Otsailaren 9an abiatuko da Korrika Kulturala

Gasteizko Europa Jauregian egin den aurkezpenaren argazkia./
Gasteizko Europa Jauregian egin den aurkezpenaren argazkia.

Gasteizen emango diote hasiera Kepa Junkerak eta Sorginek estreinaldi ugari ekarriko dituen kultur birari

EL DIARIO VASCO

Gazteizen aurkeztu dute asteazken honetan Korrikaren XX. edizioaren atarian egingo den Korrika Kulturala, bertako Europa Jauregian abiatuko dena otsailaren 9an, Kepa Junkerak eta Sorginek eskainiko duten kontzertuarekin.

Asier Amondo Korrika arduradunak eman du Korrika Kulturalaren berri. Horren bitartez, euskal gizarteari Korrikan zehar egiten duen «esfortzuaren eta lan militantearen atal txiki bat» eskaini nahi diote bueltan. Hori egiteko modurik onena euskal kultura sustatzea dela esan du Amondok. Gainera, Korrika Laguntzaile txartela dutenek % 10eko deskontua izango dute Korrika Kulturalaren emanaldietan.

Esan bezala, otsailaren 9an hasiko da Korrika Kulturala Gasteizen, Kepa Junkerak eta Sorginek emango duten kontzertuarekin. Antzerkia, bertsoak eta dantza ere izango dira. Hortik aurrera, ekitaldi ugari egingo dira herriz herri, eta estreinaldiak ere ugariak izakgo dira. Data eta emanaldien berri zehatza izateko sakelakoetarako aplikazioa prestatu dute.

Estreinaldien artean, Kepa Junkera & Sorginak taldearen 'Maletak' ikuskizunaz gain, bestelako emanaldiak ere izango dira Korrika Kulturalean: Mikel Martinez eta Patxo Telleriak osatutako bikote artistikoak (Tartean Teatroa), zenbait musikarirekin bat eginda, 'Ez dok hiru! Euskal musikaren benetako istorioa' errepasatuko dute taula gainean. Azken edizioetako arrakasta errepikatu nahi dute Bertsokorrika bertsoemanaldi sortarekin, Bertsozale Elkartearekin elkarlanean; Kukai dantza-taldeak ikusentzunezkoa eta dantza nahastuko dituen emanaldia prestatu du, 'Oskara plazara' izenekoa; Beatriz Egizabal ipuin-kontalariak eta Ane Labaka bertsolariak 'Erradikalak gara' ikuskizuna ekarriko dute; eta, nola ez, Pirritx Porrotx eta Marimotos pailazoen 'Tipi-tapa, Korrika!' ikuskizun koloretsua ere bermatuta dago.

Korrika Kulturalaren agenda guztia bilduko duen sakelakoetarako aplikazioa ere aurkeztu dute agerraldian. Agendaz gain, 20. Korrika uneoro non dagoen jakiteko aukera ere emango du, geolokalizazioari esker. Akting enpresak garatu du, iOS eta Android gailuetarako.

Otsailaren 11n Korrikaren urtemuga-festa ospatuko dutela gogoratu du Amondok, eta euskaltzale eta Korrikazale guztiak Ficoba erakustazokara joatera gonbidatu ditu. Izen-ematea korrika.eus webgunearen bitartez egin daiteke. Kepa Junkeraren emanaldiarekin amaitu dute Korrika Kulturala aurkezteko agerraldia.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos