ETE ligako Zumaiako I. ikurrina etxekoentzat

Zumaiako trainerua, garaile larunbatean. /  TELMO DEUN
Zumaiako trainerua, garaile larunbatean. / TELMO DEUN

S.U.ZUMAIA.

Telmo Deun arraun elkarteko emakumezkoen traineruak beste bandera bat irabazi du, etxean bertan gainera. ETE ligako hamaikagarren jardunaldia jokatu zen larunbatean herrian, Zumaiako I. Ikurrina, eta 11:28:14 denborarekin garaipena eta bosgarren bandera lortu zuten etxekoek. Oso gertu, 46 ehunekora bigarren egin zuen Hibaikak.

Hurrengo egunean, berriz, Zumaia hirugarren izan zen XXXV. Ondarroako banderan (11:49), «laugarren kale tamalgarritik arraun egitea egokitu zitzaien», azaldu dute arraun elkartetik.

Hibaikak garaipena lortu eta lidergoa berreskuratu zuen, zumaiarrekin 118 punturekin berdinduta.

Zumaiako 34. ikurrina

Igandean, berriz, Zumaiako 34. traineru ikurrina jokatu zen, KAE1 ligarako puntuagarria. Telmo Deuneko gizonezkoen traineruak zazpigarren egin zuen etxeko estropadan; bere txanda 21:44:56 denborarekin irabazi zuen, estropada bikaina eginaz. «Ondoren, itxasoaren baldintzak ekidin zien oraindik postu hobea ez lortu izana, txukun gure mutilak», diote elkartetik. Sailkapen orokorrean bederatzigarren dira 61 punturekin.

Zumaiako bandera Zarautzek irabazi zuen (20:59:44), Donostiarra bigarren izan zen (21:09:74) eta Getaria hirugarren (21:16:51).