Zumaia
Zumaiako Udalak deialdia luzatu die herriko elkarteei Olarro Egunean lan egitekoIrailaren 20an ospatuko da eta izen-emate epea abuztuaren 20ra arte egongo da zabalik
Sara Utrera
zumaia.
Larunbata, 9 abuztua 2025, 20:10
Datorren irailaren 20an Olarro Eguna ospatuko da Zumaian. Ohikoa denez, gastronomiak garrantzi handia izango du, eta olagarroa zein itsasoko produktuak dastagai izango dira txosnetan, baita herri bazkarian ere. Honek guztiak lan handia eskatzen du, eta Zumaiako Udalak herriko elkarteei laguntza eskatzen die beste urte batez. Hala, txosnetan zein herri bazkarian lan egiteko deialdia zabaldu die.
Udaletik aditzera eman dutenez, txosnetako lanetan, ostiralean (jaiaren aurreko egunean), talde bakoitzetik 20 lagun bildu beharko dira gutxienez (16 urtetik gorakoak) olagarroa moztu eta brotxetak egiteko. Festaren egunean, larunbatean, berriz, 09:00etatik 23:00etara luzatuko da egin beharreko lana, eta txosna bakoitzean 15-20 lagun aritu beharko dira.
Herri bazkariari dagokionez, talde batentzat lana egongo da. Lan honetako ezaugarri nagusiena da 400 lagunei herri bazkaria zerbitzatzeko beharrezkoak diren azpiegiturak eta tresnak ezartzea, bazkaria atera, txartelak kendu eta karpara sarrerak zaintzea, eta baita ondorengo txukuntze eta jasotze lanak (25 bat lagun). Sukaldaritza erakustaldirako beharrezko azpiegitura prestatu eta jasotzea ere talde honen ardura izango da. Montatze-desmontatze lanen koordinazioa Udaletxearen eta herri bazkariko eta txosnetako kudeatzaileen artean egingo da.
Parte hartzeko elkarteek hainbat baldintza bete beharko dituzte: Zumaiako herria edota bere biztanleen onurarako, kirol, kultur edo gizarte mailan, etekin ekonomiko propiorik gabe, modu iraunkorrean lan egiteko eratu diren elkarteek hartu dezakete parte deialdian. Elkarte horiek Udalak herriko taldeen artean dirulaguntzak emateko ordurako onartutako oinarri berak bete beharko dituzte (Gizarte Segurantzarekin eta Ogasunarekin zorrik ez dutela ziurtatu). Horrez gainera, euskaraz jarduteko gai izan beharko dute, eta batik bat edariak banatzeko orduan, ez dira adin txikikoak izango.
Izen-ematea eta bilera
Interesa duten elkarteek turismo bulegoan eman beharko da izena abuztuaren 20a (asteazkena) baino lehen. Horretarako, 943.143396 telefono zenbakira deitu edo turismoa@zumaia.eus helbidera idatzi beharko dute elkarteek.
Geroago, talde guztiekin bilera egingo da, eta orduan egingo da lan banaketaren zozketa. Eginbeharren inguruko xehetasun guztiak ere orduan azalduko dituzte. Zumaiako Udalak garaiz jakinaraziko du bilera eguna noiz izango den.