Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada

Poetaren lehen nobela, maisuaren hirugarren saria

Nobelagintzan hasi eta Euskadi saria eskuratu du Luis Gardek; Xabier Olarrak, berriz, beste erronka erraldoi bat gaindituta irabazi du oraingoz hirugarrena duena

N. azurmendi

Miércoles, 19 de octubre 2016, 13:32

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

«Euskal kritikagintzaren eta edizioaren eguneroko ajeen ondorioz, badira kasik ezkutuan igarotzen diren liburuak. Hala nola Luis Gardek 2015aren azken hondarretan argitaratutako 'Ehiztariaren isilaldia'» idatzi zuen Hasier Rekondok Berrian 2016ko otsailaren 21ean. Beste kritika bat izan zuen bakarrik Euskadi Saria irabazi duen eleberriak, Javier Rojok El Correo eta EL DIARIO VASCO egunkarietan argitaratu zuena. «Hitz pare batean laburtuta, idazlearen literatur trebeziari esker ezinbesteko nobela da idazlan hau» ziren Rojoren iruzkinaren azken hitzak. Honekin esan nahi da Iruñeko Pamiela etxeak argitaratutako 'Ehiztariaren isilaldia' ez zela izan 2015ko zalaparta literario nagusietakoa, horrelakorik inoiz izan bada.

Luis Garde, Donbezteben bizi den 1961ean jaiotako iruindarra, poeta bezala da ezaguna, eta poemen kontura izan da orain arte behin baino gehiagotan saritua. 2004az geroztik zazpi poema liburu argitaratu ditu, horietako asko irabazi dituen sarien ondorioz, poesiaren alorrean ematen diren sari nagusiak bereganatu baititu: BBK Fundazioak eta Euskaltzaindiak emandako Felipe Arrese Beitia Poesia saria 'Oihan nabarra' lanagatik 2003an; Irungo Udaletxearen eta Kutxa Fundazioaren Irun Hiria Poesia Saria, 'Unplugged' lanari 2009an; Bilboko Udaletxearen eta Blas de Otero Fundazioaren Blas de Otero-Bilbo Uria Poesia saria, 'Maizter arrotza' liburuari 2012an; Gipuzkoako Diputazioaren Xabier Lete Poesia saria, 'Eremuen birkalifikatzea' lanari 2014an... 'Gertakarien urtzea' idazteko, berriz, Elkarlanean Fundazioaren Joseba Jaka beka lortu zuen 2005ean.

Aberatsa, sakona eta gogorra

Prosan ere trebea dela, arlo horretan barneratu orduko baieztatu du, aurreneko nobelarekin lortu baitu euskal letretako sari potoloa, 18.000 euroz hornitua, 4.000 gehiago lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada. Gaztelaniarako bidea egina dauka honezkero 'Ehiztariaren isilaldia' lanak, Pamielak berak argitaratu baitzuen 'El silencio del cazador' izenburuarekin.

Garderen liburua eleberritzat har daiteke, baina gehiago ere bada generoen arteko mugan dagoen lan mardula, azken urteetan eman diren beste zenbait urratsekin batera 1938an Ezkaba mendiko San Cristobal kartzelan izan zen ihesa eta haren ondorengo pasarteak -iheslarien ehiza basatiari dagozkionak alegia- isiltasunetik atera dituena.

Honakoa dio Jon Kortazar buru izan duen epaimahaiak: «Ehiza ankerraren xehetasunak oroituz ekiten dio idazleak ere ahanzturaren aurkako narrazio-saio handi honi. Emaitza liburu aberatsa da, sakona eta gogorra, irakurlearen kontzientzia astintzen duen urruneko sarraski lazgarriaren memoria etiko hurbila. Egilearen beraren antza duen narratzaile-ikerlearen eskutik helarazten zaigu eta geruza ezberdineko narrazio multipolarraren egitura hartzen du, 'collage' aberatsa osatuz, garai, leku, pertsonaia eta gertakari ezberdinen ekarpenez.

Batetik, presoen ihesaldiaren gaineko kronika historikoa eskaintzen digu eta fikziozko bi iheslariren ibileren bitartez ezinezko herio-ihesaren larritasunaz bat eginarazten zaio irakurleari. Modu paraleloan, ikerlearen beraren bizipenak erakusten zaizkigu isiltasunaren trinkotasunaren aurkako lehian. Bere peskizen berri ematen digu, dietario baten gisan, eta familia oroimenak eta haur garaiko ibilerak eransten dituelarik, sakontasuna hartzen du memoriaren betebeharrari buruzko hausnarketak. Izan ere, bere ikertzearen harira, egileak memoria historikoari buruzko hausnarketa kritikoa garatuko du, giza ehiza haren biolentzia neurrigabea eta isiltasun luzearen efektu ezabatzailea agerian jarriz, gaizkia bera eta injustizia kontzientzia gabea bihurtzen direlarik liburuaren ardatz nagusia».

Aipatzekoa da 2016koarekin Pamiela argitaletxe naparra dela hamarkada honetan euskarazko literaturaren alorrean Euskadi Sari gehien lortu dituen argitaletxea, hiru honekin. Beste horrenbeste izango lituzke Susak iazkoari, Mikel Peruarena Ansaren 'Su zelaiak' lanari, egileak uko egin ez balio (zerrenda ofizialetik ezabatuta dago, 'saria ez zen onartu' irakur daiteke soilik).

'Ulises', menderatua

Xabier Olarra (Tolosa, 1953) itzultzaile eta editoreari esleitu dioten Euskarazko Literatura Itzulpenari emandako saria, berriz, ezin da sorpresa handitzat jo. Iazko irailean James Joyceren 'Ulises'-en euskarazko mila orrialdetik gorako edizio oharduna aurkeztu zen egun berean aurkeztu zuen lanak sarirako hautagaitza sendoa. Esan daiteke, gainera, Olarrak sari bikoitza jaso duela. Batetik, literatura unibertsaleko liburu konplikatuenetako bat errenditzea lortu duen itzultzaileari eman diotena; bestetik, ausardia editorialak merezi duena, beraxek sortutako Igela etxeak kaleratu baitu lan erraldoia, euskal itzulpengintzaren mugarritzat jo izan dena.

2015ean aurten epaimahaiburu izan den Juan Garziak Shakespeareren sonetoekin egindako lan miresgarria saritu zutenean gertatu zen bezala, apustu pertsonal sakona saritu dute aurten, Olarrak berak aitortua baita urteak pasa dituela buruan besterik izan gabe. Xabier Olarrak, hain zuzen, afizioa die erronka konplikatuei: itzulezina zirudien Raymond Queneauren 'Estilo ariketak' itzultzea ere otu zitzaion; euskaratu zuen liburua; argitaratu zuen Igelan eta Euskadi Saria eman zioten 2006an. Hura aurreneko saia izan zen, eta aurtengoa hirugarrena, tartean, 2012an, bigarrena jaso baitzuen Arantzazu Royorekin batera itzulitako Alaa Al Aswaniren 'Jakobian eraikina' lanagatik.

Oraingo honetan, honako gogoeta eraman du epaimahaiak aktara: «Uzta ederreko urtea izan da, eta atsegin handiz hartu du epaimahaiak halako lan bikainen artean aukeratu beharraren neke gozoa. Ederrak ez ezik, mardulak ere bai lan batzuk, eskergak. Pena bakarra, bat baino ezin saritu izana. Hona, bada, lehia bizian zein hautatu dugun: James Joyceren Ulises.

Izugarria da obra, zentzu guztietan, bere zabalean eta bere konplexuan. Erregistroak eta estiloak etengabe aldatzen dira, eta solas-jokoz josirik dago testua, estilo-ariketa erraldoi bat balitz bezala.

Erreferentzia kultural ugariak guztiz modu sotilean txertaturik datoz testuaren jarioan. Horiek eta gehiago, jakina, bilbe xehe-xehe batean jasorik egun arrunt bezain gogoangarri baten abentura existentziala.

Obra hau euskaraz edonola ematea ere, ez zen dema makala, baina auzo-erdaretako bertsioak berdintzen eta inoiz are gainditzen dituen egokitasun miragarri batez emana datorkigu itzulpen honetan. Tarteka, ausartak dira itzultzailearen erabaki batzuk, baina nekez irudika liteke nola heldu bestela testuaren koska latzei.

Horrez gainera, edizioa bera ere oso zaindua da, eta guztiz osatu eta eguneraturik datoz paratestu oparo baina kasu honetan ia ezinbestekoak; izan ere, oharrak eta abarrak munta handikoak dira maisulan honetan, testutik bereizezinak ia.

Honenbestez, literatura-kanoneko ale gailenetariko bat du euskal irakurleak eskura, bikain ondu eta aurkeztua. On degigula»

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios