Eta Khadija Al Salamik gaua argitu zuen

Khadija Al-Salami, filmaren kartelaren ondoan./
Khadija Al-Salami, filmaren kartelaren ondoan.

‘Ana Nojoom bent alasherah wamotalagah’ ('Hamar urte, eta dibortziatua') filmak erraz eta luzez gainditu ditu gainerakoak Giza Eskubideen Zinemaldian

EL DIARIO VASCO

Ikusleek ez zuten duda izpirik izan. Noyud Aliren istorioaren berri Ana Nojoom bent alasherah wamotalagah ('Hamar urte, eta dibortziatua') filmari esker izan bezain pronto, euren kuttunena aldarrikatu zuten arratsero Victoria Eugenia antzokian egiten zen bozketan. Garaipen horren atzean bada emakume kementsu biren borroka neurrezina.

Alde batetik, hamar urte baino ez zituela gurasoengandik aldendua izan zen neskatoa. Aurreneko gauean bortxatu zuen gizon batekin ezkondua; kupidarik, errukirik ez zuen amaginarrebaren hatzaparretan eroria, denen zerbitzari malapartatua zela, behar zuen adorea bildu, epaitegi batera jo eta han epailearen dibortzioa nahi zuela esan zuena.

Bestetik, istorio hori kontatu ahal izateko zazpi ahalegin baino zientoka gehiago egin zituen 11 urte zituela jada ezkonduta zegoen zine zuzendari bat: Khadija Al-Salami. Luzaz ibili da ihesean. Luzaz ikasi du Pariseko zein Estatu Batuetako unibertsitateetan. Bada denbora eta filme franko Khadija zine zuzendaria dela. Orain, inolako zine industriarik ez duen Yemenen, Yemengo lehendabiziko filma errodatu du. Bai, Donostiako ikusleek saritu berri duten hori.

Gurean izan zela, filmatzerakoan aurkitu zituen oztopo, arrisku eta zorigaiztoko une oro kontatu zituen. Izu ipuin bat zirudien narrazioak. Lehenik eta behin -nola ez?- diru premia eta gabezia ikaragarriak. Baina gero, gerokoa. Esaterako, filmatzeko zuten sorgailu elektrikoa lapurtu zieten bidelapurrek. Akordio batera (dirutan, jakina asko) iritsi behar izan zuten berreskuratu ahal izateko. Bahisaria ikaragarri altua izan zen Bi sorgailu elektriko berri erosteko modukoa.

Khadijak ez zuenYemenen pelikula bat errodatzeko ezinbestekoa den baimena eskatu. Ederki asko zekien ez zuela lortuko. Beraz, legez kanpo burutu zuen Donostiak saritu duen zine puska. Baina paperik gabeko egilea izate horrek ez zuen Khadija hainbeste kezkatzen. Askoz handiagoa zen errezelua zuen: hainbat aktorek pelikularen nondik norakoa, mamia, mezua, irudiak nolakoak ziren konta zezatela kaminoetan, txaboletan, plazan, komisaldegian. Beraz, berak baino beste inork ez zuen gidoi osoa esku artean eta berak azaltzen zien banan-banan zer nahi zuen. Azaldu hitz neurtuetan. Eszenaz eszena.

Baina ez ziren kontatu ditugun horiek izan traba eta beldur bakarrak. Izan ziren bestelakoak. Etsenplurako Behin batean gauez filmatu behar izan zuten. Fokoek iluntasuna argi bihurtu zuten. Herrixka hartako biztanleek ez zuten horrelakorik ezagutu bizitza osoan. Ilargi betea ez izan arren, den-dena ikusteko gauza ziren, Truffautek gau amerikarra deitu zuen truku horren bitartez. Baina haientzat ez zen gau amerikarra, miraia baizik. Eta atera ziren soroetara. Eta igo ziren teilatu eta arboletara. Eta han goian zela gizon bat erori egin zen. Erori eta bertan hil. Lau urte erreguka, kasik belauniko pasaz lortutako sosekin kantitate polita pagatu behar izan zien Khadijak hildakoaren senideei heriotza salatu ez zezaten...

Ez da harritzekoa egun Al Salamik ere pentsatzea bere filma mirari erabatekoa dela. Are handiagoa Donostian saria lortu izana, kategoria goreneko lehiakideak izan baitzituen. Hala nola, Mediterranea, La France est notre patrie edota Gente dei Bagni, Turinen zutik darrain bainu publikoaren erabiltzalieen portreta delikatua, kamera mugitzeko erabaki adore handikoez egina.

Ez da ezta harritzekoa Khadija '100 Wise Muslin Women' (100 emakume musulman argi) izeneko web orriko leku pribilegiatuan izatea.