«Hinki-hanka gabe esango dut: gizartearen harrera aldetik, ‘Erlea’ frakaso bat izan da»
Bernardo Atxaga aldizkari honen zuzendariak ez du kexatu nahi. «Ni datu bat esaten ari naiz, hori besterik ez. Eta norberak ikusi beharko du zer pentsatu», dio
felix ibargutxi
Domingo, 10 de mayo 2015, 10:15
2009an aurkeztu zen Erlea literatur aldizkariaren lehenengo alea, Donostiako Kursaalean. Bertan ziren Bernardo Atxaga zuzendaria eta Andres Urrutia euskaltzainburua, argitaratzailea Euskaltzaindia baita. Orain, bost urte pasatu direlarik, nolabaiteko balantzea egin daiteke.
Aldizkaria hasi zenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta biok esan zenuten hamar ale izango zirela guztira. Orain zortzigarrena atera da. Lehengo asmoari eusten diozue?
Bai, oraingoz esan dezakedana hori da. Hurrengo alea aurrera samartua daukagu eta azaroan atera nahi dugu. Eta hamargarrena, datorren urtean apiril aldera. Behintzat hamar egingo ditugu, eta gero gerokoak.
Zer balantze egiten duzu? Orrialde pila bat plazaratu duzue...
Orain arte, grafiko eta irudiak kontuan hartuz, 800dik gora orrialde atera ditugu. Esaten dut irudiena, askotan originalak direlako, aldizkarirako propio eginak. Nik bi eratako balantzea egiten dut, bi kontabilitate-orri baitauzkat. Galdera da: euskaraz egin al daiteke lehen mailako aldizkaria, Parisen edo Stockholmen literaturzaleek gustura irakurriko luketen bezalakoa? Nik galdera hori egin nion neure bururari, zeren zuk ere badakizu zer eman zezakeen euskal kulturak orain dela berrogei urte: umeentzako liburutto batzuk, aldizkari xume bat, artikulu solte batzuk... Inor gutxik esan lezake oraingoan ez dela helburua bete. Gainera, nire asmoa zen euskal kultura guztia aldizkari honetan egotea; axolarik ez geografiak: berdin dio Iparraldekoa izan, Hegoaldekoa, Estatu Batuetakoa... Uste dut aldizkariak euskal globalitate baten irudia eman duela.
Eta kontabilitatearen beste orrialdea?
Orrialde hori ilunagoa da. Hinki-hankarik gabe esango dizut: gizartearen harrera aldetik frakaso bat izan da Erlea. Agian oihartzuna izango zuen, baina nire belarrietara ez da iritsi. Oso komentario gutxi izan dira. Pentsatzen dut artikulu batzuek eragina izango zutela, baina hartzaileek ez dute hitzik esan. Parte hartu dutenek ere komentariorik ez. Zergatik ibili behar dut epelkeriatan? Sentituko duzu mikaztasun piska bat nire hitzetan, baina gauzak halaxe dira. Aldizkariak lan eskerga egin du artikuluak maila batekin argitaratzeko, hori ere esan beharra dago. Kexatzea umekeria da; nik datu bat esaten ari naiz, hori besterik ez. Eta norberak ikusi beharko du zer pentsatu.
Jende askok bidali dizkizu artikuluak. Hiruroegi lagunek bai, beharbada.
Nola lehen mailako aldizkaria egin nahi genuen, jende askorengana jo dut. Norbait ikusten banuen gauza interesgarriak idazten, jo egiten nuen berarengana, inolako aurreiritzirik gabe.
Eta erantzuna beti ona?
Bai. Bere burua idazletzat ez zuten batzuek ere baiezkoa eman digute.
Zuk sail bat atera duzu aurrera, nahiko bitxia: protagonistaren bat aukeratu eta haren objektuei buruzko erreportaje edo elkarrizketa, alegia. Originala iruditu zait. Ba al zegoen aurrekaririk?
Nire ustez ez; originala izan da. Aurrekaririk ez, baina modu paraleloan jakin nuen nire anaiak hitzaldi bat eman zuela, objektuekin, Lizardiri buruzkoa. Bitxia da. Pentsatu nuen ez ote zen izango familia-joera bat. Etxean anaiek litofilia eduki dugu...
Harrien zale, beraz.
Bai, litofilia hori da, harrizaletasuna. Mendira irten ezkero beti etortzen ginen harriren batekin, fosilen batekin. Harrigarria izan zen Marino Lejarretarekin egin nuen artikulua. Oso Marino berezi bat atera zen: beisbol-eskularru bat zeukan objektu kuttunen artean, eta txikitako eskolako aulki bat gordetzen zuen...
Makina bat testu bereziki harrigarrirekin egingo zenuen topo. Kontatu kasuren bat.
Adibidez, azkeneko ale honetan argitaratu dugun Gernika ipuina. Egilea Julian Zabalbeascoa, Estatu Batuetan bizi den idazlea. Hango sariketa batean garaile ateratakoa da, eta maila handia dauka benetan. Guk ekarri dugu idazle hau Euskal Herrira eta bera txoratzen dago. Hor dago Uxue Apaolazaren kasua ere; badu talentu berezi bat, eta ematen zuen ez ziotela merezi bezalako enkargurik egiten. Memoriari lotutako testu bat eskatu genion eta oso testu indartsua bidali zigun. Seamus Heaney Nobel saridunarekin izandako harremana ere oso interesgarria izan da; haren eskuzabaltsuna!, haren sinpatia Euskal Herriarekiko! Partaideen zerrendan Irati Elorrieta aipatu nahi dut baita ere. Nik uste bere prosaren finezia gutxitan ikusi dela eremu honetan.
Aldizkari hau bukatzen denean, atzera antzeko zerbait egitea ez da erraza izango.
Sekulako lana du atzetik. Badakizu zer den testuak horrela editatzea, beti dotore, akatsik gabe? Asun Garikano eta Txema Ardanaz jardun dira eguneroko lanean. Horiek ere merezi dute aipamena.
Beraz, ari zarete hurrengo alea prestatzen. Aurreratu hango printzaren bat.
Astronatuak aintzat hartzen ditugularik, astronauta sobietarren irudiak erabiliko ditugu: Gagarin, Laika txakurra... Nik memoriarekin jokatu nahi izaten dut eta adin bateko zenbait laguni galdetu diet ea non zeuden Gagarin Lurraren orbitan ibili zenean lehenengo aldiz, edo Amstromg-eta ilargiratu ziren egunean. Oso erantzun bitxiak jaso ditut. Aintziartek esaten dit ez dela gogoratzen, eta gogoeta egin beharko nukeela zergatik bera ez den gogoratzen.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.