Zumaiena, neska eta emakumeen hezkuntzaren Unesco sarietan

Zumaienako zuzendaritza taldea. / ZUMAIENA IKASTETXEA
Zumaienako zuzendaritza taldea. / ZUMAIENA IKASTETXEA

Ikastetxearen proiektua eta Nafarroako Hezkuntza sailak aurkeztutakoa daude prozesuan

SARA UTRERAZUMAIA.

Zumaiena Ikastetxean azken lau urteetan landu eta garatu duten hezikidetza programa 'Unesco prize for Girl's and Women's education' izeneko lehiaketarako hautatua izan da.

«Unesco etxetik hasieratik argi esan ziguten, estatu mailako gehienez ere bi proiektuk bakarrik zutela nazioarte mailara pasatzeko aukera eta filtro hori Espainiako Zientzia, berrikuntza eta unibertsitateetako ministeriok aukeratzen zituela estatu mailako Unescoren babesarekin. Eta aurkeztutako proiektuak mailarik ez zutela ikusiz gero, bidali ere ez zirela egiten. Hori kontuan harturik, guk orain arte egin dugun lanketa bidaltzea pentsatu genuen», azaldu dute Ikastetxetik.

Hala, apirilean, Unesco etxearen bitartez, aurkeztu zuten proiektua eta maiatzaren 28an Unesco egoitza nagusitik posta elektroniko bat jaso zuten Zumaienaren proiektua prozesuan zegoela esanaz. «Mezu berdinean ikusten zen Nafarroako hezkuntza departamenduak aurkeztutako proiektua ere bertan zela. Hau da, Espainiako Unesco egoitzak bidali zituen bi proiektuak Nafarroako hezkuntza sailak egin duena eta Zumaienarena zirela».

Ikastetxearentzat «izugarrizko sorpresa» izan dela onartu dute. «Alde batetik, gure proiektua nazioarte mailara pasatzeko modukoa iruditu zaielako eta bestetik, aurkeztu den beste proiektua, hezkuntza departamentu batek egin duena delako eta guretzat, ikastetxe txiki bat izanik eta ditugun baliabide mugatuekin egindakoa izanik izugarrizko balioa du». Zumaienaren proiektuari 'Fempowering classrooms proyect' izena jarri zioten hautagaitza honetan aurkezteko. «Egia esan, guk azken hiru urteetan hezkidetza programa deitu diogu ikastetxean, baina izen batekin bidaltzea egokiagoa iruditu zaigu», diote. Proiektua bere osotasunean orain dela hiru urte jarri zuten abian. «Urtero egindako ekintzen balorazioa eta hobekuntzak ezarriz. Guk, behar bat ikusi genuen gai honi gogor eusteko eta gure baliabide urriekin landu eta martxan jarri genuen», adierazi dute.

Bide honetan jarraitu

Hezkuntza oinarrizkoa da gizartearen eraldaketa jasangarri eta arduratsu bat emateko. «Hezkuntza erakundeek parte aktibo izan behar dugu eraldaketa horretan eta ditugun garapen iraunkorrerako 17 helburuak betetzeko gure hondar alea ezarriz. Hau horrela eta bizi garen mundu global eta anitzean, genero berdintasuna oraindik utopia bat bezala ikusten baldin bada ere, buelta eman behar diogu errealitate honi», azaldu dute, eta gaineratu dute: «Konpromiso handia dugu guk eraldaketa horretan, hezkuntza eraldatzaile batean gaude murgilduta eta garbi dugu lortu daitekeela, asko jokatzen baitugu.Orain dela hiru urte abian jarri genuen genero berdintasuneko proiektua anbizio handikoa izan arren, garbi dugu bide honetan jarraitu nahi dugula».