Borrar

Zumaiako F.T.-ko emakumezkoen lehen taldea Euskal Ligara igo da

Playoffeko lehen partidan 7-0 irabazi zion Deriori, eta igande honetan, etxetik kanpo, 0-10 irabazi dio Alegriari

Lunes, 16 de junio 2025, 12:06

Ahaleginak eta konstantziak saria dute: Zumaiako F.T.-ko emakumezkoen lehen taldea Euskal Ligakoa da jada. Ohorezko Erregional Mailako Liga bigarren postuan amaitu ondoren, taldeak Derio eta Alegriaren aurka jokatu behar zuen, Euskal Ligarako hain desiratua zen postua lortzeko borrokan. Zumaiako taldeak nagusitasun handia erakutsi du playoffetan. Izan ere, maiatzaren 31n jokatutako lehen partidan 7-0 irabazi zion Deriori, eta igande honetan, etxetik kanpo, 0-10 irabazi dio Alegriari, partida ikusgarria eginda.

Lehen norgehiagokan bezala, neskek nagusitasun handia erakutsi zuten asteburu honetako neurketan, eta lehen gola partida hasi eta hiru minutura iritsi zen, atsedenaldira markagailuan 0-5eko emaitzarekin joan ziren.

Partidako golegileak Libe Eizagirre (3. eta 58. minutuetan), Maren Zearreta (19., 40., 61. eta 80. minutuetan), Shalma Midje (25., eta 37. minutuetan), Nagore Elizondo (55.mintuan), eta Eider Etxabe (83.minutuan) izan ziren. Zalantzarik gabe, Euskal Ligan merezitako postua lortzeko gol festa izan zen.

Igoera ospatzeko, harrera beroa egin zioten emakumezkoen taldeari igande arratsaldean. Beheko Plazatik hasi eta Erribera kaletik kofradiaraino kalejira egin zuten jokalariek, musikarekin batera. Ondoren, kofradiako balkoira igo ziren, eta han hitza hartu zuten eta herritarren txaloak jaso zituzten.

Jokalariek eta entrenatzaileek pozez ospatu zuten balentria. Gainera, Jule Gorostola eta Ane Osa kapitainei eskerrak emateko ere balio izan zuen ospakizunak; biek ala biek iragarri dute botak zintzilikatuko dituztela futbolean hogei urte eman ostean. Gorostolak, hunkituta, eskerrak eman zizkien bertaratutakoei, bi kapitainen izenean; Osak, berriz, bideo-dei bidez konektatu zuen, eta une hunkigarri hori ikusteko aukera izan zuen bertaratutakoen artean izan zuten mugikor baten bidez.

Aitor Manterola kirol zinegotziak, bere aldetik, taldea zoriondu zuen bere denboraldi bikainagatik eta hainbeste desiratutako igoera lortzeagatik. Manterolak gogorarazi zuen Zumaiako klubeko emakumezkoen lehen taldea duela 38 urte sortu zela. Era berean, Eva Romatet gogora ekarri zuen, herriko emakumezkoen futbolaren bultzatzaileetako bat (kapitaina, entrenatzailea eta zuzendaritzako kidea izandakoa), eta adierazi zuen oso pozik egongo litzatekeela talde honek lortu duena ikusteaz.

Harreraren ostean, festak aurrera jarraitu zuen Zumaiako F.T.-ko emakumezkoen taldearentzat.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Zumaiako F.T.-ko emakumezkoen lehen taldea Euskal Ligara igo da