Larraina Euskara Taldea sortu dute Zumaian

Larrain taldeak prestatutako bideoaren une bat. /  LARRAIN
Larrain taldeak prestatutako bideoaren une bat. / LARRAIN

Euskaraz pentsatu, eztabaidatu, aztertu eta sentitzen dutena partekatzeko asmoz jaio da

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCOZUMAIA.

Larraina euskara taldea sortu dute Zumaian. Taldeak azaldu duenez, Larraina izena jarri diote «euskarak biltzen gaituen Zumaiako lagun taldeari, gogoko dugun egunetan lanerako elkartuko garelako larrainean, garai batean baba eta lekak bereizteko edo garia jotzeko gure inguruetan egiten zen moduan. Orduan ere, gaur bezala, lanaren astuna arintzeko, elkarri irri eta ziri egiteko abagunea ere izango zen, ondo pasatzeko nahia».

Gaur ere horretara dator Larraina, Zumaian euskara gogoan hartuta elkar ikusi, elkarrengandik eta elkarrekin ikasi, elkarri arreta jarri, elkar zaindu eta elkarrekin ondo pasatzeko asmoz.

«Oso asmo xumeekin gatoz: euskaraz pentsatu, eztabaidatu, aztertu eta sentitzen duguna partekatu nahi dugu», azaldu dute. Eta, batez ere, jendearekin hitz eginez, euskaratik eta euskaraz, gero eta gehiago egiteko nahia suspertu herritarren artean.

«Zumaia abiada azkarrean alda-tzen ari da eta arretaz begiratu nahi diegu etorkizuneko erronkei eta aukerei, olatuen gainetik gai izan gaitezen norabidea erabakitzeko», diote.

Honako hau hasiera besterik ez dela adierazi dute taldetik, «lehen urratsa, eta oinez pixkanaka egingo dugu aurrera. Bide horretan, pozik hartuko ditugu partaide berriak, eta gonbidatuta zaudete gurera. Euskarak elkartuko gaitu etorkizunean larrainean».

Taldeak azaldu duenez, aurkezpen publikoa aurrerago egingo da. Hasteko, bideo bat jarri dute sarean, turismoa eta euskara dela: https://www.youtube.com/watch?v=_QXwbWNWWEE- Informazio gehiago: www.baleike.eus/komunitatea/LarrainaEuskaraTaldea.