Torreberri gaztetxean lapurreta egin dute

Torreberriko gaztetxeko erabiltzaileak, osteguneko agerraldian. /  SARA UTRERA
Torreberriko gaztetxeko erabiltzaileak, osteguneko agerraldian. / SARA UTRERA

800 euroko kalte ekonomikoa eragin duela salatu dute

S. UTRERA ZUMAIA.

Lapurreta egin dute Torreberriko gaztetxean. Ostegunean, Amaiako plazan egin zen agerraldian azaldu zutenez, guztira, 800 euro inguruko kalte ekonomikoa eragin du. «Lapurreta egin digute Gaztetxean, herriko gazteon etxea eta topalekua den eraikinean, sartu ziren hilaren 19ko gauean. Indarrez sartu, eta bertan zegoen dirua eta beste zenbait material eraman zituzten», azaldu zuten Gaztetxeko kideek agerraldian.

Gaztetxeko erabiltzaileek adierazi zutenez, ez da lehenengo aldia izan, iaz ere sartu ziren eraikinera lapurtzera. «Ordutik hona, beste zenbaitetan ere sumatu izan ditugu mugimendu arraroak». Azken gertakari honek, baina, gaztetxearen aurkako gertakari horiei guztiei erantzun bateratu eta irmo bat emateko beharra are gehiago indartu du. «Eraso hauek ez dira soilik gaztetxearen aurka egindako erasoak, gaztetxearen erabiltzaile guztion aurkakoak, baizik. Eta, gaztetxea herritar orori zabalik dagoen espazioa izanik, herritarron aurkako erasoak dira», diote.

Zumaiako Gaztetxea eraldaketa sozialaren eta bestelako harreman eredu batzuen alde egiten duen proiektu kolektiboa dela gogorarazi zuten: «Gure kabuz eta ditugun baliabide urriekin aurrera eramaten duguna. Proiektu hau kaltetzeko edozein saiakera bereziki larria iruditzen zaigu, eta gaztetxea bezalako espazioen beharra zalantzan jartzen dutenen interesei egiten die mesede. Horregatik, ozen diogu. Utzi bakean gaztetxea!».

Gertakari honek Gaztetxeko erabiltzaileei ahuldu baino indartu egingo dituela; eta orain arteko ilusio berberarekin «benetan sinesten dugun proiektu honetan» lanean jarraituko dutela jakinarazi dute. Aldi berean, eskerrak eman dizkiete egun hauetan babesa helarazi dieten norbanako eta eragileei. Amaitzeko, abuztuak 13an, astelehena, auzolana egingo dutela iragarri zuten.

 

Fotos

Vídeos