'Urola Ibaia' dokumentala gaur aurkeztuko da Algorri Interpretazio Zentroan

Bolondres talde bat Urola ibaia garbitzen Zumarragan. /  ARESTI
Bolondres talde bat Urola ibaia garbitzen Zumarragan. / ARESTI

Dokumentalaren egile den Jabier Arenasek eta Luis Juaristik aurkeztuko dute bihar

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO ZUMAIA.

Urola ibaia dokumentala aurkeztuko da Algorri interpretazio zentroan bihar 12:00etan. Dokumentalaren egile den Jabier Arenasek eta Luis Juaristik aurkezpen txiki bat egingo dute hasieran, dokumentala bera eta honen helburua azaltzeko. Izan ere, egileek dokumental hau egiteko erabakia hartu zuten Urola ibaiaren egoera ikusarazteko eta baita herritarrak ingurumenaren zaintzaren garrantziaz kontzientziatzeko. Dokumen- tala Algorri zentroan bertan geratuko da interpretazio zentrora bertaratzen direnek ikusteko aukera izan dezaten eta, halaber, Unesco Etxeak Geoparkearekin elkarlanean antolatu duen 'Gure mundua eraldatzeko 17 helburu' erakusketan ere egongo da ikusgai. Erakusketa hau abenduaren 20tik urtarrilaren 6ra arte egongo da zabalik Oxford aretoan.

Urte batean zehar filmatutako dokumentala da, 2017ko erdi aldetik 2018ko erdi aldera, nahiz eta lanean iragan mendeko hainbat irudi ere erabili diren. Guztiz Urola ibaiarengan oinarrituta egon arren, oso baliagarria izan daiteke Euskal Herriko gainontzeko ibaien egoera ulertzen errazteko. EITBko grabazio-teknikari ohi Jabier Arenasek sortu du 38 min-ko iraupena duen 'Urola Ibaia' dokumentala. Lan honetan, Urola ibaiaren historiaren kontakizuna egiten da, euskaraz eta Loiola Irratian esatari jardun duen Karmelo Otaegiren ahotsetan.

Kontakizuna Urolak erakusten dituen ezaugarrietatik hasten da: ibaiaren sorlekua, duen luzera, zeharkatzen dituen parajeak, ibilbidean zehar jasotzen dituen ibaiadarrak, sorrarazi dituen leizeak, etab. Lan mota ugariren sortzaile eta eragile izan dela ere erakusten du, baita ibaiak, iragan mendean industrializazioaren eta honek sortutako isurketen ondorioz jasan duen kutsadura.

Segidan ibaiaren egungo egoera deskribatzen da, nola hondakinen ubideratzeari eta depuratzaileen eraikuntzari esker errekuperazio bideari ekin zaion. Flora eta, bereziki fauna gainbegiratzen dira. Horiei eskaintzen zaie dokumentalaren tarterik zabalena, bertan bizi diren animaliak eta beraien ohiturak begiratuz.

Geroago, gizakion zabarkeriarengatik eta sentsibilitate ezarengatik ibaia jasaten ari den ondorioen azalpena egiten du dokumentalak eta amaiera, geure erantzukizunari, bizitzaren sorleku den ibaia garbi eusteko dugun betekizunari dei egiten dion Sebastian Lizasoren bertso batek ematen dio.

Egileek talde bat osatzen dute, erretiroa hartutako lagun taldea. Erreka, ibai, itsaso eta abarrek jasaten duten kutsaduraren inguruan dagoen sentsibilizazio eskasiak sorrarazten dien kezkak eraman ditu dokumentala egitera. Herritarrengana eta, bereziki, gazteengana iritsi nahi dute eta horiengan natura errespetatu eta ahalik eta garbien eusteko kezka suspertu.

Suspertze-gaitasun handia

«Dokumentala ez da katastrofista, ibaiek suspertze-gaitasun handia dutela erakutsi nahi da, begirunez zaindu beharreko txoko zoragarriak dituztela, bai geuretzat, bai bertan milaka urteetan bizi diren animalia eta landareentzat ere», diote egileek. «Benetan izadi oparoa dugun lekuan bizi gara eta telebista-kate espezializatuetan ikusi ohi ditugun bizitza basatiaren irudien parekoak filma eta jaso daitezke geure ibaietan ere», diote.

Gure ibaiei eta itsasoei bizkar emanda bizi izan gara aspaldian eta oraindik ere halatsu dihardugu. «Zabortegi baino, haien edertasunaz gozatu eta bere barnean duten bizitza errespetatu behar dugu». Eguneroko ohiturak aldatzeko garaia iritsi dela azaldu dute. «Kontua ez da ibaiak garbitzea, ez zikintzea baizik: urte luzeko egun bakoitzean bete beharreko xedea». Bestetik, «birziklatzearen oinarrizko araua hondakinak lurrera ez botatzean datza eta betekizun horretan norberak eta guztiok jarri behar ditugu gure ahaleginak», gaineratu dute.