Ohorezko beste 12 euskaltzain izendatu ditu Akademiak eta orain 39 dira guztira

X. Arbelbide./
X. Arbelbide.

Emakume bat dago kide berrien artean, Maite Idirin kantaria, eta Kataluniako irakasle bat: Joan Martí i Castell

F. I. DONOSTIA

Ohorezko hamabi euskaltzain izendatu zituen atzo Euskaltzaindiak, Donostian egin duen osoko bilkuran: Paulo Agirrebaltzategi, Angel Aintziburu, Dionisio Amundarain, Xabier Amuriza, Xipri Arbelbide, Antonio Campos, Maite Idirin, Mixel Itzaina, Jon Landaburu, Joan Martí, Martin Orbe eta Manu Ruiz Urrestarazu.

Euskaltzaindiak aldiro-aldiro izendatzen ditu ohorezko euskaltzainak, bere arautegiaren arabera, euskarari egindako mesede bikainengatik. Azken izendapena 2010ean egin zen. Gaur egun 39 dira guztira.

Paulo Agirrebaltzategi Kortabarria (Araotz, Oñati, 1942) apaiz fran-tziskotarra da. 1971etik, Jakin aldizkariko kide, eta lauzpabost urtetan Jakin Taldearen arduradun izan zen. 1970eko hamarkadan, UZEIren fundatzaileetako bat izan zen eta 1990eko hamarkadan Eusenor egitasmo entziklopedista diseinatu zuen eta gainera bertako zuzendari orokorra izan zen.

Angel Aintziburu Kamino (Luzaide, 1930) bi libururen egilea da, bata 'Luzaiden gaindi', Jean Baptiste Etxarrenekin batera idatzia, eta bestea sorterriko kontakizunak biltzen dituen 'Luzaiden gaindi '2 izenburukoa.

Antonio Campos Illarramendi (Orio, 1942) ikastolen mugimenduaren arduradun nagusietako bat izan da 1980tik 2002ra bitartean.

Maite Idirin Solatxik (Ugao, 1943) Soziologia ikasi zuen, baina musika izan da bere bizitzaren ardatza. 1968an hasi zen herriz herri kantari. Bittor Egurrolarekin, Beti Alai taldearekin eta Zintzoak bikotearen laguntzaz, Herrikoi taldea sortu zuen. 1968An, 'Atahualpa Yupanki euskaraz' argitaratu zen, Durangoko Azokarako, Gabriel Arestik eta Paulo Iztuetak euskaratutako testuekin. Azken urteotan ere argitaratu izan ditu diskoak.

Dionisio Amundarain Sarasolak (Itsasondo, 1930) Teologia eta Filosofia ikasi zuen. Fraide beneditarra izan zen. 1974tik 1988 Goierriko Euskal Eskolan zuzendari jardun zen, helduen irakaskuntzan, alfabetatzen eta euskalduntzen. Maizpide euskaltegiaren zuzendaria ere izan zen, 1988ko apiriletik 1990eko martxora arte. Handik Gasteizera joan zen, HAEE-IVAP euskara-zerbitzuan lan egiteko.

Xabier Amuriza Sarrionandia (Etxano, Zorno-tza, 1941) bertsolari, kazetari, itzultzaile eta idazlea. Gogor apaiz taldeko kide izan zen. Bilboko Elizbarrutian itxialdia eta gose greba egiteagatik, 1969an atxilotu eta zazpi urtez egon zen preso Zamorako espetxean. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia bi aldiz (1980, 1982) jarraian irabazi zuen. Azken urteotan liburuak idazten ari da, bati narratibakoak bai euskarari berari buruzkoak.

Xipri Arbelbide Mendiburu (Heleta, 1934) apaiza da. 1961ean Teologian lizentziatu zen Lyonen. Naoned (Bretainia) eta Belgikan ere ikasketak egin zituen. Boli Kostan 1964 eta 1975 artean ibili zen misiolari eta irakasle; hango esperientziaz frantsesezko zein euskarazko liburuak idatzi zituen. 1977 eta 1982 artean Uharte Garaziko apaiz jardun zen eta 1998an Aiherra-Izturitzekoa izendatu zuten.

Mixel Itzainak (Aldude, 1933) euskal kulturaz sarri idatzi du 'Herria' edota 'Gure Herria' aldizkarietan. Bertso saio eta txapelketan gai-jartzaile eta epaile lanetan ibili da luzaroan. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko epaile izan zen hainbat aldiz.

Joan Martí i Castell (Tarragona, 1945) Tarragonako Rovira i Virgili Unibertsitatearen sortzailea da. 30 liburu baino gehiago argitaratu ditu katalan hizkuntzaren historia, gramatika eta erabilerari buruz.

Jon Landaburu Illarramendik (Paris, 1943) Andeetako Unibertsitatean Etnolinguistikako programa garrantzitsua zuzendu zuen (1984-1996). EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrako ohorezko kidea da. 2012an Linguapax saria eman zioten.

Martin Orbe Monasterio (Errigoiti, 1934) Gogor apaiz taldeko kide izan zen. Zamorako kartzelatik irten ostean Ipar Euskal Herrira egin zuen ihes, eta han hasi zen lanean sortu berria zen Udako Euskal Unibertsitatean (UEU). Horko zuzendaria izan zen hainbnat urtez.

Manu Ruiz Urrestarazuk (Donostia, 1941) Mendi Ingeniaritza ikasi zuen, arlo horretan doktorea delarik. Euskaltzaindiko Arabako ordezkaria izan da hainbat urtez.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos