«Zumaiarrei ahotsa ez ematea erabaki du udalbatzak», dio KGD-k

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Zumaiako Udalak egindako bilkuran, Kalea Guztiona Da ekimenak abenduan aurkeztutako mozioa eztabaidatu zen. EAJ-k eta PSE-EEk aurkako botoa eman zuten, EH Bilduk aldekoa eta Jon Iraola abstenitu egin zen; alkatearen kalitatezko botoarekin hartu zen mozioa atzera botatzeko erabakia. «Berdinketa beraz, baina alkatearen iritziak bikoitza balio duenez inorekin hitz egin eta adostu gabeko debekuek indarrean jarraituko dute hauteskundeak izan arte», diote KGD-ko kideek.

2016ko otsailean herriko eremu publikoetan jartzen diren kartel eta pankarta guztiak kentzeko erabakia hartu zen, edozein delarik hauen eduki, jatorri edota helburua. Data hori baliatuz, Kalea Guztiona Dak udalbatzara eraman zituen orain hiru urte ekimenaren sorrera eragin zuten oinarriak: «debekuek arazoa ez dute konpontzen, larriagotu baizik eta konponbidea herritarrei eta herriko taldeei hitza eta erabakia ematea dela».

«Alkateak bere zilborrari begirako ariketa bat eginez, batzuetan alderdikeriaz eta bestetan zuzenean gezurra erabiliz, diskurtso oldarkor batean hiru urte hauetan bere jarrera onena izan dela berretsi zuen udalbatzan, herritarrei hitza zergatik ukatuko dieten azaldu nahian. Eta berriz hauteskundeak irabaziz gero, gai honi dagokion bere asmoaren berri eman zuen: alkateari baimenik eskatu gabe kalea erabiltzen dutenen aurkako isun zerrenda bat onartzea, Mozal Ordenantza, alegia», adierazi dute.

Parte hartzea bermatzea

KGD iritziak, orain dela hiru urte sortu zenean eta orain berdina izaten jarraitzen duela azaldu dute. «Adierazpen askatasunaren mugak zeintzuk diren ezin du politikari batek erabaki bere bulegoan, eta are gutxiago eskaintzen duen konponbide bakarra baldin bada 'berari baimena eskatze' zer den onargarria eta zer ez erabakitzeko. Gai hau oso zaharra da, eta, oinarrizko eskubideak tartean dauden gai guztietan bezelaxe, ahalik eta parte-hartzerik handiena bermatzea da garran- tzitsuena», gaineratu dute.