Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi buruz burukora

Lan zaila izan dute epaileek./
Lan zaila izan dute epaileek.

Zortzi finalistak ederki aritu badira ere, bi horiek lortu dute puntu gehien

M.I.donostia

Hasieratik maila ederra izan duen saioan oso berdinduta ibili dira zortzi finalistak, baina lan puntuagarriak amaituta epaileek egin dituzte beren kontuak, eta binakako lanetan zein kartzelakoan lortu dituzten puntuek erabaki dute zein bi bertsolari igaro diren buruz burukora: Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi.

Agin Laburu, Alaia Martin, Arkaitz Oiartzabal 'Xamoa', Beñat Gaztelumendi, Iñaki Apalategi, Jon Maia, Oihana Iguaran eta Unai Agirre. Zortzi bertsolari, bakar batek jantziko duen txapelaren bila. 17:00etan abiatu da Donostiako Illunben Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala. 7.000tik gora entzuleren aurrean, ederki aritu dira oro har zortzi finalistak, Saroi Jauregik proposatu dizkien gaien aniztasunari ahalik eta etenik handiena atera nahirik. Bakarkako lanari heldu aurretik, oso berdinduta zeuden bertsolariak. Beraz, erabakigarria izan da kartzelakoa sailkapena argitzeko.

Zortzi finalistak

Jon Maia (Urretxu, 1972): «Nik sanbenito guztiak izan ditut»

Finaleko bertsolaririk urtetsuena dugu 43 urte, eta ibilbide oparoena daukana, besteak beste lau aldiz kantatu duelako Euskal Herriko Txapelketako finalean: 1997an, 2001ean 2005ean eta 2009an. Baina gero jaitsialdia izan zuen lehiaketari dagokionez, eta Gipuzkoako Txapelketa hau hasiera-hasieratik egin behar izan du. «Esamin asko gainditu behar izan dut aurten eta poz handia, poz berezia ematen dit orain Illunben kantatzeak».

Zumaiako bertso-eskolan ikasi zuen eta Joanito Dorronsoro izan zuen irakasle. Euskal Filologiako lizentziaduna da eta era askotako lanak egin izan ditu, besteak beste Apaizac obeto itsas zeharkaldian parte hartu eta Riomundo idatzi, bere familiaren gaineko nobela, hain zuzen ere. Orain San Juan, XVI. mendeko itsasontziari buruzko dibulgazio liburua idazten ari da; Ternua aldean hondoratuta gelditu zen euskal baleontzioa, alegia. Gainera, egurrari buruzko dokumentala prestatzen ari da, eta Lorca eta Lauaxetari buruzko dantza- eta antzerki-lan baten prestaketan ari da baita ere.

«Nik sanbenito guztiak izan ditut. Hasieran, esaten zuten oso mantso kantatzen nuela, gero oso politiko nintzela, eta geroago oso poetiko. Orain, berriz, jendeak esaten du besteak baino umoretsuagoa naizela. Oso gustura ari naiz plazetan. Ezin da konparatu lehengo Maia eta oraingoa. Lan-arloan esperientzia oso desberdinak izan ditut, eta horiek txapelketetan baliatzea zaila egiten zait, baina plazetako jardunean ikusten dut bai, baliagarri zaizkidala».

Iñaki Apalategi (Beasain, 1982): «Jendeak finaleko bertsoak gogoratzen ditu»

Ordiziako bertso-eskolan hasi zen 15 urte zituela, eta lehenengo irakaslea Joxe Munduate izan zuen. Munduatez gain, Mikel Mendizabal, Aitor Sarriegi eta Ekaitz Goikoetxea izaten zituen ohiko kantukideak.

Humanitateak-Enpresa ikasi zuen eta gaur egun irakasle ari da eskola publiko batean. Azken urteotan, bertso jardunaz gainera, Bertsomovieda antolatzen du, beste hainbat kiderekin batera.

Gipuzkoako bigarren finala du. Oso oroitzapen ona du aurreko harena: «Konfiantzaz gainezka jardun nintzen. Bertso gogoangarri batzuk bota nituen, adibidez Alaia Martinekin kantatu nuenean maitasun-kontu bati buruz. Ironiaren ikuspegitik heldu nion gaiari, eta handik denbora puska batera, Andoni Egañarekin topo egin nuen batean, komentarioa egin zidan bertso haiei buruz. Beste batzuetan ondo kantatzen baduzu, ez da gauza bera. Jendeak finaleko bertsoak gogoratzen ditu».

