Zumaia
Mikel Otañok alebin mailako lasterketa guztiak irabazi dituGipuzkoako Itzuliaren ondoren, Beñat Sainz Granadara joango da Euskadiko Selekzioarekin Espainiako txapelketan parte hartzera
Amaitu dute harrobiko txirrindulariek denboraldia. 24-25 denboraldi honetan Mikel Otaño nabarmendu da, alebin mailako lasterketa guztiak irabazi baititu. «Gipuzkoako Txapelketan bere txanda irabazi zuen, baina beste txanda azkarragoa izan zen, txapeldunorde geldituz», azaldu du Zumaiako Txirrindulari elkarteko kide Arritxu Iribarrek.
Denboraldiko azken lasterketa «borobila» izan zen benjamin, alebin eta infantilentzat. Benjamin mailan, Aratz Aranburuk podiumean amaitu zuen. Alebinetan, Mikel Otañok irabazi eta Galder Zumeta eta Denis Otaño podiumetik gertu gelditu ziren. Infantiletan, Amalia Agirrek irabazi zuen eta Inge Zumeta hirugarren gelditu zen – Amaia Agirre erori egin zen–. Mutiletan, lasterketa bikaina osatu zuten. Julen Alkorta laugarren izan zen, Oinatz Alberdi bosgarren, eta ondoren sailkatu ziren Mikel Egaña eta Aimar Martínez. Laurek datorren denboraldian kadeteetarako urratsa emango dute. Donostian agortu dute denboraldia harrobikoek.
Kadeteek Oñatin izan zuten lasterketa, Gipuzkoako txapelketa hain zuzen. «Bukaera gogorra zuen lasterketak, Udana eta Santopillau malda tenteekin, eta Udanak egin zuen lehen hautaketa. Hamabost txirrindulari inguruko multzo bat heldu zen amaierara. Borja Osari Udanako jaitsieran ihes egin zien aukerek, matxura batek jokoz kanpo utzi bait zuen», azaldu du. Unai Egaña 10. sailkatu zen, irabazlearengandik bederatzi segundora. Xuban Arakistain 44. eta Borja Osa 45. sailkatu ziren. «Amets Alberdi arazo fisikoekin lanak amaitu ezinda gelditu zen, gogotik saiatu arren», adierazi du. Bihar Zaldibarren korrituko dute, hori izango da hiru eguneko Txuma itzuliaren aurreko azken lasterketa.
Gipuzkoako txapeldunorde
Pedal kolpe onari etekina ateraz, Eibarren jokatutako Gipuzkoako txapelketan Beñat Sainz bigarren sailkatu zen eta Aratz Unanue bederatzigarren. «Biak beti egon ziren aurreko taldetxoan. Kalbariok egin zuen lehen galbahe lana eta Azkaratek bigarrena. Laukote bat heldu zen Eibarko kaleetara eta bertan Lidl Trek-ekin fitxatu duen Urkaregik bakarrik hartu zion aurre Beñat Sainzi», azaldu du Iribarrek. Aratz Unanue bederatzigarren sailkatu zen, Jon Berasategi 30. ,Lukas Blanco 44., Oñatz Etxabe 55 . Peru Calvok erorikoa izan zuen.
«Taldea sasoiko ailegatu da ostiraletik igandera jokatzen ari den Gipuzkoako Itzulira. Idiazabal, Andoain eta Segurak ibilbide oso gogorrarekin eta estatu osoko txirrindularien partehartzearekin, Gipuzkoako Itzuliko irabazlea erabakiko dute». Iaz egun Lidl Trek-en korritzen duen Héctor Alvarez izan zen irabazlea.
Erakusleiho polita izango da Zumaiako taldeko jubenilentzat. Itzuliaren ondoren, Beñat Sainz Granadara joango da Euskadiko Selekzioarekin Espainiako txapelketan parte hartzera. 23 urtez azpikoen mailan ere Aitor Agirrek parte hartuko du Euskal Selekzioarekin. «Aurten galtzak bete lan izango ditu erlojuaren aurkakoan, kronoigoeran jokatuko baita Espainiako Txapelketa», gaineratu du Iribarrek.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.