Zumaiarrak ere Euskaraldiarekin bat

Euskaraldia ekimenaren aurkezpen ofiziala egin zen, ostegunean Kofradiako plazan.
/SARA UTRERA
Euskaraldia ekimenaren aurkezpen ofiziala egin zen, ostegunean Kofradiako plazan. / SARA UTRERA

SARA UTRERA ZUMAIA.

Euskaraldiaren aurkezpen ofiziala egin da Zumaian. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean ospatuko da '11 egun euskaraz lelopean'. Euskaraz hitz egin eta ulertzen duten herritarren arteko harremanetan hizkuntza ohiturak aldatzea du helburu, eta aurkezpen ekitaldian azaldu zutenez, «ekimen erraldoi bat izango da, jolas sozial ikaragarria, ekimen berritzailea... Kontua ez da euskararen alde egotea. Euskaladia euskara erabiltzeko ariketa izango da». Hala, era guztietako entitateak euskarazko hizkuntza praktikak babesteko neurriak hartzera bultzatzen du ere.

Euskal Herri osoan egingo den ariketa da. «Euskal Herriko instituzioak, euskara zaleak eta herritarrak eskutik joango dira, bat eginda. Zumaiak ere eman du parte-hartzeko izena eta herritar talde bat animatu gara dena martxan jartzera».

Antolatzaileek azaldu zutenez, euskaraz dakiten guztiek euskara ulertzen dutenei euskaraz bakarrik egitea lortu nahi da. «Zumaian, %74 euskaraz ondo hitz egiteko gai da. Eta ia %11 euskara ulertzeko gai da. Eta horixe da gakoa! Indar hori aktibatzea».

Euskaraldian 'Ahobizi' zein 'Belarriprest' modura parte hartu ahal izango dute nahi duten herritarrek (16 urtetik gorakoek) ekimenak iraungo duen 11 egunetan, eta hauek identifikatzeko bi eratako txapak egongo dira. 'Ahobizi' ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartuko duten lagunak dira. 'Belarriprest', berriz, euskaraz dakiten guzti guztiei beraiei euskaraz egiteko eskatuko diete. Ahal badute euskaraz erantzungo dute eta beste ba-tzuetan erdaraz. «Txapa paparrean dugula, euskara gehiago erabiltzea nahi dugu. Eta askotan jende askorekin erdaraz egiteko dugun ohitura aldatzea lortuko dugu. Hasteko 11 egun, baina gero 11 egun horietan hartutako ohitura berriak mantentzea errazagoa egingo zaigu guztioi», adierazi zuten antolatzaileek.

Irailaren 201tik aurrera

Izen ematea irailaren 20an zabalduko da. «Herritar guztiei egin nahi dizuegu gonbitea Euskaraldian parte hartzeko».

Amaitzeko, jatorri desberdineko 14 herritar, euskararekin harreman eta esperientzia oso desberdinak izan dituzten herritarrak, ekimenean parte hartzeko gonbidapena luzatu zuten, Kofradiako plazan. Oholtzaren gainean, ekimenaren ezaugarriak irakurri zituzten, hitz desberdinak idatzita zituen kartel banarekin lagunduta, ondoren 'Euskaraldia' hitza osatzeko.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos