Zaborrari buruzko antzezlana

Txino eta Joserra Fachado/
Txino eta Joserra Fachado

Joserra Fachadok 'Errefusa' estreinatuko du larunbatean Donostiako Gazteszenan

EL DIARIO VASCO

Joserra Fachadok helduentzako antzezlana estreinatuko du larunbatean 20:00etan Donostiako Gazteszenan: 'Errefusa'. Izenburuak aditzera ematen duen bezala, zaborraren kudeaketari buruzko lana da eta «ikusleen artean gogoeta piztea» du helburu.

«Nork esan behar zigun, herri honetan gertatu den guztiaren ostean, hondakinen inguruan eztabaidatzen amaituko genuela. Nire asmoa hausnartzeko pieza bat sortzea da. Eta antzezlan honek eztabaida pizteko balio izatea gustatuko litzaidake», adierazi du aktore donostiarrak. Berak idatzi du testua, berak diseinatu du dramaturgia eta bera da oholtzan agertuko den aktore bakarra.

Errealitatea eta fikzioa nahasten duen antzezlan honetan, atez ateko sistemaz, bosgarren kontenedoreaz, erraustegiaz eta birziklapenaz hitz egiteaz gain, pertsonez hitz egiten omen da. Ideologia, sentimendua eta jarrera ezberdinak dituzten biztanleez hitz egiten saiatu da Fachado.

Esan bezala, oholtza gainean aktore bakarra agertuko da, saxofonista batekin lagunduta; baina aktore horrek pertsonaia asko gorpuztuko ditu, tartean elkarrizketak, bakarrizketak, poesiak eta musika egongo direlarik.

Saxofoi-jolea Txino da, eszenografiaz Marisa Egaña arduratu da eta kartela Sebas Legardak egin du.