Olarro Egunean lan egiteko deialdia hilaren 30era arte

Iaz, bazkari herrikoia prestatzen. / SARA UTRERA
Iaz, bazkari herrikoia prestatzen. / SARA UTRERA

Herriko taldeei luzatzen zaie eta bi eginkizun edo lan nagusi izango dira: txosnetako lana eta bazkari herrikoia zerbitzatzea

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO ZUMAIA.

Irailaren 15ean Olarro Eguna ospatuko da Zumaian. Ohikoa den bezala, egun honetan, olagarroa dastagai egongo da txosnetan, baita herri bazkarian ere. Prestaketa eta antolaketa lanek esfortzu handia eskatzen dute eta, horregatik, urtero bezala, laguntza eskatu nahi da Zumaiako elkarteei.

Olarro Egunean txosnetan zein herri bazkarian lan egiteko izen-emate epea abuztuaren 30era bitartean egongo da irekita. Interesa duen elkarte orok, turismo bulegoan, 943143396 telefonoan edo turismoa@zumaia.eus helbide elektronikoan apuntatu ahal izango du. Irailean bilera egingo da izena eman duten lagun guztiekin. Bertan, zozketa bidez erabakiko da lanen banaketa eta eginkizun eta betebeharren inguruko azalpen zehatzak ere emango zaizkie parte hartzaileei.

Baldintzak

Parte hartzaileak etekin ekonomiko propiorik gabe modu iraunkorrean lan egiteko eratu diren elkarteak izan beharko dute eta Gizarte Segurantzarekin eta Ogasunarekin zorrik ez dutela ziurtatu beharko dute. Horrez gain, euskaraz mintzatzea ezinbestekoa izango da eta adin txikikoek ezingo dute, inola ere, edaria zerbitzatu txosnetan.

Talde ugarik parte hartu ahal izango dute herrian zehar banatuta egongo diren txosnetan. Festa egun aurretik, ostiralean, talde bakoitzetik 20 lagun inguruk olagarroa moztu eta brotxetak prestatu beharko dituzte. Ondoren, Olarro egunean bertan, olagarro zopa prestatu eta banatu beharko dute goizean txosnetan; arratsaldean, aldiz, brotxetak. Horrez gain, taldearen esku egongo dira azpiegituren muntaia, baita materiala garraiatzeko autoa eta edaria ere. Ordutegiari dagokionez, 9:00etatik 23:00ak bitartekoa izango da, gutxi gorabehera. Txosna guztietan ordutegia eta prezioak berdinak izango dira, prezio herrikoiak eskaintzen dira.

Herri bazkariak 550 lagun inguru biltzen ditu Eusebio Gurrutxaga plazan, beraz, lan hau burutzeko 35 bat pertsonez osatutako lan talde bat beharko da. Talde horrek bazkaria zerbitzatzeko beharrezkoak diren azpiegiturak eta tresnak jarri beharko ditu, karpara sarrerak zaindu, bazkari txartelak jaso, jana banatu eta, noski, ondorengo txukuntze eta garbitze lanak ere burutu beharko ditu. Muntatze-desmuntatze lanen koordinazioa Udalaren eta herri bazkariko eta txosnetako kudeatzaileen artean egingo da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos