150.000 euro Euskadi Literatura Sariak hornitzeko

Iazko Euskadi Literatura sariak banatu zituzteneko irudia/Igor Martin
Iazko Euskadi Literatura sariak banatu zituzteneko irudia / Igor Martin

Zazpi modalitate izango dituzte sariek eta irabazle bakoitzak 18.000 euro jasoko ditu. Diru kopuru horri beste 4.000 euro gehituko zaizkio saritutako lanak beste hizkuntza batzuetara itzultzen badira

DVDonostia

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak 150.000 euroko aurrekontu saila onartu du, astearte honetako saioan, 2019ko Euskadi Literatura Sariak antolatzeko. Aurreko edizioan bezala, sariek zazpi modalitate izango dituzte eta irabazle bakoitzak 18.000 euroko saria jasoko du. Diru kopuru horri beste 4.000 euro gehituko zaizkio saritutako lanak beste hizkuntza batzuetara itzultzen badira, Jaurlaritzako arduradunek adierazi dutenez.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bultzatzen dituen Euskadi Literatura Sariek modalitate hauek dituzte: Euskarazko Literatura, Gaztelaniazko Literatura, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura, Euskarazko Literatura Itzulpena, Literatura Lanaren Ilustrazioa, Euskarazko Saiakera eta Gaztelaniazko Saiakera.

Modalitate bakoitzeko saridunek 18.000 euro jasoko dituzte. Halaber, saritutako lanen egileek beste 4.000 euro gordin jasoko dituzte, euskarazko itzulpenaren modalitatean izan ezik, baldin eta saritutako lana jatorrizkoaz bestelako hizkuntza batean argitaratzeko kontratua sinatzen badute 2019ko abenduaren 31 baino lehen.

Iazko Euskadi Literatura Sarietako irabazleak izan ziren, Euskarazko Literaturan, Eider Rodríguez ('Bihotz handiegia'); Gaztelaniazko Literaturan, Karmelo Caballero Iribarren ('Mientras me alejo'); Euskarazko Saiakeran, Kepa Altonaga ('Patagoniara Hazparnen barrena'); Gaztelaniazko Saiakeran, Santos Zunzunegui ('Bajo el Signo de la Melancolía'); Euskarazko Haur eta Gazte Literaturan, Eider Rodríguez ('Santa Familia'); Euskarazko Literatura Itzulpenean, Irene Aldasoro ('Gailur Ekaiztsuak', Emily Brontë); Literatura Lanaren Ilustrazioan, Yolanda Mosquera ('La pequeña Roque', Guy de Maupassant).

Temas

Euskera