1964an Baionan egin zen Biltzarraren ekarpenari eta garaiari begirada

Bisitariak, inaugurazio ekitaldian, erakusketako panelei begira./EUSKALTZAINDIA
Bisitariak, inaugurazio ekitaldian, erakusketako panelei begira. / EUSKALTZAINDIA

Euskaltzaindiak prestatu duen 'Baiona, 1964: euskara batuaren zedarria' erakusketa 2019ko urtarrilaren 13a arte izango da ikusgai Lapurdiko hiriburuko Euskal Museoan

Euskaltzaindiak Arantzazun ospatu zituen euskara batuaren 50 urtean, ondo ospatu ere, baina 54. urteurrena ere izan du gogoan, begirada Baionan egin zen biltzarrean jarrita. Irailaren 13an, alegia, 'Euskara batua eta Ipar Euskal Herria: 1964-2018' izeneko kolokioa antolatu zuen Euskaltzaindiak, Baionako Herriko Etxean. Bertan, euskararen batasunari Ipar Euskal Herritik egindako ekarpena gogoratu eta aztertu zen. Era berean, aurrera begira euskara batuak Ipar Euskal Herritik begiratuta dituen erronkak zeintzuk diren eztabaidatu zen kolokio horretan. Izan ere, 1960. hamarkadaren hasieran ekarpen esanguratsua egin zitzaion euskararen batasun prozesuari Ipar Euskal Herritik. 

Orain, Euskaltzaindiak erakusketa batean gogoratu nahi izan du 1964ko bilkuretan gertatutakoa eta Baionako batzar horietan euskara batuari eginiko ekarpen garrantzitsuak. Horretarako, Euskal Elkargoaren, Euskararen Erakunde Publikoaren, Baionako Herriko Etxearen eta Crédit Agricole-ren babesa jaso du, Baionako Euskal Museoaren laguntza ahaztu gabe. Erakusketa zabaldu berri dute Baionako Euskal Museoan, eta bertan izango da ikusgai 2019ko urtarrilaren 13a arte.

Euskara batuaren oinarriak

Xarles Videgain euskaltzainburuordearen hitzetan, «Baionan, Cordeliers karrikan, 1964ko agorrilean, euskara batuaren oinarriak jarriak izan ziren, erabaki zehatz batzuk aurkeztu zituelarik talde-lan batek, Txillardegiren inguruan eta Euskal Idazkaritzaren eskutik. Aitzineko urteetan ere batuaren asmoa emeki-emeki zoritu zen, Baionan agertu arte. Ondoko urteetan, berriz, Baionako erabakiak ezagutu bai eta ontzat harturik, 1968ko Arantzazuko bilkura antolatu zuen Euskaltzaindiak, ordutik Euskal Herriko gizartean oihartzun zabala hartu duelarik euskara batuak».

Euskaltzaindiak antolatutako erakusketak hori guztia erakusten du panelen, testigantzen, irudien eta dokumentu originalen bidez. Gogoratuko du, hain zuzen, Euskaltzaindiak sortzetik beretik hartu zuela hizkera literarioa osatzeko xedea. Ortografia finkatu, hiztegia eguneratu, euskaldun guztientzat idatzarau berak zehaztu eta beste hainbat arlo landu behar ziren euskarak geroa izan zezan. «Baina ez zen adostasunik lortzen, batasun hori nola egin, zeren arabera, zer hobetsi, zertan oinarritu. Euskalkien aberastasuna galtzeko beldur ziren», gogoratu du Akademiak erakusketaren berri emateko zabaldu duen oharrean.

Euskara batuaren premia areagotu egin zen 60ko hamarkadan. Txillardegik, beste batzuekin batera, bere gain hartu zuen ardura. Lantaldea osatu eta ia urtebetez aritu ziren lanean, Baiona Ttipian, Euskal Idazkaritza elkartearen babesean. Finean, lantalde horren emaitzak osatu zuen euskara batuaren lehen oinarria, eta 1964ko agorrilaren bukaeran aurkeztu zieten Euskal Idazkaritzan bildu ziren Euskal Herri osoko berrogei bat euskaltzaleri. Henri Grenet auzapez-diputatuak eta gainerako hautetsiek ongietorria egin zieten herriko etxean.

Nagusiki zortzi lagun aritu ziren lantaldean: Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, Jean-Louis Davant, Eneko Irigarai, Jesus Solaun, Telesforo Monzón, Roger Idiart, Pierre Andiazabal eta Jean Hiriart-Urruty. Lantaldearen proposamen zehatzak: hitzen deklinabidea, ortografiarako irizpideak, izan eta ukan aditzak, eta h-dun hitzen zerrenda bat.

Baionako Biltzarreko babesle Pierre Lafittek zintzo-zintzo helarazi zituen proposamenak Euskaltzaindira, eta, hala, abiapuntu sendo bat jarri zitzaien eskura aurrerantzean bidea urratu beharko zutenei. 1968ko Arantzazuko Biltzarrean Euskaltzaindiak euskara batzeko lehen arau-multzoak finkatu zituen.

Atxikimendu gehiago

Bestalde, Ipar Euskal Herriko zenbait erakunde eta elkartek Euskal Museoko erakusketaren inaugurazioa profitatu zuten Euskara Batuaren Adierazpenari atxikimendua adierazteko. Honakoak dira atxikimendu berriak: Euskal Elkargoaren lehendakaria eta Baionako auzapeza, Jean Rene Etxegarai; Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakaria, Beñat Arrabit; Mauleko auzapeza, Mixel Etxebest; Euskal Irratiak-en lehendakaia, Maritxu Lopepe; IKER-UMR 5478 ikergunearen zuzendaria, Urtzi Etxeberria; Euskal Kultur Erakundearen zuzendaria, Pantxoa Etchegoin; Seaskaren lehendakaria, Paskal Indo eta Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak. Azken hiru horiek Arantzazun sinatu zuten, baina berriro sinatu nahi izan dute Baionako ekitaldian.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos