia egiteko.

Belaunaldi berrien izenean Gidor Bilbao Telletxeak (Bermeo, 1965) hartu du zuzendari ardura. UEUkidea da bera eta orain arte 'Uztaro'-ren erredazkio kontseiluko kidea izan da. Filologia Klasikoan doktorea(UPV/EHU) eta irakaslea da Bilbao, baita Mikel Laboa katedraren laguntzailea ere. UPV/EHUko Euskara eta Eleaniztasuneko errektoreorde ere izan zen. Euskaltzain urgazlea ere bai.

 

Fotos

Vídeos