Onenak ez du beti irabazten

Zumaiako txirrindulariak Euskadiko txapelketan. / VIVEROS SAN ANTON
Zumaiako txirrindulariak Euskadiko txapelketan. / VIVEROS SAN ANTON

Garazi Bergara Viveros San Antongo txirrindularia erori egin zen esprintean | Zumaiarrak markatu zuen lasterketaren erritmoa Euskadiko txapelketan, baina zorte txarra izan zuen helmugan

DV ZUMAIA.

Garazi Bergara Viveros San Antongo txirrindularia izan zen onena Euskadiko infantil mailako Euskal Jokoetan, baina ez zuen irabazi esprintean erorikoa izan baitzuen. Zumaiako Txirrindulari Elkarteko kide den Arritxu Iribarrek azaldu duenez, txirrindulari zumaiarrak agindu egin zuen Euskadiko txapelketan; berak markatu zuen lasterketaren erritmoa, berak hautsi zuen lasterketa eta hanka onak zituen 4ko sprintean irabazteko, baina aurrekoa erori eta ezin izan zuen bihurgune irteeran erorikoa saihestu. «Min hartu zuen gainera Garazi Bergarak, erietxera eraman zuten eta kolpe hutsa zela baieztatuta etxerako bidea hartu zuen Viveros San Antongo txirirndulariak», dio Iribarrek. Hala ere, bere lana ez da oharkabean gelditu, Euskadiko hautatzaileak berarengan jarri ditu begiak uztaila hasieran Ourensen jokatuko den Espainiako txapelketan Euskadi ordezkatzeko.

Euskadiko txapelketan Aritz Eizagirrek eta Heiko Mateosek «lasterketa bikaina» egin zuten; Euskal Autonomi Erkidegoko txirrindularirik onenen artean Aritz Eizagirre 29. sailkatu zen eta Heiko Mateos 42. Ginkanan, Heiko Mateos 47.a izan zen eta aritz Eizagirre 62.a.

Alebin eta infantilen denboraldia amaierara gerturatzen ari da, baina ekainean zehar oraindik ere lehiatuko dira, igande honetan bertan Irunen izango dute mendiko bizikleten lasterketa.

Viveros San Antongo kadeteek asteburu bete betea izan dute. Larunbatean Lazkaon izan zuten lasterketa eta igandean Ataunen. «Aurreko lasterketetako mailan defendatu ziren bi ibilbide exijente eta eguraldi txar eta abiadura handian jokatutako lasterketetan; bi karreretan bataz besteko abiadura 39km/h-tik gorakoa izan zen eta ahori maila honetan eta hauen garapenarekin ikaragarria da», azaldu du kazetari zumaiarrak.

Lazkaon Kimetz Etxabe 10. sailkatu zen, Aitor Agirre 16., Roman Zabaleta 20., Ander Altuna 36.a eta Mikel Mancisidor Olaberria igotzen hasi aurretik erori eta pelotoitik atzeratuta 55.a izan zen helmugan. Taldeka Viveros San Anton hirugarren sailkatu zen.

Igandean Ataunen indarberrituta errepideratu ziren bost kadeteak, eta maldan gora bukatutako lasterketan Ander Altuna izan zen taldeko onena, 16. sailkatu zen. Roman Zabaleta 17.a, Aitor Agirre 24., Kimetz Etxabe 35. (erori egin zen) eta Mikel Mancisidor 44. Taldeka Viveros San anton bosgarren talderik onena izan zen.

«Ekainarekin batera lasterketen gogortasuna eta garrantzia handitu egingo da kadeteentzat beraz beste urrats bat eman beharko dute eta lanean ari dira horretarako», azaldu du Arritxu Iribarrek. Ekainaren 3an Lezon dute lasterketa .

Antton Tolosak Zarautzen korritu zuen larunbatean, 42. helmugaratu zen oso lasterketa gogorrean. Abiadura ikaragarria izan zen 42km orduko eta ibilbidean ekaitza jasan zuten txirrindulariek. «Hala ere, Meaga eta Garate gaindituta ederki ailegatu zen Tolosa zumaiarra. Bi mendateen arteko bidean ihesita ibili zen Antton Tolosa eta ahalegin hori ordaindu egin zuen azken igoeran. Dena den, lehen urteko juniorra izanik txalotzekoa da erasorako azken lasterketetan erakusten ari den jarrera». Antton Tolosak igande honetan Anoetan du karrera.

 

Fotos

Vídeos