Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
Beatriz Fernández
Euskara eta gaztelania ez dira horren desberdinak

Euskara eta gaztelania ez dira horren desberdinak

'Euskera para castellanohablantes' dibulgazioko liburua argitaratu du Ereinen eskutik Beatriz Fernández hizkuntzalariak

n. azurmendi

Martes, 29 de noviembre 2016, 12:38

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Beatriz Fernández UPV/EHUren Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak saileko irakaslea da. Lan eta artikulu zientifiko asko idatzi ditu, euskaraz eta ingelesez gehienbat, baina dibulgazio zientifikoaren alorrean koka daitekeen lehen liburu hau idazteko gaztelania aukeratu du; etxeko hizkuntza, ama hizkuntza. Besteak beste, «familiarekin zor sentimentala kitatzeko», guraso eta aitona-amona erdaldun elebakarrei esker baita bera euskalduna. «Bizitza eman zidaten haiek aldi berean bi hizkuntza eman zizkidaten, bata eurena, gaztelania, eta bestea lurrarena, euskara». Noiz eta «beste pertsona batzuekin batera, horietako asko gazteleradun elebakarrak, Bihotz Gaztea ikastola sortu zutenean Santurtzin hirugogeiko hamarkadan», eta hara eraman zutenean, umetatik euskaldun bilakatuz. Heliodora Pedrosa amonari eta Antonio Fernández aitonari, «que vinieron y se quedaron», María del Carmen Fernández amari eta Edelmiro Fernández aitari, «que me dieron su lengua y la lengua de la tierra», eskaini die liburua.

'Euskera para castellanohablantes' -ek espresuki adierazten du izenburuan nori zuzendua den: gazteleradunei, hots, Hego Euskal Herriko biztanle guztiei, denak direlako gazteleradun, eta denek ikasi eta gozatu ahal izango dutelako publiko zabalari zuzendutako lanarekin. Hain zuzen ere, irakurleak ez du zertan hizkuntzalari izan liburua irakurri eta arazorik gabe ulertzeko; gaiaren inguruko jakin-min pitin bat bat nahikoa da orrialdeetan zehar aurki daitezkeen eragozpen txikiak gainditzeko.

Zentzuzko antzekotasunak

Liburua, argitu du egileak, ez da euskara ikasteko metodo bat. Baina balio du, asko gainera euskara (eta gaztelania) hobeto ezagutzeko. «Itxuraz pentsa litekeenaren kontra, euskara eta gaztelania bezalako hizkuntzek, oso ezberdinak diruditenek, bata bestearen antz handia dute» oinarrizko ideiaren gaineran eraiki du Beatriz Fernándezek literaturaz, zinemaz eta umorez zipriztindutako liburua.

Gaiari azaletik erreparatu beharrean, hizkuntzen muinean murgildu da Fernández, eta hantxe aurkitu ditu zentzuzko antzekotasunak. «Euskarari eta gaztelaniari buruz diodan hau beste edozein bi hizkuntzari buruz esan nezake» aitortu du «inor ez engainatzeko», azken batean edozein hizkuntza natural «ausaz aukeratu genezakeen beste edozein hizkuntzaren antzekoa» baita, «biak dira-eta jaiotzezko gizagaitasun bera eta unibertsalaren adierazgarriak».

Ikuspegi horretatik begiratzen dio hizkuntzari Beatriz Fernándezek. Hortaz, ez du uste hizkuntzek islatzen dutenik mundua ikusi, irudikatu eta kontatzeko modu jakin eta berariazko bat. «Ez dago korrelaziorik hizkuntzen ezaugarri formalen eta munduaren ikuskeraren edo nortasun kulturalaren ezaugarrien artean», esan zuen Inazio Mujika Iraola Erein etxeko editorea alboan zuela egindako aurkezpenean.

Euskarak eta gaztelaniak osatzen duten bikotea aukeratu du, baina, beste bikote posible askoren artean, eta horiek «deskribatu, aztertu eta konparatzen» ditu; esan bezala, zinemaren, literaturaren, legoen, sukaldaritzaren eta Sherlock Holmesen laguntzaz. Liburuaren tonua, eta horren zenbait osagai nagusi, primeran bildu ditu Antton Olariagak elementu enigmatiko samar bat ere baduen (aurki dezala irakurleak) azal bikainean.

