1.060.000 euroko laguntzekin hornitu dituzte Sormen Lantegiak

Iaz, besteak beste, Bitamine Faktoriak jaso zuen 'Sorgune' laguntza/Bitamine Faktoria
Iaz, besteak beste, Bitamine Faktoriak jaso zuen 'Sorgune' laguntza / Bitamine Faktoria

Sorguneren deialdiaren bitartez, iaz 5 proiektu artistikori eman zitzaien laguntza, eta Bitartez ekimenarekin 17 proposamen kultural lagundu ziren diruz

Proiektu kulturalei bultzada emateko diru-laguntzak jaso dituzte Sormen Lantegiek. Batetik, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 560.000 euroko inbertsioa egingo du sormen-praktikak babestuko dituzten espazio kultural independenteak bultzatzeko, Sorguneak deitutakoak. Bestetik, guztira 500.000 euro inbertituko dira kulturaren eta gizartearen arloko bitartekaritza- eta berrikuntza-proiektuak babesteko, Bitartez deialdiaren bidez. Bi deialdi horien bidez, joan den urtean, guztira, 22 proiektuk jaso zituzten diru-laguntzak.

Jaurlaritzak 1.060.000 euroko aurrekontua onetsi du bi diru-laguntza deialdiren bitartez Sormen Lantegiak bultzatzeko, Ikertu deialdiarekin batera Sormen Lantegiak bultzatzeko laguntzen mapa osatzen dutenak.

Sorgune deialdiaren bitartez, espazio kultural independenteetako jarduera eta proiektuak babestea da asmoa. Espazio horien aldetik programa espezifikoen garapena diruz babestea da laguntzen xedea, bai pertsonek bai kolektibo artistikoek beren sorkuntza- eta produkzio-prozesuak garatu ahal ditzaten.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzak adierazi denez, «adierazpide artistiko desberdinak berritzera, talentua detektatu eta babestera, partaidetzazko kudeaketa eta tokiko ingurunearekiko harremana bultzatzera» bideratuko dituzte laguntzak.

Jarduera-proiektu horiek kulturaren edo sormenaren sektoreren batean egon behar dute kokatuta: ikusizko arteak, zinea eta ikus-entzunezkoak, dantza, literatura, musika, antzerkia, zirkua, magia edota Bertsolaritza, adibidez.

Proiektuko 120.000 euro

Hautatutako proiektu bakoitzari emandako gehienezko kopuruak ezin izango ditu gainditu 120.000 euroak, ezta, inongo kasutan ere, gastuen aurrekontuaren %70 ere.

Joan den urtean bost espaziori eman zitzaizkien diru-laguntzak: Consonni, Bitamine Faktoria, Azala, Garaion Sorgingunea eta KunArte (Teatro Paraiso).

Bitartez deialdian parte hartu ahal izateko, aurkeztutako proiektuek talentuaren sustapena bultzatzea, publiko desberdinei zuzentzeko izango diren harreman- eta bitartekaritza-bide berriak sortzea, baterako sorkuntza eta hibridazioa sormena bultzatzeko, eta ekimenen garapena, jardun kulturaletatik kulturaren eta gizartearen berrikuntzarako estrategiak planteatuko dituztenak izan beharko dute, dotazio, azpiegitura eta egitura egokiekin.

Joan den urtean, deialdi honen bitartez 17 proiektu babestu ziren; tartean, ZAS Kultur Espazioa, La Taller, Gau Irekia 2018, Guerrilla Art, Ekintza eta ZineGazteLab.

Bi deialdi horiez gain, urtero bultzatzen dute, baita ere, Ikertu deialdia. Sorkuntza kulturalari zuzendutako laguntzen barruan, modalitate honen helburua da proiektuen eta prototipoen aurrediseinura zuzendutako sorkuntza-prozesuak laguntzea. Joan den urtean 12 ekimenek jaso zituzten diru-laguntzak.

Temas

Euskera