«Bi urte pasa ditut buruan 'Ulises' besterik ez nuela»

Xabier Olarra Dublinen, Joyceren eskultura baten ondoan./
Xabier Olarra Dublinen, Joyceren eskultura baten ondoan.

Xabier Olarra itzultzaileak bi urte eman ditu buru-belarri James Joyceren ‘Ulises’ itzultzen. Liburu horren lehenengo euskal edizioak irailean ikusiko du argia

FELIX IBARGUTXIdonostia

Irailaren 7an aurkeztuko da James Joyceren Ulysses liburuaren euskarazko edizioa, lehenbizikoa hizkuntza honetan. Eskarmentu handiko itzultzaile batek, XabierOlarrak (Tolosa, 1953), egin du lana. Argitaratzailea Igela izango da, Olarrak beste lagun batzuekin duela hogeitaka urte sortutako argitaletxea. 7an izango da komunikabideen aurreko aurkezpena, eta hurrengo egunean, Donostiako KMn, Agerre Teatroak permormancea eskainiko du Molly Bloomen bakarrizketan oinarritua.

Kontatu nolako lana izan den.

Lehenbiziko lana irakurtzea izan zen. Eta itzulpen-lanari lehenbiziko hozkadak, 2012an izan ziren. Hasierako asmoa beste bat zen, 2022rako egitea lana, orduan izango baita liburuaren lehen mendeurrena. Baina gero Europako Batzordeari edo Kultura Agentziari diru-laguntza eskatu genion, eta horrek eskatzen du laguntza ematen denetik bi urtera egitea lana. Beraz, horrek behartu ninduen erritmoa azkartzera eta aurtengo udan dena bukatzera. Buru-belarri jardun dut azkeneko bi urtean, noski.

Lanak zenbat izan du atseginetik eta zenbat zamatik?

Gehiena atseginetik! Arazo bakarra presa izan da. Baina ziztada hori ere behar da, bestela arriskua dago hartu eta bazterrean uztekoa, eta horrela urteetan.

Europan barrena, taldean egin izan dira Ulysses-en zenbait itzulpen. Zuk, berriz, bakarrik.

Izan ditut laguntzaileak, neronek egindako lan hori gainbegiratu eta berrikusi dutenak. Ni sartu naiz pelikula honetan eta nik konpondu beharko; ez nuen besteen bizimoduan eta martxan sartu nahi.

Itzultzailearen egitekoa, helburua, beti izaten da jatorrizko obrarekiko fidela izatea. Kasu honetan, fidel izateak oso zailatsun bereziak dakartza berekin.

Bai, lan berezia da. Joyceren lana ez zen arratsalde bateko burutazioa izan. Liburua idazten zazpi urte pasa zituen, 1914ean hasita. Orduan erabaki zuen hamar urte lehenagotik buruan zerabilen ideia bati buru ematea. Ipini zuen hitz bakoitza ondo pentsatuta ipini zuen, eta liburu osoa artefaktu bezala pentsatua zeukan. Horrek guztiak zama bat ipintzen dizu gainean, hemen ez dago edozein arinkeriarekin aurrera ateratzerik. Bera, Joyce, asko arduratu zen frantsesezko itzulpenaz eta alemanezko itzulpenaz, baina beti neurri batean baino ez zien lagundu itzultzaileei. Gainera, Joyceren ideiak itzulpenaz bere garaikoak ziren, eta gaur beste planteamendu batekin funtzionatzen dugu. Hark, esate baterako, izen propioak itzultzea nahi izaten zuen; frantsesezko itzulpenerako, Stephen Dedalus-entzat Étienne Dédale proposatu zuen.

Nola moldatu zara Eguzkiaren abelgorriak atalean?

Joycek esaten zuen atal hori izan zela berarentzat idazten zailena. Zergatik? Berak egin zuelako haur baten sortze-prozesua bezala, bederatzi hilabetetan zehar haurra sortzen den bezala, azaldu nahi izan zuen hizkuntza ingelesa nola sortu zen; hasieran latinetik, eta hortik aurrera autorez autore XX. mendeko kale-hizkeraraino, argot bereziak ere aintzat hartuz. Berak pasticheak egin zituen, hau da, hizkera ezberdinen imitazioak, edukiaren aldetik nobelaren puntu horretako edukitik urrutiratu gabe. Horrek bi soluzio ditu: batere kasorik egin ez eta liburuko beste parteak bezala itzuli, edo berak egiten dituen bezalako pasticheak saiatu egiten euskaraz, eta hau da nik hartu nuen bidea. Alegia, gure prosaren hasierako batzuk hartu Etxepare , Leizarraga, Axular eta gaur arteko hizkerarainoko autore batzuk imitatu... Holako bidaia bat. Ez, noski, Joycek egin zuen perfekzioarekin.

Zenbateraino bihurtu da obsesio itzulpen-lan hau?

Ezinbestean bihurtzen da. Beti zoaz soka baten gainean, oreka bilatuz han eta hemen. Bi urte pasa ditut, buruan ia-ia beste ezer ez nuela, eguneko ordu gehienak honetara emanez.

Nola bururatu zitzaizun iltzulpen-lan honetan hastea?

Orain dela 15 bat urte, lagun arteko bazkari batean, esan genuen komeniko litzakeela itzultzea. Aipatu baino ez genuen egin. Joseba Urteaga tartean zen. Baina orain dela 6-7 urte arte ezin izan nuen liburua osorik irakurri. Hasten nintzen, nekatu edo aspertu, eta bukatzeko Molly Bloomen bakarrizketa ospetsu hori irakurri. Itzultzea erabaki nuelarik, edizio bat irakurri nuen, oharduna, estudianteentzat egiten diren edizio horietako bat, Jeri Johnsonek prestatutakoa, alegia. Aste Santu batean irakurri nuen ia osorik, eta pentsatu nuen euskaraz ateratzekotan edizio oharduna beharko zuela izan. Bestela arriskua zegoen sekulako lana hartu eta inork ez irakurtzekoa. Horrela, jendeak ez galtzeko aukera behintzat izango du.

Zenbat ohar atera zaizkizu azkenean?

Hiru milatik gora. Hor bada Ulysses annotated liburua, Don Gifford batek idatzia 1976. urte inguruan, Ulysses bera baino luzeagoa, eta sarri kontsultatu dudana.

Nolako edizioa izango da?

Bi eratakoa. Bata azal gogorrekoa, bestea bigunekoa. Orrialdeak, 1.024. Beraz, megaliburu bat da.

 

Fotos

Vídeos