Kimetz Etxabe kadetea garaile Arrasateko lasterketan

Kimetz Etxape podiumean. /
Kimetz Etxape podiumean.

Garazi Bergarak zazpigarren bukatu du Espainiako txapelketan

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO ZUMAIA.

Kimetz Etxabek, Viveros San Antongo kadete mailako txirrindulariak, Arrasateko lasterketa irabazi du. Garazi Bergarak, aldiz, zazpigarren amaitu du Espainiako txapelketan eta brontzezko dominarekin bueltatu da, taldeka hirugarren sailkatu bai zen Euskal Selekzioa. «Astebukaera ikaragarria izan da Viveros San Anton-Zumaiako Txirrindulari elkartearentzat», adierazi du elkarteko kide den Arritxu Iribarrek.

99 txirrindularik hartu zuten parte Arrasateko lasterketan, baina 60k ez zuten helmugara iristea lortu eta, helmuga horretan, Viveros San Antongo, Kimetz Etxabe izan zen aurrena. «Lasterketa oso ondo irakurri zuen, indarrak ondo kudeatu eta Kanpazar ondoren, Arrasateko zeharbidean bere multzo txikitik irten eta bakarrik egin zuen aurrera. Kontuan hartu behar da, bezperan, Gasteizko lasterketan, mendata jaistean, sasi artera erori zela. Hala ere, hanka onak ditu denboraldi amaiera honetan», azaldu du Iribarrek. Mikel Manzisidor, aldiz, taldeko bigarrena izan zen, 55. postuan sailkatuz.

Garazi Bergara, zazpigarren

Garazi Bergarak bere lehen Espainiako txapelketan «oso maila ona» erakutsi du. Euskal Selekzioko lehen txirrindularia izan zen Baños de Molgasen (Orensen) jokatutako Espainiako txapelketan, zazpigarren postuan sailkatuz. «Lasterketa txalogarria egin zuen, aurpegia berak eman bai zuen, lasterketako erritmoa markatu zuen nahiz eta, gero, ordaindu. Indarrez, onenetakoa, baina eskarmentua behar du hain eskuzabal ez jokatzeko lasterketetan», dio Iribarrek.

Hala ere, taldeka, Euskal Selekzioa hirugarren gelditu zen eta brontzezko domina lortu zuen, hortaz. «Ginkanan, berriz, 23. sailkatu zen; ez da gure artean gehien lantzen den proba, beraz, nota ona hor ere Garazi Bergararentzat. Honela amaitu da denboraldia eta zumaiarra, lehen urtean hain ondo ibilita, gogotsu eta ilusioz beterik dago infantil mailako bigarren denboraldirako», gaineratu du.

Amaitzeko, Antton Tolosak Mendaron jokatu zuen lasterketa gogorra. Kalbario bi aldeetatik igo zuten, eta pelotoian bere tokia zein den erakutsi zuen Tolosak. 108 txirrindulari izan ziren proban, eta 48. postuan amaitu zuen. «Bikaina jubenil mailako lehen urtean, kontutan izanda nondik datorren, eman duen aldaketa eta aurrerako urratsa», amaitu du Arritxu Iribarrek.

Temas

Zumaia

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos