Josu Landa itzultzaile… eta kantari

Josu Landa itzultzaile… eta kantari

Miguel Hernandezen olerki batzuk kantatuko ditu Soraluzen asteartean

FELIX IBARGUTXIDONOSTIA

Josu Landak Miguel Hernandezen poema batzuk kantatu eta irakurriko ditu asteartean, 19:00etan, Soraluzeko Gaztelupe-Billie gunean. Estanpa bitxia izango da: Munduko Poesia Kaierak bildumarako zenbait poema euskaratzen jardun den itzultzailea, orain jendaurrean kantari.

Askotan musikatutako poeta izan da Miguel Hernandez (1910-1942), eta zenbait kasutan doinu ezagun horiek baliatuko ditu Landak. Joan Manuel Serratek argitaratutako bi diskoez gain, Paco Ibañez, Victor Jara, Alberto Cortez edo Adolfo Celdran dira, besteak beste, poeta alacantarraren poemak doinuz ipini dituztenak.

Adibidez, era honetara euskaratu du Landak Olibazaleak olerki ezagunaren hasiera: «Jaengo andaluziarrok, / olibazale gorenak, / nor ote oliba adarrok / gora altxatu zituztenak?».

Josu Landak (Altza, 1960) euskal filologiako ikasketak egin zituen. 1980an Susa literatura aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen, eta izen bereko argitaletxearen sortzaileetako bat ere, 1983an. Argia aldizkarian eta Euskaldunon Egunkarian ere aritu da lanean. 1995etik hona multimedia teknologiei eta Interneti lotutako proiektuetan murgilduta dabil. 1980an Haizearen itzalak poesia liburua argitaratu zuen. 1983an Gerraondoko poesiaren historia saiakera plazaratu zuen, eta Ipurtargi beltza liburua, poema eta ipuinez osatua. 2002an bere lehen eleberria argitaratu zuen: Odolbildua.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos