Lau Behi taldearen legatua

Lau Behi, 1994ko argazkian./
Lau Behi, 1994ko argazkian.

'Onenak' diskoa eta otsailaren 5ean Donostian emango duten kontzertua izango dira 90eko hamarkadan aritu zen taldearen azken ekarpena

EL DIARIO VASCO

Lau Behi taldeak ez zuen ibilbide luzea izan. 1990eko hamarkadaren bigarren erdian jardun zen Mikel Azpirozek (ahotsa, gitarra, teklatuak), Alberto Boschek (ahotsa, baxua), Txenan Calvok (gitarra), eta Juanra Etxaburuak (bateria) 1994an sortu eta osatutako talde donostiarra. Dezenteko sona zuen ordurako 'Donosti Sound' izenarekin bataiatu zuten mugimenduak, eta Aventuras de Kirlian, Le Mans edota La Buena Vida taldeen popak Donostiara begira jarri zituen musika zale asko. Laukoteko kideak ere zenbait taldetan ibiliak ziren Lau Behi sortu aurretik, eta beste batzuekin alderatuta bazituzten bi berezitasun: euskaraz abesten zuten, eta gehiago jo zuten, hasieran batik bat, bluesaren eta rockaren bidetik. Badok euskal musikaren atarian aurki daiteke haien ibilbidearen berri zehatzagoa.

Aspaldian elkarrekin aritu gabeak izan arren, elkarrekin itxiko dute behin betiko taldearen ibilbidea. 2016ko udazkenean 'Onenak' bilduma argitaratu zuten, taldea desegin eta gero musikan bide oparoena egin duen Mikel Azpirozek sortutako Mamusik disketxeren eskutik. Bertan bildu zituzten aurreko diskoetako hainbat kantu, eta propio sortutako bi berri.

Hasiera batean, iazko azaroan ziren diskoa zuzenean aurkeztekoak Donostiako Victoria Eugenia antzokian, baina gitarra-jotzaileak eskumuturra hautsi izanak kontzertua atzeratzera behartu zituen. Azkenean, otsailaren 5ean elkartuko dira, areto berean, diskoaren aurkezpen-kontzertu bakarra eskaintzeko eta, diskoarekin eta emanaldiarekin, askoren gogoan dagoen taldearen legatu halakoa uzteko. Sarrerak honezkero salgai dauzka Donostia Kulturak, baina xehetasun guztiak astearte honetan emango dituzte taldeko kideek Victoria Eugenian bertan egingo duten agerraldian.