Julio Villarren iraultza intimoa

Julio Villar, antzezlana Albaolan estreinatu zenean./
Julio Villar, antzezlana Albaolan estreinatu zenean.

'¡Eh, Petrel!' liburuan oinarritutako antzezlanaren euskarazko bertsioa ostiralean estreinatuko da Hondarribian

FELIX IBARGUTXI donostia

Astrolabium Teatroak E, Petrel! Julio Villarrekin solasean taularatuko du ostiral honetan Hondarribian, euskaraz. Euskarazko lehen emanaldia da eta Itsas Etxea Auditorium-en eskainiko da 20:00etatik aurrera. Gaztelaniazko bertsioa urtarrilaren 3an estreinatu zuten, Albaola Itsas Kultur Faktorian.

Mikel Sarriegik sortua da Astrolabium Teatroa. Duela gutxi erabaki zuen pauso hori ematea, aktore, irakasle eta zuzendari lanetan urte asko pasa eta gero. Julio Villarren ¡Eh, Petrel! Cuaderno de un navegante solitario liburua oso gustukoa izan du mutiko garaitik eta horixe aukeratu du opera prima presta-tzeko.

«Hemen kontatuko dugun istorioa atenporala da, protagonista bera bezala, bizitza bera bezala. Bidaia bat proposatzen diegu ikus-entzuleei. Pertsona batek abian jar dezakeen bidaiarik garrantzitsuena: bizi-tzan barrenako bidaia norberaren buruaren bitartez. Elkarrizketak aurrera egin heinean, gure protagonista munduan barrena 7 metroko belaontzi txiki batean nola ibili zen entzungo dute ikus-entzuleek. Mantso, presarik gabe. Bidaiatzeko modu hark behin betiko aldatu zizkion pentsaera eta munduan egoteko era», adierazi du Sarriegik.

Duela 41 urte Julio Villarrek bira eman zion planetari bere ontzian sartuta.Bidaia hura da antzezlanaren abiapuntua. Taula gaineko protagonistetako bat Julio da, eta harena Mikel Sarriegik egiten du. Azken batean, bizitzari buruz zer pentsatzen duen azalduko du Juliok, Lagunak egingo dion elkarrizketa moduko baten bitartez. Laguna da, hain zuzen, beste pertsonaia.

Hiru lagun egongo dira agertokian: Mikel Sarriegi, Alvaro Garayalde Lagunaren paperean eta Iñaki Dieguez musikaria. Honek bere akordeoiarekin jardungo du. Arrasateko Akordeoi Lehiaketan txapeldun gelditutakoa da, besteak beste.

Itziar Otegik egin du euskal itzulpena. Eskarmentu handiko profesionala da, eta EHUko Letren Fakultateko irakasle. ¡Eh, Petrel! liburutik hartutako pasarteak euskaraz emango dira. «Testuko beste pasarte batzuk, ordea, hala nola Julio Villar munduari bira emanda itzuli zen uneko albisteak, garaiko hedabideetatik hartuak, gaztelaniaz utziko dira, euskarara itzultzeak oihartzun eta konnotazio adierazgarri batzuk, gure historiari oso lotuta daudenak, galtzea ekarriko bailuke», esan du Sarriegik.

Julio Villar 1943ko maiatzaren 26an jaio zen, Donostian. 1960ko hamarkadan, prestigio handiko alpinistatzat jotzen zen, baina Mont Blanc mendian istripu larria izan zuen. Tibia- eta perone-haustura izan zuen. Bi egun eta bi gau egin zituen pareta batetik zintzilik, harik eta adiskideek erreskatatu zuten arte. Zoritxar haren ondorioz, itsasora jo zuen. Zazpi metro luzeko belaontzi txiki bat lortu (Mistral izenekoa), eta itsasora egin zuen. Ez zekien nabigatzen, ezta belaontzia gidatzen ere. Bidean aurrera egin ahala ikasi zuen. Karibera iristeko asmoz ekin zion bidaiari, baina Panamako kanala zeharkatu eta aurrera egitea erabaki zuen.

 

Fotos

Vídeos