Oliden eta Alkorta, Itzurungo irabazleak

Txapelketako finalistak eta antolatzaileak. /  BALEIKE
Txapelketako finalistak eta antolatzaileak. / BALEIKE

SARA UTRERA ZUMAIA.

Aitzol Olidenek eta Jon Alkortak Itzurungo XIII. Pilota Txapelketa irabazi dute. Aurtengo txapelketaren finala ostiralean jokatu zen Larretxoko frontoian, pilotazale askoren presentziarekin.

«0-1, 1-2, 2-3, 4-3, 4-5, 5-6, 6-7, 8-7, 9-8 eta 10-9, zakurra eta katua bezala elkarri hortzak erakutsiaz ibili ondoren, 14-10, 15-11 eta 20-11 aurreratu ziren gerriko gorridun eta faborito ziren Oliden eta Alkortak», azaldu zuen ZKEko Jexux Iribar Olaldek. Lau tanto jarraian egin zituen ondoren gerriko urdindun bikoteak; gogor lehiatu ondoren 21-15 jarri eta beste lau tanto egitea lortu zuten, 21-19 bi tantora.

«22 eta 19 azkenean garaile izan zen Oliden-Alkorta bikote oikiarra. Partidu gogorra eta ikusgarria eskaini zigutena lau pilotariak, tanto asko izan zirelarik txalotuak. Eskertzekoa Oliden-Alkorta eta Xabat Sasiain gaztearen eta Joakin Gorostola beteranoaren ahalegin eta gogoa», adierazi zuen Olaldek. Final handiaren aurretik, 3. eta 4. postuak erabakitzeko norgehiagoka jolastu zen: Odriozola-Martija 22/16 Aimar Mendizabal (Kimetz Etxaberen ordez)- Unanue.

Hirugarren eta laugarrenak

Hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko final atariko norgehiagokan «denetik egon zen, pilotakada ederrak, tanto politak eta markagailuan ere nahiko gorabeherak», dio. 3-0 eta 6-1 aurretik jarri ondoren, 7-5, 8-6 eta 9-7 hurreratu ziren Aimar Mendizabal eta Unanue 9-9ko lehen berdinketa lortu arte. Ondoren, nahiko parekatua egon zen markagailua. 18-16rekin eta lau tanto jarraian egin eta gero, Odriozola-Martijarentzat izan zen txapelketako hirugarren tokia. Ander Odriozolaren ezker gantxo polit batekin eta pilotazaleen txalo zaparrada haundi batekin eman zitzaion amaiera partiduari», gaineratu zuen Olaldek.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos