Eugenio Arraiza euskaltzale nafarra hil da

Artxiboko irudian, Eugenio Arraiza zena./
Artxiboko irudian, Eugenio Arraiza zena.

DVdonostia

79 urterekin hil da Eugenio Arraiza (Iruñea, 1936) euskaltzale nafarra, duela urte batzuk idazten hasi zen memoriak amaitu gabe utzita. Azken hiruzpalau hamarkadetako euskalgintzaren eta kulturgintzaren alor askotan utzi du arrastoa Eugenio Arraiza jesuitak, batik bat Nafarroan. Esan zuen behin bere bizitzako aurkikuntza garrantzitsuenak berandu samar egindakoa zela, baina hala ere denetan jarduteko aukera izan du. Arkitektura karrera hasita zeukala egin zuen topo bokazioarekin, eta jesuita egin zen. «Aurkitu nuenean herri bat nuela» egin zuen topo, berriz, euskararekin eta euskal kulturarekin, heldutan, Tere Belokik Euskadi Irratian egindako elkarrizketa honetan azadu zuen bezala.

Iragan mendeko 80ko hamarkadaz geroztik, nekaezin aritu da Eugenio Arraiza, esku bat behar zuten jarduera guztietan. Udako Euskal Unibertsitateko talde eragileko kide; Eusko Ikaskuntzako Nafarroako idazkari eta, tarte batean, Nafarroako lehendakari orde; Bertsozale Elkarteko lehendakariorde; Euskal Kantuzaleen Elkarteko lehendakari... Oso-oso hurbilekoa zuen, halaber, Euskal Herria Irratia, lizentziarik lortu ezinik ia hiru hamarkada daramatzan euskararen ahotsa Iruñerrian. Hori legeztatuta ikusi gabe ere hil da eta, esan bezala, bere memoriak amaitu gabe. Aurreneko tomoa, 'Cerezas y golondrinas', haurtzaroko oroitzapenak biltzen zituena, 2011an argitaratu zuen, eta zortzigarrena, 'Formando técnicos para el progreso (Gijón 1962-1963)' ekainean zeukan aurkeztu berria Iruñean. Veruelako formazio garaikoak bildu zituen seigarrena aurkeztu zuenean esan zuen beste horrenbeste beharko zituela, baina ezin izan du asmoa burutu. Nafarroako euskalgintzarentzat erabakigarriak izan ziren hainbat urtetan lekuko eta eragile izandako Arraiza bihar agurtuko dute, eguerdiko 12:00etan, Iruñeko hilerrian.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos