Narrondo eta Arroa lotuko dituen bidegorriaren aldeko martxa, hilaren 20an

2017 urteko urrian egin zen martxaren une bat. /  S. U.
2017 urteko urrian egin zen martxaren une bat. / S. U.

Zumaiako zutabea 11:30ean irtengo da Beheko Plazatik

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCOZUMAIA.

Arroako Bidegorriaren Aldeko Taldeak antolatuta, Narrondo eta Arroa lotuko dituen bidegorriaren aldeko martxa egingo da datorren igandean, hilaren 20an; eta aurten ere, 2017an bezala, Zumaiatik pasako da.

Bi zutabe antolatu dira, 'Herriak lotu, bidegorria amaitu' lelopean: Zestoako zutabearen irteera 11:30ean izango da Gurutzetik, eta ordu erdi beranduago, Iraetatik pasako da. Bigarrena, Zumaiako zutabea, 11:30ean irtengo da Beheko Plazatik, Narrondora 12:00etan iritsiko da eta Arroatik 12:15ean pasako da. 12:30ean bi zutabeak elkartuko dira autopistako biribilgunean. Ondoren, musikarekin eta pintxoekin festa ospatuko da Arroa Behean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak azkeneko bide-zatiei ekingo die Urolako Bide Berdea osatzeko, eta behin bukatutakoan lotu egingo ditu Zumaiako eta Zumarragako udalerriak (36 km guztira). Zumaia eta Zestoa artean dagoen Narrondo auzoa eta Iraeta lotzen dituen bide berdearen lanak 2020an hasiko direla uste da.

Hala, datorren igandeko martxa aldarrikatzailearen helburua Aldundiak 2020ko aurrekontuan diru partida bideratzeko erabakiari bultzada bat ematea eta zatiaren lanak lehenbailehen has daitezen eskatzeko izango da, Urola bailara osoa elkartuko duen bidegorria errealitate bat izateko. «Oinez, bizikletaz... nahi duzun bezala parte hartu eta gorriz jantzita etorri!», diote antolatzaileek.