Borrar
Egitasmoa martxoan abiatu bazen ere, asteazken honetan egin da aurkezpena. Argazkian, Garbiñe Mendizabal, Markel Olano eta Elena Sanchez. Arizmendi
1.200 nerabe, ikus-entzunezko sorkuntzan murgilduta 'Hi gazte!' egitasmoaren eskutik

1.200 nerabe, ikus-entzunezko sorkuntzan murgilduta 'Hi gazte!' egitasmoaren eskutik

14 eta 16 urte bitarteko Gipuzkoako gazteen artean euskarazko edukien lanketa, hedapena eta kontsumoa sustatzea du helburu Foru Aldundia hainbat ikastetxerekin batera garatzen ari den proiektuak

n. azurmendi

Miércoles, 19 de mayo 2021, 14:15

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Une honetantxe, ikus-entzunezkoen sorkuntzan murgilduta dabiltza Gipuzkoako 15 ikastetxetako 14 eta 16 urte arteko 1.200 nerabe, 'Hi gazte!' proiektuaren baitan. 'Atea' kontzeptuarekin zerikusia duten bideo labur bat sortu behar dute, eta sare sozialen bitartez hedatu, beste gazte eta nerabe batzuek euren interes eta zaletasunei erantzuten dieten euskarazko ikus-entzunezko produktuak aurki ditzaten. 'Hi gazte!', lehiaketa izaera duen proiektua, martxoan abiatu zen, aurkezpen saioekin, eta aurtengoari dagokionez ekainaren 16an amaitu da, sari banaketarekin.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritzak ikastetxeekin batera abiarazi duen proiektuaren xedea bikoitza da: sorkuntzaren ateak ireki gaztetxoei, eta euskararen erabilera sustatu, aisialdiaren zutabeetako bat bilakatzen ari diren ikus-entzunezko edukietan jaun eta jabe baita gaztelania. «Belaunaldi berrien artean bereziki, pantailak eta sare sozialak dira edukiak kontsumitzeko euskarri nagusia. Testuinguru horretan, beraz, funtsezkoa da haur eta gazteen ikus entzunezko erreferente eta erreferentziak euskaraz aritzea», azpimarratu du martxoan abiatu zen ekimenaren aurkezpenean Markel Olano diputatu nagusiak. «Ikus-entzunezkoen alorra hil ala bizikoa da, euskararen etorkizuna bermatzeko ahaleginean», diputatu nagusiaren hitzetan.

Markel Olanorekin eta Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendari Garbiñe Mendizabalekin batera, aurkezpenean izan dira Iñigo Salaberria, HEIZE Euskal Eskola Publikoko Zuzendaritza Elkarteen Federazioko presidentea; Zigor Ibarzabal, Ikastolen Elkarteko Hezkuntza arduraduna eta Elena Sanchez, Gipuzkoako Kristau Eskolako Pedagogia saileko ordezkaria. 'Hi gazte!' ikastorduz kanpoko ekimena da, baina ikastetxeen inplikazioa ezinbestekoa ari da izaten aurrera egin dezan. Hezkuntzako hiru eragileon ordezkarien hitzen arabera, oso arrakatatsua ari da izaten, eta denak azaldu dira esperientziarekin jarraitzeko prest.

«Sorkuntza eta komunitatea»

Proiektua ez da berria, baina 2021 honetan kontsolidatutzat jo daiteke, eta hazkundearen atarian. «Aurreneko saioa 2018an egin zen, ikastetxe bakar batekin eta 60 bat ikaslerekin. 2019an sei ikastetxek eta 209 ikaslek hartu zuten parte. Iazkoa pandemiak baldintzatu zuen, eta aurten buru-belarri ibili gara ikastetxeetan inplantatzen, uste dugulako oso inportantea dela sorkuntza eta edukiak bultzatzea, eta garrantzitsuagoa oraindik komunitatea sustatzea», adierazi du Olanok, gehituz helburua dela «hedatzea, geroz eta gehiagotara iristeko, ikusten ari garelako oso arrakastatsua dela eta hazkunderako aukera handiak dituela». Markel Olanoren hitzetan, bai sorkuntzan, bai hedapenean, «erronka da gazteak eurek izatea protagonista, eurek hartzea ardura modu aurogestionatuan».

Alderdi horiek nabarmendu ditu halaber Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabalek. Adin honetako neska-mutilak, egin diren ikerketa denek erakutsi duten moduan, «gure hizkuntzatik bastante urruti daude, eta beraiengandik sortu behar da iraultza txiki bat. Aurreko esperientzietatik ikasi duguna aplikatu dugu aurten, eta horrek jartzen gaitu paradigma berri baten aurrean. Arrakastaren gakoa ikastetxeen inplikazioan datza, baina ikastetxeetatik kanpo egindako ekimena da, igarotzen gara eskolatik antzokira, dibertitzeko aukera bat da». Ez da, beraz, «euskara bultzatzeko ekimena, oinarria baita ikus-entzunezkoak sortzea, euskaraz, beraien estiloan».

Ekimenaren zati garrantzitsuetako bat hedapena da, partekatzea, nerabeek sortzea nerabeei zuzendutako edukiak, eta urrats horretan berebiziko garrantzia dute eragina biderkatzea ahalbidetzen duten sare sozialek. «Parte-hartzaileak 1.200 dira, baina azken hiru hilabeteetan 30.000 erabiltzaile bakar izan ditu Instragrameko kontuak, eta 4.600 interakzio izan dira», zehaztu du Mendizabalek, eta gogoratu du parte hartzeko aukera 14-16 urte bitarteko nerabe guztiek dutela, ez baita ezinbestekoa ikastetxe jakin bati atxikitako talde baten kide izatea erronkan parte hartzeko.

Sortzaile gazteak gidari

Lehendabiziko erronka aurkezteko, martxoan Gipuzkoan barrena egindako aurrez aurreko saioak antolatu ziren. Horietan guztietan, sortzaile gazteak izan ziren gidari, gaur egun «jomugan» dauden musika eta sorkuntza estiloak jorratzen dituztenak: regetoia, trapa, rapa, musika elektronikoa, interpretazioa, literatura eta abar. Hain justu ere, Iratxe Aguilera Kai Nakai, Ilargi Arrizabalaga Ilargi konpositorea, Oihana Arana bertsolaria eta idazlea, Uxue Iturrate Ningra rap abeslaria, Oier Markotegi Odik musikaria eta Iholdi Beristain aktorea eta abeslaria izan ziren gidariak. Azken horiek guztiek beren lanak plazaratu, galderei erantzun eta gazteak sorkuntza prozesura gerturatu zituzten, parte-hartzaileak lema edo lelo bat sortzera animatuz.

Bigarren saioetan, berriz, Kai Nakairen eta Maialen Sorzabalbere gidoigilearen eskutik, ikus-entzunezkoen sorkuntzan jarri zuten arreta. Objektu bat proposatu zitzaien nerabeei, 'atea', eta ideia horretatik abiatuz bideo laburrak grabatu zituzten beren mugikorren bitartez. Azkenik, datozen asteetan online saio bana egin eta hirugarren erronka partekatuko du Aldundiak eta ekainaren 16an ezagutuko dugu nor den irabazlea, Tabakalerak egingo den ekitaldian.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios