«1969an ez zen posible izango nobela hau gaztelaniaz publikatzea»

Beñat Sarasola eta Ramon Saizarbitoria, Donostiako Udal Liburutegi zaharrean egin den aurkezpenean./USOZ
Beñat Sarasola eta Ramon Saizarbitoria, Donostiako Udal Liburutegi zaharrean egin den aurkezpenean. / USOZ

Ramon Saizarbitoriaren 'Egunero hasten delako' berrargitaratu du Ereinek, Alberto Corazónek sortutako jatorrizko azalarekin

NEREA AZURMENDIDONOSTIA

«Euskal literatureak, nobela arloan hain txikia ta pobrea izanik, holako amar libururekin gorakada izugarrizkoa emongo dau. Editoriala, LUR da (zuzenbidea: LUR-Villa Zutik-Paseo Arbola-Donostia). Prezioa, suskritoreentzat 50 peseta. Besteentzat 100. Eta azkenik, eskari bat: Saizarbitoria, idatzi eizu beste nobela bat. Eta bat baino gehiago badira, obe». Horixe idatzi zuen Xabier Gereño zenak 1969ko abenduaren 30eko 'Anaitasuna' aldizkarian, argitaratu berria zen Ramon Saizarbitoriaren (Donostia, 1944) 'Egunero hasten delako' nobelari buruz. «Lan ausartia, orainarte euskeraz egin ez dan lakoa», Gereñoren ustez.

Euskaltzale, idazle eta eragile bizkaitarra izan zen, Saizarbitoriak Ereinek 50. urteurrenerako atondu duen edizio berriaren aurkezpenean esan zuenez, gerora euskal nobelagintzaren mugarritzat hartua izan den eleberria aipatu zuen bakarra. Saizarbitoriak berak transzendentzia asmorik gabe idatzi zuen nobela– Friburgon eman zuen amaitutzat, 1968ko apirilaren 25ean–, «ardurarik gabe, idazte aldera...».

Idazle donostiarraren ondoan, Udal Liburutegien Sareko zuzendari Arantza Urkia, urteurrenaren inguruko jarduerak koordinatzen ari den Beñat Sarasola eta Ereineko editore Iñaki Aldekoa izan ziren aurkezpenean. Hainbat adiskide ere gerturatu zitzaizkion, besteak beste nobela argitaratzeko modukoa zela ebatzi zuen Ibon Sarasola –haren «sena literarioa goretsi» zuen Saizarbitoriak– Arantxa Urretabizkaiarekin eta beste zenbaitekin batera Lur Argitaletxearen sorreran abentura kide izan zuena.

Mundu berriaren zantzuak

1969ko frankismopeko Euskal Herri hartan, 'Egunero hasten delako'-k «Europan zebilen mundu berria ekarri zuen, inguruko modernotasuna, beste mundu baten iragarpena. Harrigarria da 24 urteko gazteak nola zupatu zuen mundu hura», adierazi zuen Iñaki Aldekoak.

Saizarbitoriaren nobelak 1968ko iraultza moduko hartan sortutako haize-bafada helarazi zuen orduantxe arnasberritzen hasia zen euskararen eta euskal kulturaren eta letren «mundu zaharrarera». Beste adinkide batzuk bezala, mundu hartan bizi zelako batik bat. «Ez da nire meritua 1944an jaio izana» azalduz, uko egin zion neurri batean bere ekarpena mitifikatzeari, eta onartu zuen bizigarriagoa zela garai hura gaurkoa baino. Orduko «azpigarapenak bazituen alde txarrak, eta onak ere bai, erdipurdiko egoerak ez bezala. Horixe da okerrena, eta hor gaude; galdu ditugu gauza on batzuk, eta ez gara iritsi garapen osora», esan zuen.

Testuinguru hartan, Francoren menpeko Espainian aipaezinak ziren gaiak aukeratu zituen aurreneko nobelararako inhibizio eta lotsa handirik gabeko gazteak, Suitzan ikasitako soziologoak: sexu harreman askeak, kontrazepzioa, abortua... Espainian, hain zuzen, Kode Penalean egon zen pilula antisorgailua (arazo medikoentzat ez bazen) 1978ra arte; 1985era arte erabateko despenalizazioa 2010ean iritsi zitzaion abortua.

Zentsurari iskin

«Nobela abortuaren aldeko alegatu bat da», idatzi zuen Saizarbitoriak oraingo edizio honetarako gorde den 2007ko hitzaurre argigarrian, non irakur daitezkeen aurkezpenean kontatu zituen pasadizo ugari, horiek ere oso lagungarriak 'Egunero hasten delako' testuinguru egokian kokatzeko. Baieztapen hura berretsi zuen atzo.

Abortua, gogoratu zuen, aipatzen zen gaztelaniazko literaturan, baina haren alde tragiko eta siniestroak nabarmentzen ziren, beldurgarrienak, disuasio-neurri tankerakoak. Aipamen haiek ez zuten zerikusirik sexu harreman askeekin, are gutxiago emakumeen eskubideekin. Alde horretatik, asaldatzailea da eleberriko protagonismoa izenik gabeko gizonezko Berritsuarekin partekatzen duen Gisèle Sergier gaztearen jarrera.

Nolatan, hortaz, lortu zuen Lur argitaletxe sortu berriak liburua argitaratzea? Lehenik eta behin, Lur sortu zutelako argitaratu zen. «Harpidedun asko eta irakurle gutxi» zituen argitaletxea, 1969an 'Eguneko hasten delako'-rekin batera Gabriel Arestiren bi liburu, Saizarbitoriaren eta Sarasolaren poema liburu bana eta Txillardegiren 'Elsa Scheelen' plazaratu zituena.

Zentsorearen onespena behar zuten denek, jakina, argia ikusteko. Gabriel Arestiren aholkuari jarraiki, Antonio Arrue euskaltzale eta euskaltzain karlistarengana jo zuten. Frankismoarekin zituen harreman onen kontura, Euskaltzaindia bera eta euskararekin zerikusia zuten beste zenbait ekimen estutasun batetik baino gehiagotik ateratakoa zen Arrue. «Gauza hauek beste hizkuntza batzuetan egiten badira, zergatik ez euskaraz», esan omen zuen, eta argitaratzeko baimena lortu. Saizarbitoriak uste du irakurri ere ez zuela egin, eta 'Egunero hasten delako' irakurleengana iritsi zela «orrialdeetan Gora Euskadirik agertzen ez zelako».

Alberto Corazónek azaleko irudia egiteko Lourdesen Ama Birjina agertu zitzaion Santa Bernadetteren aurpegia aukeratu izanak ere ekarri zizkion buruhausteren batzuk Saizarbitoriari –hitzaurrean kontatzen du horri buruzko pasartea– baina, hala eta guztiz ere, lortu zuten zentsurari iskin egitea. Gaur egun, bi gauza dauzka argi idazleak: liburuan aipatzen diren zenbait gai, abortua barne, gaurkotasun handikoak direla tamalez, eta 'Egunero hasten delako' gaztelaniaz publikatzea ez zela posible izango 1969an.

Azken 50 urteotan izan diren aldaketei buruzko gogoetarako oso lagungarriak diren ideiak ere aurki daitezke liburuan. Beste askoren artean, nobelaren azken paragrafotik ateratako esandi hau, 1968an idatzia: «Nik mila aldiz nahiago dut oraingo gazte hauen errebeldiaren arriskua gure garaikoen antzutasuna baino».

Temas

Euskera