Viveros San Anton aurpegia emanez ziklo krosean eta pistan

Ander Altuna hirugarren sailkatu zen Abadiñon jokatu zen ziklo kroseko lasterketan. /
Ander Altuna hirugarren sailkatu zen Abadiñon jokatu zen ziklo kroseko lasterketan.

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO ZUMAIA.

2019ko denboraldiari begira lanean dihardute Viveros San Anton-Zumaiako Txirrindulari Elkarteko ziklistek. Aurreko asteburuan ziklo kros probak eta pistakoak izan dituzte.

Ziklo krosean, kadete mailan, Ander Altunak maila bikainean lehiatzen jarraitzen du, gorantza egin eta eusten die ohorezko postuei. Abadiñon hirugarren sailkatu zen Viveros San Antongo txirrindularia eta Ametzagan laugarren. «Arabako lasterketan nabarmentzekoa da bere ziklo kroseko bigarren lasterketan, eta bezperan pistan korrituta, Kimetz Etxabe zazpigarren sailkatu zela. Heiko Mateosek bi lasterketak amaitu zituen, bigarrenean lehen eguneko nekea zama astuna bihurtu zitzaion arren. Abadiñon 40. sailkatu zen arruarra, eta Ametzagan 50.», azaldu du Zumaiako Txirrindulari Taldeko kide den Arritxu Iribarrek. Gaur Igorren lehiatuko dira Ander Altuna eta Heiko Mateos.

Pistako jardunaldia izan zen pasa den larunbatean non Viveros San Antongo txirrindulariek lasterketan aurpegia eman arren ez zituzten nahi bezalako emaitzak lortu. «Dena den, neguan pista errepideko denboraldia prestatzeko erabiltzen denez, ez zaie aparteko garrantziarik eman behar emaitza hauei». Junior mailan, scratchean, Antton Tolosa 18.a izan zen eta Mikel Mancisidor 19. Puntuaketan, berriz, Mancisidorrek aurrea hartu zion Tolosari, eta 16. eta 17. postuetan amaitu zuten.

Kadeteetan lau ordezkari izan ziren Antonio Elortzako peralteetan, Viveros San Antongo koloreak erakusten. Hiru multzo ezberdinetan parte hartu zuten. Tempon Aitor Agirrek 10. bukatu zuen eta Kimetz Etxabek 20.; Aritz Eizagirre 13.a izan zen eta Roman Zabaleta, bere estreinekoan, 17.a izan zen hirugarren multzoan. Puntuaketan, onenen multzoan, Aitor Agirre 12. sailkatu zen eta Kimetz Etxabe 14. Bigarren multzoan Aritz Ezagirre 14.a izan zen eta hirugarren txandan, berriz, Roman Zabaletak 12. bukatu zuen. Gaur pistako laugarren jardunaldia jokatuko da.

«2019ko denboraldiari begira, orain arte gurean izan diren txirrindulariez gain, beste kadete bat ere batu da Zumaiako Txirrindulari Elkartearen taldera; Aretxabaletako Enaitz Garaik Viveros San Antongo mailota jantziko du. Beraz, zazpi kadete eta bi jubenil izango dira taldean, infantil eta alebinez gain», gaineratu du Iribarrek.

 

Fotos

Vídeos