Larrazabal-Agirre eta Canabal-Arbizu, finalera

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCOZUMAIA.

Larrazabal-Agirre eta Canabal-Arbizu dira aurtengo Dinastia Etxabeko finalera sailkatu diren lehen bikoteak, gazte-jubenil eta 23 urtez azpikoen mailan. Hauek izan ziren asteleheneko jardunaldiko emaitzak: Larrazabal-Agirre 22-12 Oskoz-Uranga; Garcia-Zezeaga 14-22 Canabal-Arbizu.

Gazte-jubeniletako norgehiagokaren markagailuak erakutsitako parada garrantzitsuenak 0-2, 2-3, 2-5, 3-6, 4-7, 13-7, 15-8, 15-12 eta 22-12, Larrazabal eta Agirreren alde. Bi zati bereiztu behar dira: Oskoz-Uranga gerriko urdinez ateratako bikotea 4-7 aurreratuta joan artekoa, eta hortik aurrerakoa, «non Uranga atzelari azkoitiarrak bere eskubia galdu zuen eta partidua erdi hautsita geratu ondoren Larrazabal-Agirre bikote gorria nahiko errez nagusitu zen», azaldu du Zumaiako Kirol Elkarteko kide den Jexux Iribar Olaldek.

Iker Larrazabal amurriotar aurrelariak «serio» jokatu zuen. «Hasieran bizpahiru pilota errez galdu zituen baina gainontzean ondo, sakearekin min egin zuen». Gaizka Agirre narbartearrak ere «oso ondo» jokatu zuen, ezkerrez pilota errez kenduaz aurrekoadroetatik eta «eskubiarekin gozatuz, atzetik aurrera etorri eta pilotari kolpea erantsiaz. Pilotaria da».

Patxi Oskoz aurrekoan bezain gogotsu eta langile iegon zen. Jagoba Urangak asko sufritu zuen astelehenean. «Hasieratik ohartu ginen bere eskubiarekin ez zuela askorik gozatzen eta handik lasterrera geratu zen pilotari eman ezinik».

Lehenengo partiduak falta izan zuen lehia eta jokoa bigarrengoak izan zuen. «Gauz on asko ikusitakoak, zein baino zen sendoago aurrelarietan bezala atzelarien artean, tantoak eginaz batzuk eta horretarako aukerak sortarazten besteak». Hauxe izan zen markagailuak erakutsitako ibilbidea: 0-2, 2-2, 2-3, 5-3, 5-9, 7-14, 8-14, 9-15, 11-19 eta 14-22 Canabal eta Arbizuren alde, «behetik gora etorritako bikotea eta merezimendu osoz finalera iritsitakoak», dio.

Oihan Canabal iantziarrak oso partidu ona jokatu zuen, «serio bezain ausart, defentsan sendo eta erasoan tanto asko eginaz, 13 denera eta galdutakoak hiru. Bikote lagunarekin oso ondo konponduaz etekin ezin hobea atera zion bere joko erasokorrari». Aaron Arbizu etxarri-aranaztarra, berriz, «bikote lagunaren parean edo gehiago oraindik. Orain arte jokatutako hiruretatik astelehenekoa izanik egindako partidurik onena Canabalek bezela». Bi tanto egin zituen eta beste bi galdu.

Ivan Garcia iruñatarrak ere aurreko partiduan baino hobeto jokatu zuen, sei tanto egin zituen eta bi galdu. Iosu Zezeagak, berriz, hiru tanto egin zituen. «Ondo jokatu zuen baina aurrekoan baino txispa gutxiagorekin etorri zen».

Hurrengo jardunaldia

Ostegunean, hilak 22an, jokatuko dira finalaurrekoetako azken bi partiduak: gazte-jubenil mailan, Gutierrez-Morgaetxebarria eta Igoa-Erkiaga. 23 urtez azpikoetan, Exposito-Balerdi eta Salaberria-Altuzarra.