«Norberaren konpromisoa eta ahalegina izango da garrantzitsuena»

S.U. ZUMAIA.

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean Euskaraldia ospatuko da Euskal Herri osoan. Dagoeneko Zumaiako Euskaraldia antolatzeko Batzordeak osatzen duen taldea buru-belarri dago antolaketa lanetan eta Zumaiako zenbait kirol elkartek eta komertzioek ere bat egin dute ekimenarekin. «Lan taldea benetan anitza izan da. Dozenaka lagun bildu gara eta txalo-tzekoa da erakutsitako konpromisoa», goraipatu dute batzordetik.

Dagoeneko Euskaraldian izena emateko festa eta 'Ttak!' izeneko bakarrizketa egin dira, ekimen hau zen izango den azaltzeko. Ikastetxeetan ere, 16 urtetik gorako ikasleek informazio saioak jaso dituzte Udalaren eta UEMA-ren bitartez.

Datorren astean, hilak 14an, bi informazio saio egingo dira, lehena 18:00etan eta bigarrena 19:00etan. «Pauta batzuk emango dira joera eta egoera batzuen aurrean nola jardun behar den azalduko da, denok eroso sentitu ahal izateko». Saio hauetan izena emateko azken eguna gaur izango da.

Bestetik, txapa banaketa azaroak 13, 14, 15, 20, 21 eta 22an egingo da. Goizez, 12:00etatik 14:00etara, Udaletxean banatuko dira eta arratsaldez, 18:00etatik 20:00etara, Alondegian. Hilak 17an, larunbatean, kalean dauden informazio mahaietan ere jasotzeko aukera eta izena emateko aukera izango da. Dena den, behin Euskaraldia hasita izena emateko aukera ere egongo da.

«Esperientzia polita izango da, inon gertatu ez dena gertatuko da Euskal Herrian. Norberaren konpromisoa eta ahalegina izango da garrantzitsuena, gizartea eraldatzeko konpromisoa hartuko dugu», gaineratu dute.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos