«Zerbaitetan sinesten baduzu, egin egin behar duzu»

«Zerbaitetan sinesten baduzu, egin egin behar duzu»

Bizenta Mogel berreskuratu du, eleberria baino gehiago den 'Argiaren alaba' liburuan, Haur eta Gazte literaturako Euskadi Saria irabazi duen Yolanda Arrietak

NEREA AZURMENDIdonostia

Bizenta Mogel ardatz hartuta, eleberri bat baino gehiago den liburua kalean du Yolanda Arrietak, tapa gogor eta guzti, Haur eta Gazte literaturako Euskadi Saria irabazi ondoren. Bizenta Mogel Gipuzkoan jaio zen, Azkoitian, 1782an, baina Bizkaian egin zuen bizitza ume-umetatik, eta hantxe hil zen 1854an. Yolanda Arrieta Bizkaian jaio zen, Etxebarrin, 1963an, eta Gipuzkoan bizi da. Idazleak dira biak, obra laburrekoa lehena eta zabalekoa bigarrena. Elkarrekin eman dituzte lau urte, eta harreman hori Argiaren alaba liburuan gauzatu da.

Euskadi Sariak liburua ekarri dizu. Normalean alderantziz izaten da.

Bai, uste dut historian izango naizela libururik gabe Euskadi Saria irabazi duen idazle bakarra. Liburuaren ehun bat ale neronek argitaratu nituen, beste inork nahi ez zuelako, batez ere liburutegien artean banatzeko. Liburua argitaratu ahal izateko Markinako Udalaren eta Aldundiaren laguntza izan nuen, eta oso argi neukan publikotik zetorrena publikora itzuli behar zela, baina agortuta zeuden eta horrekin arduratuta nengoen. Orain badaukat liburua, tapa gogor eta guzti.

Saria irabazi eta gero, proposamen asko iritsi zitzaizkizun?

Ez pentsa. Ostegunean saria jaso eta ostiralean berriro joan nintzen argitaletxe batera. Haiek zer egin pentsatzen ari ziren bitartean Denonartean Iruñeko argitaletxearen interesaren berri izan nuen, eta esan zidaten Azokarako aterako zutela, eta igual tapa gogorrean.

Horren garrantzitsua al da ba tapa gogorra?

Tapa gogorrak ematen dio liburuari halako dotoretasuna, klasiko puntua, mimoz egin nahi izatea, norbaitek ardura eta mimoa eman nahi izatea nigandik aparte, uste duelako merezi duela. Niretzat oso goxoa izan da, ezustekoa. Horrenbeste ezezkotara ohituta, bat-batean baiezkoa..

Ezezko asko, orduan.

Bost. Bakarren batek, bitan.

Orain izango duzu harrotasun puntu bat.

Ez, daukadana da bakea, egin behar nuena egin izanaren bakea. Liburu honekin horrenbeste etapa pasatu baditut izan da zerbaitek esaten zidalako dezente samar zegoela eta bukatu egin behar nuela. Ezetz esaten zidatenean ez nuen uste esaten zidatela gaizki zegoelako, baizik eta ez zekitelako non kokatu eta nola mugitu. Dena den, argi daukat zerbaitetan sinesten baduzu, barruak gauza bat eskatzen badizu, egin egin behar duzula.

Liburua ez da konbentzionala. Horren sorrera eta bilakaera ere ez, are gutxiago protagonista.

Ez zen liburu bezala sortu. Duela lau bat urte Idazle Elkartean Edorta Jimenezek planteatu zuen zerbait egitea Bizkaiko idazle klasikoak ikasgeletara hurbiltzeko. Lea-Artibaiko Etxeberrikoa naizenez, Mogeldarrekin akordatu nintzen. Joan Antonio oso landuta zegoen eta pentsatu nuen Bizenta hartuko dut. Imajinatu nuen 1790ean horrenbeste aldiz pasatzen nintzen Goenkalen latina zekien neska koskor bat Virgilio irakurtzen, iruditu zitzaidan irudi izugarri potentea eta horrela hasi nintzen ikertzen, hitzaldiren bat edo prestatzeko asmoz.

Hasierako asmoari geruza ugari gehitu dizkiozu, liburu bihurtu arte.

Detektibe baten moduan hasi nintzen gauzak bilatzen eta lotzen, garai hartan kokatzeko, fidagarritasuna mantenduz. Joko horretako partaide bilakatu nahi nituen gaztek, baina rolloa izan gabe, eta hasi nintzen objektuak kaxatan sartzen, haien bidez irudikatzeko gazteei Bizentaz eta haren garaiaz kontatu nahi niena. Baina kaxak osatu ahala ikusi nuen Bizentaren barne-ahotsa ere behar nuela, eta haren bizitzaren zatitxoak osatzen joan nintzen. Horrenbeste informazio bildu eta gero, hasi nintzen literatura egiten.

Eta beste mende bateko lagunak eman zenizkion Bizentari.

Argi neukan ez nuela nobela historiko bat egin nahi. Behar nituen gaur eguneko narratzaileak. Koldo Mitxelenan Bizenta Mogelen eskuizkribua ikusi nuenean konturatu nintzen 1800 urtean zegoela katalogatuta, Bizentak 17 urte zituela. Orduan jarri nuen beste 17 urteko neska gazte bat, gaurkoa. Ameriketara joandako jatorri euskalduneko familia batekoa, euskara mantendu duena, izeko berezi samar batekin Bizenta Mogelen inguruan ikertzen hasten dena. Eta ikertu ahala fikzionatuz doana.

Ba dute antzik ni neska gazteok?

Bizenta irudikatzen nuen adimen handiko nerabe moduan. Informazio asko dute, baina maiz bizipenak ez dira pare, eta protagonista garaikideari ere horrelako zerbait gertatzen zaio. Alde hori asko interesatzen zitzaidan, Bizenta Mogel hartu dudalako ez horrenbeste idazle bezala, pertsona bezala baizik.

Pertsona bitxia, eta garaia ere bai.

Bai. Bizenta, anaia Juan Jose bezala, ume zirela hartu zituen etxean osabak, Joan Antonio Mogel apaiz eta idazleak. Haren itzala ere hor dago. Ez zen neska gazteak eskolaratzearen oso aldeko, baina Bizentak eskatu eta eskatu eta azkenean lortu zuen bere garaian batere ohikoa ez zen prestakuntza. Latina zekien, eta frantsesa, gaztelania, bizkaiera, gipuzkera... Ipuin onac alegietan ez, baina hitzaurrean eta irakurle euskaldunari egindako zatitxoan agertzen ditu bere asmoak: ikasi egin nahi du; euskaraz dendatu, ahalegindu, osaba eta osaba bezalakoekin; irakurle berriak nahi ditu, gazteak, eta euskara baturako saiakera moduko bat ere egiten du, irakurle gehiagorengana iristeko...Hori guztia egina zuen 17-18 urterekin!

Soka horren motzean eduki izan ez balute...

Peñaflorida kontearen semea bezala, bidali izan balute kanpora, Europako ilustratuek ze garapen zeramaten ikustera, auskalo... Baina moral itxia eta soka motza tokatu zitzaizkion gerra giroan jaio eta hil zen emakumeari. Dena den, edozein garaitan pertsonari eragiten dioten bi indar kontrajarriek eragin zioten hari ere, egin nahiaren eta inguruak uzten duenaren arteko borrokak. Horrekin ia gaurko bihurtzen duzu pertsonaia. Horixe agertu nahi nuen eta, bestalde, denboran egindako txangoa historia aldetik oso aberatsa da, ikasgelan lantzeko ere bai.

Hori da beste kontu bat. Liburuak dituen osagai desberdinen zerrenda egiteko tokirik ez dago espazio honetan. Zer liburu klase da?

Nobela moduan irakur daiteke. Badaude bi trama, bi garai, eta segidan irakurrita ondo funtzionatzen duela uste dut, nahiz eta zatika emana izan. Gero eskolan gai asko lantzeko bidea ematen du. Liburu hau izan daiteke baita ere apal batean edukitzekoa, behar denean hartzeko. Horrez gain, tailerrak egin ditut 40 bat, helduekin, irakasleekin, euskaltegietan, institutuetan ere bai banaka batzuk, eta jendeari gustatu zaizkio.

Zeu irakaslea zara, eta liburuak irakaspen moduko bat ere badu.

Oso gogoan izan ditut euren nortasuna eta euren 'nia' eraikitzen ari diren nerabeak, eta alde horretatik niretzat oso garrantzitsua da esatea gauzak ez direla batek esaten dituen bezala, are gutxiago iragana. Iragana ere norbaitek kontatu du, momentu batean hori egiteko ahalmena izan duenak, eta egin du bere interesen arabera, begia non jarri duen edo nork ordaindu dion. Horregatik, formaren aldetik, liburua ez da zerbait itxia, amaitua. Prozesuan dagoela esan daiteke, eskaintzen ditu aukerak arakatzeko, hutsuneak aurkitzeko eta horiek betetzeko. Gauzak ez daude eginda, egitear dagoena beti da gehiago. Hori agertu nahi nuen, eta jendeari esan, batez ere gazteei, ez dela iraganari gorazarre egiteko liburua. Neurri berean ditu orainaldia eta etorkizuna. Iraganari errepasoa egitean ikusten da zer esan den eta zer ez den esan, zergatik ez den esan. Zergatik, esate baterako, agertzen dira horren gutxi emakumeak historian? Erantzuna eman beharrean, garrantzitsua da beraiek konturatzea eta, aldi berean, galdetzea eta zuk zer egiten duzu ager daitezen. Horrekin zoaz gaur eguna eraikitzen, eta etorkizuna ere bai.

 

Fotos

Vídeos