Mamira bueltatuz, publiko zabalari azukre-pikor batzuekin goxatu dizkio filologo, hizkuntzalari eta gramatikoen artean tabernako solasetan baino ohikoagoak diren kontuak (solaskideak filologo, hizkuntzalari eta gramatikoak ez badira bederen). Amak azukre-uretan urtuta ematen zizkion aspirinak umetan, eta berak horrela eman nahi izan dio gramatika irakurleari.

Sintaxiaz arduratzen den hizkuntzalari honek oraingoan hizpide duen gramatika ez da arau-emailea, ez du finkatzen zer dagoen zuzen eta zer oker. Gramatika da, Beatriz Fernándezen ustez, hitzak diren Lego piezak ondo kolokatzen laguntzen duen jarraibide-sorta. Hala ere, ergatiboa, alokutiboa, inflexio nominala eta horrelakoak ere azaltzen dira liburuan, arintasunak ez baitakar ezinbestean arinkeria, baina azukre piska batekin ondo igarotzen dira eztarritik behera.

Euskararen eta gaztelaniaren arteko antzekotasun eta desberdintasunen inguruan jarduteko, alor ugari aztertu ditu Fernándezek. Agerikoenean, lexikoan, ez dago zalantzarik: diferentziak dira nagusi euskararen eta gaztelaniaren artean, bien arteko aspaldiko harremanaren eraginez elkarri hitz asko maileguan hartu eta eman badizkiote ere. Espezialista izan ezik aurreneko begi-kolpean antzematen ez diren kontuak ere aztertu ditu; esate baterako, hizkuntza batek eta besteak 'gauzak' ordenatzeko daukaten modua: non kokatzen den aditza, non subjektua, non osagarri zuzena... Hor ere nabarmenak dira aldeak, edo ez horrenbeste. Gaztelaniaz esaten da 'he comido manzanas', eta euskaraz 'sagarrak jan ditut'; hau da, 'manzanas he comido'. Horretan, «hizkuntza bat bestearen ispilu irudia da».

Isolatua eta berezia, tira...

Euskara heldutan ikasten dutenei buruhauste handiak ematen dizkiete, hasiera-hasieratik, deklinabideak eta euskal aditzaren flexioak. Ez bata ez bestea ez dira, ordea, horren arrarroak, ezta horren konplikatuak ere. Gaztelaniaz 'se los he' jarraian idatziko balitz, esaterako, 'dizkiot' ez litzateke 'seloshe' baino askoz ere arraroagoa izango. Beste horrenbeste esan zuen aurkezpenean, eta adibide asko erabilita argitzen du liburuan, 'con Jokin'-'Jokinekin' bikoteaz. Azken batean, 'Jokinekin' 'Jokin con' dela ulertzeak asko erraztu ditzake gauzak, baita euskara irakasteko eta ikasteko orduan ere. Nabarmendu ditu, gainera, euskararen eta gaztelaniaren, edo behintzat Euskal Herriko gaztelaniaren, arteko lotura intimo samarrak, hala nola 'leismoa' delakoa ('le he visto' eta 'ikusi diot' estigmatizatuak osatzen duten bikotea) , edota subjektua ezkutatuta ere funtzionatu ahal izatea ('lana daukat/tengo trabajo' modukoak, frantsesez edo ingelesez pentsaezinak)

Azken batean, «el euskera es una lengua aislada, sí, pero no la única, y es algo excepcional, aunque tampoco tanto».

Euskarak baditu, noski, gaztelaniarengandik izugarri bereizten duten ezaugarriak. Hasteko, lexikoa bera. Kontu sakonetara begiratuz, inguruko hizkuntzetan ez dagoen ergatibotasuna, ahaide bila inuitengana, Kaukasora edota Japoniara garamatzan berezitasuna; hitzen osaketaren eta hurrenkeraren ingurukoak, eta beste hainbat...

Balantzaren plater batean diferentziak eta bestean antzekotasunak jarrita, auskalo ze aldetara egingo zuen, baina argi dago askoz ere hedatuagoa egon dela, betidanik, desberdintasunak areagotzeko joera kointzidentziak azpimarratzearen aldekoa baino.

Beatriz Fernándezen ustez, jarrera hori ez da batere onuragarria. Aitzitik, uste du «antzekotasunetan gehiago fijatuko bagina» askoz ere hobeto ulertuko genukeela elkar elebidunek eta gaztelera baino ezagutzen ez dutenek. Euskara ikasteko orduan ere lagungarri gerta liteke, estrategia horrek oso prentsa ona izan ez badu ere, antzak baliatzea euskara ikasteak ustez dituen sekulako zailtasun horiek arintzeko.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios