Kalea Guztiona Daren mozioa eztabaidatuko da gaur Udalbatzan

Orain arte agintaldi honetan pintadak ezabatzeko eta pankartak kentzeko dinamika bertan behera uztea eskatzen da

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO ZUMAIA.

Kalea Guztiona Daren mozioa eztabaidatuko da gaur Udalbatzan. Lehen aldia izango da adierazpen askatasunaren gaia jorratuko dutena, eta beraz, eztabaida lehen eskutik jarraitzeko, 17:30etik aurrera udaletxera etortzeko gonbita luzatu nahi du KGD-k herritar orori.

Pasa den abenduaren 3an Kalea Guztiona Dak mozio bat aurkeztu zuen Zumaiako udal erregistroan. Mozio horretan gaia parte-hartze prozesu baten bidez erabakitzea eta, bestetik, erabaki hori hartu bitartean, orain arte agintaldi honetan udal gobernuak izan duen pintadak ezabatzeko eta pankartak kentzeko dinamika bertan behera uztea eska-tzen da.

Datorren otsailean hiru urte beteko dira espazio publikoan jartzen diren kartel eta pankartak kentzeko erabakia hartu zela. «Debeku eta kontrol neurriek herrian eztabaida bizia eragin dute, eta adierazpen askatasunaren gaiari alde bakarreko dekretuz erantzutea herritar eta herriko talde askok ez dute begi onez ikusi. Debekuen zentzugabekeria salatzea, Udal gobernuak herritarrei ukatu dien eztabaida piztea eta adierazpen askatasunaren inguruko pedagogia egitea izan da KGDren lana urteotan», gogoratu dute.

Bi dira mozioaren eskaera nagusiak: «Alkatearen debekuak baino egiazko parte-hartze prozesua da konponbidea. Eta hori egin bitartean, arazoa eragin duen Udal gobernuaren debeku-multzoa bertan behera uztea», azaldu dute. Eta bestelako konponbiderik sortu bitartean, behin-behinean, debekuen aurretik zegoen egoerara itzultzea. Betiere jakitun, egiazko eztabaida eta parte-hartze prozesua abiatzea dela gaia, «gaur gaurkoz, bideratzeko berme bakarra».

Gaurko Udalbatzan honako gaiak eztabaidatuko dira: 2019ko Ordenantza Fiskalak behin betiko onar-tzea; Udalbatza osatzen duten zinegotzien zuzkidura ekonomikoak aldatzea eta onartzea, bidezko bada; Etxez-etxeko laguntza zerbitzuaren araudia eta honen prezio publikoa arautzen duen arautegia; III Berdintasun plana; Zumaiako emakumeon etxearen definizioa onartzea besteak beste.