Zumaiako Euskal Jai eguna bihar ospatuko da

Iazko Euskal Jai Eguneko azoka, Zumaiako alde zaharrean. / S.U.
Iazko Euskal Jai Eguneko azoka, Zumaiako alde zaharrean. / S.U.

9:30etik 14:30era Angeles Sorazu kaletik gora trafikoa moztuta egongo da

SARA UTRERAZUMAIA.

Bihar, hilak 9, Euskal Jai Eguna ospatuko da Zumaian. Aurten ere egitarau zabala prestatu du Udalak jai egunerako.

Goizeko 10:00etan baserriko produktuen azokak emango dio hasiera egunari, 3 Taula txalapartarien saioarekin batera. Hala Gera taldearen doinuak, Bilboko albokariak eta Zutik elkartearen trikiti doinuak ere arduratuko dira eguna girotzeaz. 12:00etan Kofradian eta 12:30ean Udaletxean, Maddalen Arzallus eta Beñat Gaztelumendik hartuko dute lekukoa, balkoitik balkoirako bertso saioari ekiteko. Ondoren,

14:30ean, herri bazkaria izango da Eusebio Gurrutxaga plazan.9:30etik 14:30era Angeles Sorazu kaletik gora trafikoa moztuta egongo da. Denbora epe horretan ezingo da aparkatu inguruko kaleetan.

Arratsaldean, euskal kantak izango dira Joxe Mendizabalekin; 18:00etan, plaza bertan, erromeria Jagoba eta Maddalenekin, eta Erkibe elkartearen taloak. 18:30ean, dantzaldia Joxe Mendizabalekin eta kalejira Ustekabe txarangarekin. Orduerdi beranduago, 19:00etan, sagardo dastaketa egongo da Eusebio Gurrutxaga plazan. Odieta aldean nahiz plazaren hasieran egongo dira sagardoa dastatzeko postuak. Hamar sagardotegik eskainiko dute sagardoa. Edalontzi berriak erabiliko dira aurten. Gipuzkoako Sagardo ekoizleekin lankidetzan erabakitako diseinua dute, eta sagardo edateko aproposak dira. 2 eurotan egongo dira salgai, baina edalontzia itzuli ezkero, euro bat itzuliko zaio erabiltzaileari. Era honetan, azken urteetan plastikoaren inguruan Udalak zuen kezkari helduko zaio, erabilera bakarreko plastikozko edalontziak erabili baitira orain arte.

Bestalde, Prebentzio Mahaia azken hilabeteetan egiten ari den lana baliatuta, alkoholaren kontsumo arduratsua egiteko deia ere zabaldu nahi du Udalak. Sagardo dastaketa ekoizle ezberdinek egindako produktua ezagutzeko bide da, eta arduraz jokatzea eskatu zaie gazteei nahiz helduei. «Jokabide egokiak bultzatzea» herritar ororen ardura dela azpimarratu baitu Prebentzio Mahaiak.

Eguna amaitzeko, 23:00etatik aurrera erromeria izango da kofradian, Ezten Giro taldearekin.

Temas

Jaiak