Zumaia
Zumaiena, Ikastolen Mugimenduaren 115.enaIkastolan sortutako 'Ekolaborategiak' estatu mailako 'Premios a la Ecoinnovación' sarietan finalista izan da
Ikastolen Mugimenduko 115. Ikastola da jada Zumaiena ikastola. Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartearen urteko ohiko Batzar Nagusia egin zen ostegunean, eta batzar horretan erabaki zuten Zumaiako ikastolak egindako eskaerari baiezkoa ematea.
Badira bi urte Zumaienako ordezkariak Ikastolen Elkartearekin harremanetan jarri zirela, ikastola bihurtu eta elkartean sartzeko bideaz hitz egiteko. «Ordutik harremanetan izan gara, eta Ikastolen Elkartetik akonpainamendua egin zaio hezkuntza-arloan, egonkortasunaren arloan eta arlo sozietarioan, egin beharreko ibilbidea egiteko. Azken hilabeteetan prozesua bizkortu egin da, eta Batzarrera onarpenerako proposamena lotuta iritsi da», azaldu dute Ikastolen Elkartetik.
Bi lerrotako ikastola da Zumaiena, Haur Hezkuntzatik Batxilergorainoko eskaintza dauka. 600 ikasletik gora, 400 familia eta 80 irakasle eta langile inguru ditu. «Azpiegituren berrikuntzaz gain, hezkuntza eskaintza aberasteko eta aukera berriak sortzeko apustu garbia egin dute, profesional onenekin elkarlanean eta zientziak egindako ekarpenak oinarri hartuta».
Guztiarekin ikastola izateko eta mugimenduan sartzeko oniritzia eta ongietorria eman dizkio Batzar Nagusiak, aho batez, Zumaiena ikastolari, eta horrela, elkarteko 115. ikastola bihurtu da.
Zumaiena Ikastolatik urrats berri honengatik zoriontsu direla adierazi dute, eta prozesu honetara eraman dituen pausoak gogoratu dituzte. «Azken urteetan elkarlanean oinarrituriko aurrerapauso handiak eman ditugu gure hezkuntza eskaintza indartu eta aberasteko helburuz: Haur Hezkuntzaren eraldaketa, Batxilergoaren ezarpena, Unesco Eskola sareen nazioarteko sarean barneratzea, unibertsitateekin elkarlan akordioak, Jangela eta Sukalde Giroan proiektua, Baso Magikoa, ekolaborategia, Lehen Hezkuntza guztiaren eraldaketa... Egindako hau guztia, ordea, hasiera besterik ez da izan», nabarmendu dute.
Ikastolatik azaldu dutenez, Hezkuntza Proiektu eraldatzailea aurrera eramateko Ikastolen Elkartea bidelagun izan dute. Apirilean aurkeztu zituzten hurrengo urteetako ezarrita dituzten helburu estrategikoak zein zutabetan oinarritzen diren «eta Ikastolen Elkartearen babesean bideratuko ditugun proiektu berriak oso harrera ona izan zuen».
Horren harira, ostegunean, Euskal Herriko lurralde guztietako 114 ikastoletako ordezkariak bildu ziren, eta aho batez onartu zuten Zumaiena Hezkuntza Elkartea bertako kide izatea. «Beraz, modu ofizialean, Zumaiena Ikastolaren aro berria hasten da. Ilusio handiz jarraituko dugu gaurtik aurrera ere proiektu zoragarri honetan lanean, zuekin elkarlanean», gaineratu dute.
Ekolaborategia, finalista
Bestalde, ikastolan sortutako Ekolaborategia proiektua finalista izan da estatu mailan izan den 'Premios a la Ecoinnovación' sarietan. Fundación Europea Sociedad y Educación / European Foundation Society and Education delakoak antolatu eta Endesa Fundazioak babestutariko sariak dira hauek.
Ikasturtean zehar adin guztietako ikasleek hartu dute parte Ekolaborategian, ikas-prozesuari balio erantsia emanaz. «Egindako lana baloratu eta fase desberdinak igaro ondoren, gure proiektua finalista geratu da: aurkeztu dugun proiektuaren maila eta ikasleek egindako lanketa goraipatu dute epaimahaikideek aho batez», azaldu dute Zumaienatik.
Ikasleen bizi guztirako ikaskuntza garatzeko helburuz, hezkuntza curriculuma aberasten eta ikasleen ikaskuntza-prozesu aktiboa sustatzen duten proiektu eta espazioak ari dira sortzen azken urteotan profesional desberdinekin elkarlanean. Euri-ura jaso, uraren kalitatea aztertu, landaketak egin, elektrizitatea sortu, makinen funtzionamendua aztertu, automatizazioa bideratu... kalkulu eta azterketa horiek guztiak bideratzen aritu dira ikasturtean zehar ikasleak: hala, fisika, kimika, matematikak, teknologiak eta bestelako ikasgaiak bat egiten dute zeharka proiektu honetan. «Egindako ikaskuntza horiek balio ekosozialetan oinarritzeak balio erantsi nabarmena ematen dio honi, curriculuma eta balioak uztartuz eta, azken finean, ikasitakoari zentzua emanaz».
Etapa guztietako ikasleek hartu dute parte Ekolaborategian, bai maila kolektiboan, baita ikasleei modu partikularrean sortutako interesetatik abiatuta ere. «Ekolaborategiaren diseinuaren maketak edota ur-ponpaketa automatikoak modu jasangarrian bideratzeko proiektuen azterketan, garapenean eta instalazioan DBH4ko ikasle batzuk egindako lana goraipatzekoak dira. Ikasle horiek aipamen berezia jaso dute sari hauetan, beraien diploma propioa lortuz», adierazi dute.
Horrelako proiektu bereziak aurrera ateratzeko lanean diharduten irakasle eta ikasleei «zorionik beroenak» eman nahi dizkio Zumaienako zuzendaritzak.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.