Aurreko Gipuzkoako final hartan laugarren egin zuen. «Orain, hortik gora egin beharra dago. Nork bere burua hautagaien artean kokatu behar du, ezta?»

Oihana Iguaran (Amasa, 1991): «Pribilegiatua sentitzen naiz, eta presiorik gabe»

Bera da final honetako gazteena. Lagun batek proposatuta hasi zen bertso eskolan 6 bat urterekin, eta ordutik harrapatu egin zuen bertsogintzak. Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan kantatu du 5 urtetan zehar, eta Lizardi sariketan parte hartu du azken urteotan.

«Batik bat Amaia Agirreren ikasle izan naiz.Haren eskutik inguruko hainbat bertso-eskolatan ibili naiz. Gero Harituz izeneko taldea osatu genuen, bertsotan jarduteko, besteak beste Beñat Iguaran lehengusuarekin eta Mikel Artolarekin».

Ikus-entzuneko Komunikazioa ikasitakoa da eta orain ingeleseko eskolak ematetik bizi da.

«Pribilegiatua sentitzen naiz, kontuan hartuta 86 lagun abiatu ginela. Ez dut presiorik sentitzen. Nire bertsokera nolakoa den? Uste dut estiloa definitu gabe daukadala oraindik, baina hori bat, saiatzen naiz bixi eta fresko kantatzen, eta apaindura handirik gabe».

Alaia Martin (Irun, 1987): «Sortzaile batek beti erne egon behar du»

Hamabiurterekin hasi zen bertsotan, eta Oiartzungo eta Santutxuko bertso eskoletan ibilitakoa da. Ikus-entzunezko Komunikazioan (zinean) lizentziatua da eta gidoigintzan ibili da telesail batean eta bi dokumentaletan.

Oraingo hau Gipuzkoako bigarren finala izango du. «Orain dela lau urteko hura opari bat izan zen. Ez nuen uste hain urrutira iritsiko nintzenik, eta finalaren atariko egun haietan zalantzak eta segurtasunik eza sumatu nituen. Baina Illunbeko atetik pasatzean, hura poza! Ariketa guztietan gozatu nuen, oso neretik kantatu nuen, eta azkenean hirugarren gelditu».

Saio asko izaten ditu urtean zehar. «Ezagutu berri dut Nafarroako herri txiki bat, Itxaso. Bilboko festetan urtero izaten dut saioa, baina esan dizudana, herri txiki askotara joaten naiz, eta pentsatzen duzunean Illunben Eratsungoren bat egongo dela adibidez, aurten ikusi nauena bere herrian, ba horrek gogoa ematen dizu ondo jarduteko. Herririk herri ibiltzeak esan nahi du tokian tokiko ohiturak eta errealitateak ezagutu behar dituzula lehenago edo beranduago, eta horrek aberastu egiten zaitu. Sortzaile batek erne eta esna egon behar du beti».

Eskolaz eskola ahozkotasuna irakasten jarduten da. Irun, Hondarribia, Donostia eta Errenteriako ikastetxe batzuetatik pasatu ohi da eskolak ematera.

Agin Laburu (Astigarraga, 1985): «Azkeneko urteotan oholtzan egoten ikasi dut»

Aitak bultzata egin zen bertsozale eta Hernaniko bertso eskolan darama urte asko. Hamaika Bertute ekimeneko kide izana da.

Kazetarizta ikasi zuen, Info 7 irratian lan egindakoa da, denbora askoan, baina azkenaldian familiaren sagardotegiari eskaintzen dio ordu gehien; Ipintza sagardotegia, alegia.

«Hau bigarren finala da.Aurrekoan, duela lau urte, egoerak jan egin egin ninduen.Oso txiki sentitu nintzen. Uste dut nire bertsokera instintiboa dela. Bertsoa entenditzeko nire modua horixe da: instintiboa. Azkeneko lau urteok onerako izan dira. Oholtzan egoten ikasi dut».

30 urte ditu eta uste du etapa bat gainditu duela. «Ez dut bertsolari-tzatik bizitzeko aspiraziorik. Urtean 40-50 plaza egiten ditut eta hori neurri ederra da. Helburua dut sagardotegiko lanean eta bertso-lanean, bietan ondo eta lasai ibili ahal izatea».

Unai Agirre (Hernani, 1975): «Bertsokera tradizionala omen da nirea. Ez dakit...»

Hernaniko bertso-eskolako kide nabarmena, Agin Laburu bezalaxe. Txikitan, Langile ikastolan, bertso giroa ezagutu zuen, eta hura sakonago bizi izan zuen Juanjo Uriaren laguntzarekin, herriko bertso eskolan. Honela definitu du bere bertsokera: «Niretzat oso inportante dira edukia eta forma, biak batera. Esaten dute nirea bertsokera tradizionala dela; ez dakit, ez naiz horren bila joaten. Egia da hizkuntzari garrantzi handia ematen diodala».

Azkenaldian plaza gehiago egiten ari da. Izan ere, orain bi urte Euskal Herriko Txapelketako finalaren atari-atarian gelditu zen, eta orduan erakutsitako mailak bozgorailu-lana egin zuen.

Nekazal Ingeniaritza Teknikoa ikasi zuen eta Gipuzkoako sagardoileen elkartean ari da lanean, teknikari gisa.

Arkaitz Oiartzabal Xamoa (Oiartzun 1985): «Ez naiz arrazoi absolutuen zale»

Oiartzuarra da, baina bertso kontuetan «oreretartzat» du bere burua. Iker Goñi, Aitor Albistur eta Jon Ansa izan zituen lehenengo irakasle. «18 urtez geroztik Zamalbiden biltzen naiz Jon eta Alaia Martinekin, Iñaki Apalategirekin, Jokin Urangarekin... Bitxia da: Oiar-tzun bezalako herri euskal dun batetik Orereta bezalako herri batera aldatu nintzen...».

Orain dela lau urteko Gipuzkoako txapelketan final-laurdenetara iritsi zen. «Azpeitian kantatu nuen, uholde unibertsala gertatu zen egun hartan».

Ñabardurak gustatzen zaizkio. «Bai, ni ez naiz arrazoi absolutuen zale, ez bertso kontuetan ez bestela. Kantuan ari naizela, gustatzen zait arrazoiak sortu daitezela goxo eta poliki, bi aldiz entzun behar badira ere».

Langabezian dago. Bitartean, eskola batzuk ematen ditu bertso-eskolan.

Beñat Gaztelumendi (Donostia 1987): «Gehiago naiz bertsozalea bertsolari baino»

Etxean aita oso bertsozalea da eta txikitatik ezagutu du bertso giroa. «Gehiago naiz bertsozalea bertsolari baino. Aitaren bidez sartu nin-tzen mundu honetan, bertso zaharrak-eta irakurrita eta entzunda». Igeldoko, Hernaniko eta Santutxuko bertso eskoletan ibilia da eta sari asko irabazitakoa dugu. Mutikotan, lau aldiz irabazi zuen Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa. Helduaroan, bigarren gelditu da Gipuzkoako azken bi txapelketetan, eta orain bi urte EuskalHerriko txapelketako finalean kantatu zuen.

Euskal Herriko Unibertsitatean Ikusentzunezko Komunikazioa ikasi ondoren kazetari lanetan aritzen da egun, bai Bertsoa.com-en bai Hitzetik hortzera telesaioan.

2011n nahiz 2007an, bietan iritsi zen Gipuzkoako txapelketako finalera, eta bietan bigarren gelditu. «Orain zortzi urte, espero ez nuela sartu nintzen finalean. Sentsazioa neukan tokatzen ez zitzaidan toki batean nengoela. Orain lau urte, berriz, demostratu beharra senti nuen, eta hori zama izan zen niretzat. Bigarren gelditu nintzen, baina ez nuen lortu lehertzerik. Erantzukizunak jan egin ninduen, baina hala ere bigarren gelditu nintzen».

Urteen poderioz, «deskubritu dut bertsoa ez dela soilik bertso, baizik eta mundu bat. Sentsazioa daukat bertsoa tartean ez balego ez nintzatekeela euskaraz biziko. Oxigenoa ematen dit, eta lagunarte bat. Lotsatia naiz eta lotsa gainditzeko modua ere bada bertsoa».

Orain Añorgan bertso-eskolak ematen dizkio hamalau laguneko talde bati. «Jende heldua da, nire adin-bueltako jendea». Finalera, «Donostiako hiriaren ordezkari gisa» joango da. «Ni naiz Donostiako bakarra, eta ikusten dut lau urtetik behin Illunben finala egoteak arnasa ematen diela euskaraz bizi nahi dutenei».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos